Muskildako Andre Mariaren baseliza izen bereko mendiaren gainean dago, Otsagabian (Nafarroa). Hara heltzeko, kotxez ez ezik, oinez ere joan daiteke herrian bertan dagoen antzinako hainbat bidetatik. Ibilbide zirkular honen lehen tartea Iratiko oihanera daraman bide zaharretik beteko dugu, eta itzulera, berriz, herritik baselizaraino zuzenean igotzeko herritarrek erabili ohi duten gurutze bideari jarraituz osatuko dugu. Ibilbide osoa SL-NA 65 zidorraren marra zuri-berdez balizaturik dago.
Zaraitzuko ibarreko Otsagabia herri ikusgarrian emango diogu hasiera ibilaldiari. Herriko kale harriztatuetatik berehala iritsiko gara San Joan Bataiatzailearen elizaren ondora. Hori utzi, eta herriko azken maldan dauden etxeen artean abiatuko gara bidegurutze batera heldu arte. Baselizara igotzeko dauden bi aukeren artean, ezkerretik abiatzen dena aukeratuko dugu (SL-NA 65-Iratiko bide zaharra), eta eskuinekoa (SL-NA 65 eta GR-11) itzulerarako utzi.
Basoan barrena doan bidezidor estutik (Intxusdoiako bidea), inguruko landarediari eta zuhaitz barietateei buruzko argibide taulak ikusiko ditugu. Xenda amaitu, baso pistara iritsi eta hurrengo bi kilometroak pagadian beteko ditugu. Bidearen ezkerraldetik metro gutxi batzuk jaitsi, eta aska txiki bat duen iturburua aurkituko dugu. Bide nagusira itzuli, eta aurrera egingo dugu; altuera irabaziko dugu pixkanaka. Basotik atera eta leku zelai batera ailegatzean, inguruko mendi tontorren ikuspegi bikaina izango dugu: Berrendi, Idorrokia eta Abodi tontorrekin batera, Tapla eta Alforjetako pasabideak ere ageri dira. Puntu honetan, bat egiten dute SL-NA 65 eta GR-11 (Hiriberri-Otsagabia) ibilbideek. Hemendik aurrera, eta abiapuntura itzuli arte, gure ibilbidea hiru kolorez (zuri-gorri-berde) balizaturik izango dugu.
Aurrera jarraitu, baso pistatik errepidea zeharkatu, eta berriro basoan murgilduko gara. Bertatik Muskildako baselizara erraz ailegatuko gara, azken zatia errepidetik ibiliz. Muskildako Andre Mariaren baseliza ederra XII. mendekoa da, erromanikoa, eta Nafarroako Antso VII.aren erregealdian eraiki zutela uste da. XVII. mendearen erdialdean zaharberritu eta elementu berriak gehitu zituzten, hala nola sakristia. Kontrahorma lodiek hormei eusten diete, eta bi sarrera ditu, hegoaldera eta mendebaldera begira. Ate nagusia erromanikoa da. Lau angeluko dorrea nabearen azken atalaren gainean eraikia dago, eta teilatu konikoa du, zurezko teilaz egina, eskualdeko eraikuntzen estilo tradizionalari jarraikiz. Horma hobi nagusian, Muskildako Ama Birjinaren irudia dago, haranaren zaindariarena, estilo erromaniko berantiarrekoa edo gotikoaren hasierakoa (XIV. mendearen amaiera).
Multzo arkitektonikoak ermitauarentzako etxe bat eta kapilauarentzako beste bat ere baditu. Harrizko harresi txiki batez inguraturik dago multzo osoa. Santutegia patronatu laiko batek gobernatzen du. XVII. mendean hainbat auzi izan zituen elizaren hierarkiarekin haren nagusitasunaren gainean, oparoaldi ekonomikoaren ondorioz. Antza denez, gotzain batek patronatuko kontuak gainbegiratu nahi izan zituen, eta bertako kideak horren aurka agertu ziren. Horren ondorioz, eskumikatu egin zituzten, eta Otsagabiko bizilagunak, berriz, eskumikatzeko mehatxupean beldurtu.
Abiapuntura itzultzeko, patronatuko etxeak duen gangadun tunela zeharkatuko dugu, baselizarako sarbide nagusia. Otsagabiko San Joan Bataiatzailearen elizarekin lotzen duen antzinako bide tradizionaletik jaitsiko gara hortik, 14 geltokik markatutako gurutze bidetik. Bide harriztatutik herrira heldu aitzin, 1794an suntsitutako Santa Kruz baselizaren hondakinen ondotik igaroko gara. Otsagabia Nafarroako Pirinioetako arkitekturaren adibiderik onena da: merezi du harrizko Erdi Aroko zubiak lotzen dituen bi aldeetako kale harriztatuetan ibiltzea, eta haietan dauden etxe ederrez eta bi eta lau isurialdeko teilatu lauez gozatzea.