Mendi ibilaldia

Lindusko lepora, Urepeleko Gaineko karrikatik abiatuta

Paraje eder batzuetan barrena, bizkor egiten du gora Lindusko gailurreraino eramango gaituen bideak. Garai batean, militarren kokalekua izan zen, eta oraindik ere hor daude lubakiaren arrastoak. Aldudeko ibarra eta Orreaga ditu mugakide.

Lindus. Gaineko karrikako larreak eta basoak
Gaineko karrika auzoaren inguruko larreak eta basoak. GORKA LOPEZ
Iparraldeko ibilbidea. Lindus
  • Herrialdea: Nafarroa Beherea
  • Zailtasuna: Ertaina
  • Tontor eta leku izenak: Gaineko Karrika (Urepele), Sorogain, Bihurrietabuztanenea, Urtaraiko muinoa, Lindus
  • Distantzia: 16,8 km (940 m+)
  • Iraupena: 3 ordu eta 45 minutu
  • Ingurunea: Aldudeko ibarra eta Orreaga
  • Estekak: Ibilbidea
2025eko ekainaren 18a
05:00
Entzun 00:00:0000:00:00

Lindus aldean bat egiten dute gailur lerro batek baino gehiagok, eta, hala, talaia aparta da handik inguru zabal bat begiztatzeko, bai Pirinioen iparraldera, bai hegoaldera. Horregatik, ez da harritzekoa bere garaian gotorleku txiki bat jarri izana hor, laukizuzena, Konbentzioaren Gerran, Espainiako Independentzia Gerran eta Lehen Karlistaldian erabili zena. Orain bake-bakean dago, eta apenas ezerk aztoratzen duen hango lasaitasuna: ganaduaren joan-etorria beste mugimendurik ez dago, eta, garaia denean, uso ehizan dabiltzanen eskopeten hotsa, ehiza oso zabaldua baitago alde bateko eta besteko biztanleen artean.

Lehengo eta oraingo tiroak ahaztuta, Aldudeko ibarrean sartuko gara, eta errepidetik aurrera egingo dugu Gaineko karrika auzo txikitxora iritsi arte. Han, informazio panel bat ikusiko dugu Ezkabako gotorlekuko kartzelan preso errepublikanoek egindako zorigaiztoko ihesari buruzkoa: gauden tokian bukatu zitzaien ihesa muga gurutzatzea lortu zuten presoei. Gertakari historiko hori gogora ekartzen du GRT 225 ibilbide balizatuak. Handik abiatuko gara, baina beste aldera: hegoaldera.

Sorogaingo bidea

Gaineko karrikako azken etxaldeetan, ibaitik hurbil, bidea bitan banatzen da. Eskuinekotik joango gara, eta ibaia gurutzatuko dugu. Sorogaingo bidean gora egin, eskuineko bi bide atzean utzi, lehen bihurgunera iritsi, eta eskuinera joko dugu: lur bide bat hartuko dugu, GRT 225 ibilbideko balizak eta beste seinale laranja batzuk dituena.

Zelai bat gurutzatuko dugu bidezidorretik, pare bat ataka pasatuta. Bidexka bitan banatzen da zuhaizti batera iritsi baino lehentxeago; ezkerretara joko dugu, eta gorosti batzuk dituen pagadi bat zeharkatuko dugu lur bide zabal batetik.

Auzo bide batean gelditu, eta beste aldera segituko dugu. Gora joko dugu urki artean, eta belardiz betetako gain batera iritsiko gara.

Parez pare agertuko zaizkigu Lindusera iritsi aurreko mendiak, eta haietara joko dugu. Horretarako, aurrena mendi baten magaletik joango gara, arbola tartean gehienetan. Gaztainondo, haritz eta hurritz artean, baso barruko paseo zoragarri bat egingo dugu, maldarik gabe ia-ia. Handik gutxira, bidea bitan banatuko da: eskuinean, GRT 225 ibilbideak gora egiten du; ezkerrean, behera doa baliza laranjak dituen bidexka. Ezkerreko bidea hartu eta behera egingo dugu.

Helmuga, Lindus

Behealdean baserri bat dugula, bat egingo dugu ibai gaineko zubi batekin, baserriaren lurren mugak pasatu, eta, gurdibide batean 50 bat metro egin ondoren, Bihurrietabuztaneneko bidegurutzera aterako gara. Han, seinale batek Linduserako bidea markatuko digu, eskuineko pistatik.

Lur bide zabal horretatik abiatuta, pittin bat igoko gara ukuilu bateraino, eta, gero, bidezidor harritsu bati ekingo diogu. Mendi Artea bordaren parera iristean, bidea bitan banatuko zaigu, eta eskuinetara joko dugu. Bordako atetik hurbil igaro, eta goraka hasiko gara zuzen-zuzen, Lezetako kaskoko harkaiztien aldera, baina ez gara haietan sartuko, baizik eta haiek inguratuko, eta ondoko muinoan gora joango gara: Urtaraiko muinoa da.

Bide zabal horretatik segituko dugu, Lupuzuriko kaskoa ez baizik beste aldeko magala zeharkaturik, eta hura eskuinetara geratuko zaigu. Bidea erraza eta erosoa da. Lindusen eta Lupuzuriko kaskoaren arteko sakanaren gainetik pasatzen da, aldapa txiki batzuetan gora eta behera. Pago lerro bat zeharkatuko dugu, pistaren sigi-sagei jarraitu, eta Burdinkurutzeko muinora iritsiko gara. Han, bide asfaltatu bat aurkituko dugu; hura baztertuta, eskuinetara egingo dugu, usategien lerroari segitu, magal koskaduna gainditu, eta Lindusko lubakian egongo gara, ikuspegi eder baten aurrean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.