Karaitzezko mendilerro hau Aralar iparraldetik abiatzen den adar bat da, eta Oriako haranean barneratzen da. Alde batera, Amezketa eta Bedaioko lurrak daude, eta beste aldean, Lizartza eta Araxesko haran sakona. Ingurumen aldetik polemikaz inguratutako haranak dira, Leitzarango autobidearen alternatiba Araxes aldean, eta Bedaio eta Alegi inguruan abiadura handiko trenaren (AHT) ibilbidea orain. Horien erdian, Altzoko harrobia, etorkizunean bi haranak lotuko dituena, oraingo martxan segitzen badu behintzat.
Tolosatik Nafarroara doan harana dugu abiapuntu. Illarratzuko antzinako muga gunean, mikeleteen etxe bat eta beste eraikin batzuk daude, Araxes errekaren ondoan. Zirkulazioa ugaria da, eta ez da hain urruti gelditu autobide polemikoak sortu zuen zalaparta. Autobidearen ibilbideen ezbaian, haran bati egin zioten kalte, bestearen mesedetan. AHTren proiektuan kontu bera planteatu dute. Batek daki nondik joango den Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko pasabidea. Gogoeta horiek buruan abiatuko gara mendian gora. Illarratzura heltzeko, Roncalesa autobusaren zerbitzua erabiliko dugu, eta han Araxes erreka zeharkatuko dugu.
Baso pista batek zuzen samar eramango gaitu Añiko lepora; gorantz batzuetan, erreka zuloaren altzotik, eta besteetan mendi hegitik. Ibilbide osoan basoa nagusituko da, koniferak aurreneko zatian, pagadia gero. Horrela aterako gara Añiko lepoko atakara. Seinale batzuek hainbat norabidetara zuzenduko gaituzte. Zarateko lepotik Aralar, Bedaio eta Araitzeko ibarrera joateko. Eskuinera, berriz, Laparmendi, Otsabio eta Altzora joateko. Bagoaz ba!
Azken urteetan ehiztariek dorre ugari eraiki dituzte mendi gainalde hauetan, 30 edo 40 inguru, guztiak metalezkoak. Beraz, udazkenean joanez gero tiro hotsak ziurtatuta daude. Mendian gora egin ahala, dorreoiak nonahi. Guda garaiak dakartzate burura, eta Asiako paraje bitxiak ere bai: Azerbaijan, Kurdistan edo Irango lurrak.
Pagadiko labirinto horietatik jarraituko dugu Laparmendiko mendiaren bila, ibilbide osoan izango dugun soilgune bakarraren bila. Bertara heldu baino lehen, trikuharri batzuk ikusteko aukera izango dugu. Karaitzak agertzen direnean agertzen da Laparmendiko tontorra, bere 812 metroekin. Hego-mendebalderako ikuspegia du soilik, Aralar eta Goierriko parajeetara.
Laparmenditik Otsabiora joateak gorputza astinduko digu benetan; haitzez haitz ibiliko gara. Araxes alderako ikuspegia oso zati gutxitan izango dugu. Lur eremu horiek kontrabandorako erabiltzen zituzten.
Mendilepo baxu batek erreferentzia bat markatuko digu: ezkerretik pista bat abiatzen da beherantz. Otsabioko erpina gertu dugu hemendik, eta ikuspegia, berriz, mugatua da. Beherantz goazenean, alertzez landatutako landa batean utziko dugu karaitzezko eremu hori. Altzo herrira iristeak ez du zailtasun handirik. Bidezidorra pinu pista utzi eta beheko aldean ageri da. Baserri, landa eta soroen ikuspegia berreskuratuko dugu.
Baserriz baserri errepide nagusira helduko gara, eta hortik bi aukera ditugu: Txaramara jaitsi eta handik Tolosara joatea da bat, eta Altzo Muñora joatea eta gero Alegira heltzea bestea.
Mendi ibilaldia
MENDIA. IBILBIDEAK. Laparmendi eta Araxesko gailur eta oihanak
Fitxa teknikoa
- Herrialdea: Gipuzkoa
- Zailtasuna: Ertaina
- Tontor eta leku izenak: Lizartza, Illarratzu, Añi, Laparmendi, Otsabio, Altzo Muño
- Distantzia: 11,5 km.
- Iraupena: 3 ordu et 15 mn.
- Ingurunea: Leitzarango autobidea lehen, AHTren ibilbidea ondoren. Polemia iturri izan dira urtetan inguruok ingurumenari dagokionez.
- Estekak: Ibilbidea
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu