Mendiko bizikleta

Legazpitik Tubobidera

p024 f02
p024 i01
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Legazpi, Trapaleta, Aizaleku, Otañu, Oazurtza, Barrendiola, Legazpi.
  • Distantzia: 37,5 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 45 minutu.
  • Estekak: Ibilbidea
Ivan Ruiz.
2023ko maiatzaren 16a
09:00

Urola eta Oria ibaien artean, ikuspegi ederrak dituen mendilerroa kokatzen da, Aizkorriko mendikatearen ipar magalarekin bat egiten duena. Gailur horien artean Trapaleta, Aizaleku eta Arranoaitz Euskal Herriko Mendien Katalogoan ageri direla aitzakiatzat hartuta, Legazpitik (Gipuzkoa) Tubobiderako bidea egingo dugu, gailur horiek ezagutu eta Legazpiko udalak 1930eko hamarkadan eraikitako ur hornidurarako tutueriaren bidea egiteko asmoz.

Legazpiko kiroldegian du hasiera gure ibilbideak; ibaiaren kontrako isurialdean ibilbide amaieran bizikleta garbitzeko lekua dugu. Herria zeharkatuta, paper fabrika zaharrera iritsiko gara, orain Txillida Lantoki museo bihurtua. Han, Urola ibaia zeharkatu, eta Atagoitiko gainara daraman pista segituko dugu; handik, PR eta GR margoak gidari, Irazolako lepora iristeko. Gure aurrean, xenda estu batek mendian gora zuzenean egiten du, Goitegimendira daramana lehenengo, eta Trapaletako postontzira ondoren. Xenda hego-ekialdera jarraituta, jaitsiera tekniko batek GR-286 bidera bueltan eramango gaitu, Irazolako baserri ederra bisitatu, eta Atagoitira bueltatzeko baliatuko duguna.

Errepidea kilometro eta erdi hego-mendebaldera jarraitu ondoren, ezkerrean egurra ateratzeko erabiltzen den bide zabala topatuko dugu. Igoera gogor horrek, zenbait bihurguneren ostean, Aizaleku seinalearekin markatuta dagoen xendara eramango gaitu. Hariztian barrena Aizaleku II eta I trikuharriak albo batean lagako ditugu, izen bereko gailurra zapaltzeko. Aizalekuko gurutzea, hurbil dagoen Gorostiaga mendikoaren erreplika da.

Txindoki aurrean dugula, beste jaitsiera jostagarri batek GR-286ra bueltatuko gaitu, Aztiriara daramana. Han, GR-283ra batuko gara, peabide zaharretik Zabaraineko lepora gora eginez. Peabideak, meategietatik burdinoletara burdinkia garraiatzeko erabiltzen ziren errege-bideak ziren. Lepoan, ipar-ekialdera doan bideaz baliatuko gara Aizpuruko gailurra basoan bilatzeko; ondoren, Zabarainera itzuli eta Otañura igoko gara, azken metroak bultzaka eginez; baina gailurrera iristean, Aralar, Aizkorri eta Durangaldeko gailurren ikuspegi ederraz gozatuko dugu.

Salibieta lepora jaitsitakoan, Kortaburu eskuinean lagako dugu, bidezidor eder batetik aurrera egin, eta pistarekin bat egiterakoan, igoerari ekiteko berriz. 778 metroko altueran gaudela ezkerrera biratuko dugu, Alustitzaingañako gailur belartsura iristeko. Pistatik jarraituz gero, gailurrak saihestu, eta ibilbidea errazteko aukera dago.

Hurrengo lepora jaitsi, eta Oamendira iristeko zelaian gora egingo dugu. Gailurrean izen bereko trikuharria eta aterpe irekia topatuko ditugu. Ia konturatu gabe, Arripillaeta gailurretik igaroko gara; trikuharri baten harri pilaketak ematen dio izena.

Pista zeharkatuko dugu ondoren, Irumugarrieta tumulo ondotik igaro eta Arranoaitzera igotzeko; ezin hobea da Aizkorriko mendilerroaren ikuspegia; merezi du.

Hurrengo oztopoa Usoko Zelaitik bultza egin beharreko aldapari aurre egitea izango da; Elortxikira iritsi, eta bere aterpe irekia bisitatzeko. Ormakio lepotik, Oazurtzako gailurrera joan-etorria egin ondoren, Intzuzaetako lepoan mendebaldera jo, eta PR-Gi3007 bidea jarraituko dugu, Tubobidean zehar gidatuko gaituena; agian, teknikoa da, baina benetan zirraragarria da.

Bide zabal batekin bide-gurutzea egiterakoan, Barrendiolako urtegira jaitsiko gara; errepidetik Brinkolara joan, eta, han, Urola ibaiaren ondotik doan bidea hartuko dugu. Errota eta burdinola zaharren artean Mirandaolako burdinolara eramango gaitu bide horrek; oraindik martxan ikusteko aukera dago. Handik, segituan bueltatuko gara Legazpira.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.