Haurrekin

Muesko gainak

San Gregorio Ostiakoaren baseliza barrokoa eta forma bereziko harkaitz handi eta bertikalak dira paisaia honen bereizgarri nagusiak. Berrotzako harana hegoaldetik ixten duten San Gregorio mendilerroan ibiliko gara.

San Gregorioko monolitoak, Muesko gainean
San Gregorioko monolitoetako bat. MIKEL ARRIZABALAGA
Nafarroako ibilbidea. Mueseko gainak
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Oso erraza
  • Tontor eta leku izenak: Mues, San Gregorioko monolitoak, Piñalba, San Gregorio Ostiakoaren basilika, SL-Na 188 bidezidorra, Aldapako Ama Birjinaren ermita
  • Distantzia: 5 km
  • Iraupena: 1 ordu eta 40 minutu
  • Ingurunea: Berrotza harana
  • Estekak: wikiloc: Muesko gainak
mikel arrizabalaga
2024ko otsailaren 7a
05:00

Congostoko pasabidean Odrón ibaiak banatzen dituen San Gregorio eta Cábregako mendilerroek Berrotzako harana ixten dute hegoaldetik. Garaiera gutxiko mendikateak dira, baina San Gregoriokoa da ezagunena, haren gainean San Gregorio Ostiakoaren basilika ezaguna altxatzen baita. Mendilerroko paraje hauetan, artez, erkametzez, txaraz, ezpelez eta pinudi berritzeren batez osatutako mendia da nagusi. Segidan proposatzen den ibilbideak, bi elementu interesgarri bisitatzeko aukera emango digu. Lehenik, Piñalba gainean dagoen San Gregorio Ostiakoaren baseliza barrokoa eta, bigarrenik, forma bereziko harkaitz formazioak, haitz handi eta bertikalak, elkarren gainean kolokan ez erortzeko oreka mantentzeko justu.

Muesko Santa Eugenia elizaren ondoan emango diogu hasiera ibilaldiari. Herriko beste eraikin asko bezala, harea gorriz altxatutako eraikin erlijioso hau gotikoaurreko estiloko eraikina da, XVI. mendetik XIX. mendera bitartean handitu eta berriztatua. Etxeen artean, maldan gora herriko gainaldera aterako gara, eta bertatik ateratzen den bide zabalean zehar berehala helduko gara iturri baten eta ur biltegi baten ondora. Lurrezko pista zabalak bidegurutze batera eramango gaitu, eta, bertan, harri pilo batek erakutsiko digu zer bide hartu behar dugun.

Mendiaren magalean marrazten den xenda estu batek, Berrotza haranaren eta Kodes mendilerroaren ikuspegi zabala eskaintzen digun bidegurutze batera eramango gaitu. Monolitoen aldera zuzentzen den bidezidorra hartu (Monolitoen Xenda), eta emeki-emeki altuera irabazten hasiko gara. Harrizko erraldoiz inguraturik, Pazko uharteko moaia itzelez inguraturik gaudela irudituko zaigu. Ezagunenak diren bi monolitoei bizkarra eman, aurrera egin, eta berehala helduko gara Peña del Gatora. Handik gertu, aparkaleku gisa egokitutako zabalgune bat dago segidan, eta hara jaitsiko gara, eta, aurrez aurre, lehen planoan ikusiko dugu San Gregoriori dedikatutako basilika, eta harantz joko dugu.

San Gregorio Ostiakoa

Sorlada herritik igotzen den errepidera iristean, metro gutxi batzuk bete beharko ditugu, basilikaren ondoan dagoen Piñalbako tontorra den haitzera iristeko. San Gregorio Ostiakoaren basilika Nafarroako eraikin barroko garrantzitsua da. Kondairak dionez, San Gregorio Ostiakoaren apezpikuaren gorpua asto baten gainean eraman zuten Logroñotik, eta asto hori arduratzen zen santuaren gorpuzkiak non pausatu behar ziren zehazteaz. Piñalba gainean gelditu zen, eta han eraiki zen inguruan ezagun egin zen ermita. Ondoren, basilika eraiki zen, XVII. mendean, santuak otarrain izurrite batetik libratu baitzuen Nafarroa. Soroen babesle bihurtu zen, izurriteen eta lehorteen aurkakoa. Hortik dator haren erlikia herri askotatik paseatzeko eta ura burutik pasatzeko ohitura, eta ondoren sorora botatzekoa, uzta ona ziurtatze aldera.

Apezpikuaren irudia duen iturriaren ondotik igaro, eta hasieran ikusgaitz den xenda batetik jaisten hasiko gara, basilikaren eta Guardako Ama Birjinaren ermitaren arteko leporaino. Errepidea gurutzatu gabe, SL-Na 188aren bide seinale zuri eta berdeek erakutsiko digute Mues herrira itzultzeko bidea. San Gregorio mendilerroaren magalean marrazten den bide balizatu honetatik erraz galduko dugu altuera, eta, herrian sartu aurretik, Aldapako Ama Birjinaren ermitara ailegatuko gara, XVII. mende amaierako edo XVIII. mende hasierako eraikuntza barrokoa.

Ermitara igotzeko dagoen aldapatik jaitsi, eta abiapuntura itzulikoa gara, baina, aurrez, herriaren sarrera dagoen erromaniko berantiarreko Magdalena Ama Birjinaren ermita bisitatuko dugu. Antza, izatez, legenarra zuten gaixoak artatzeko ospitalea zen. Atzera egin eta, herrian bertan, elizaren ondoan dagoen parkea bisitatuko dugu, Pablo Nogales eskultore autodidaktaren eskultura ederrez osatutakoa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.