Neguko triatloia

Oronoz eta Orduna garaile Erronkaribarren

Erronkaribarreko XI. Neguko Triatloia jokatu da pasa den larunbatean, elur faltagatik hilabete pasatxo atzeratu ondoren. Enara Oronoz eta Xabier Orduna nafarrak gailendu dira proban.

Enara Oronoz garaile helmugaratzen. PABLO ROA
ramon olasagasti
2023ko otsailaren 27a
17:28
Entzun

Erronkaribarreko Neguko Triatloiaren hamaikagarren edizioa egin da pasa den larunbatean. Gainera, diziplina horretako Nafarroako Txapelketa eta Euskadiko Txapelketa izan da proba.

Kategoriaren arabera (gizonezkoak, emakumezkoak eta erreleboak) mailakatutako irteera baten ondoren, kirolariak lasterkako sektoreari ekin zioten (7,85 km). Oso azkarra izan zen korrikako sektorea; izan ere, Izabako herrigunea negu-neguko baldintzetan dagoenez, errepidean egin zuten sektore hori, eta triatletek ordu erdi eskasean osatu zuten korrikako saioa. Ondoren, bizikletak hartu eta Izabatik Ferialeko eski pistetara igo ziren, 22 km-ko ahaleginean, eta, azkenik, 10 km osatu zituzten eskiatzen.

Nesketan, Enara Oronoz nafarra (Saltoki Trikideak) gailendu zen. Hasiera-hasieratik aurre hartu zien Oronozek lehiakideei, eta buruan egin zuen lasterketa guztia. Podiuma Henar Etxeberria (Hiru Herri A.T.) eta Aiara Garaialde (Estudener Triatlón Europa) triatletek osatu zuten.

Mutiletan, proba oso lehiatua izan zen hasiera-hasieratik, eta ez zen erabaki eski sektorera arte. Xabier Orduna nafarra (CD Aoiz) izan zen azkenik irabazlea. Bizikletako sektorean atzetik aurrerako lasterketa itzela eginez, hirugarren iritsi zen eskiko trantsiziora. Iraupen eskian, berriz, indartsuena dela erakutsi zuen, eta aurreko biak atzean uzteaz gain, partaide guztien artean denborarik onena egin zuen. Bigarren Mikel Ibergallartu (Saltoki Trikideak) izan zen, proba ia osoan buruan joan eta gero, eta hirugarren, Miguel López Franco (Stadium Casablanca Mapei) aragoiarra.

Erreleboetako proba arrakastatsua

Erreleboetako proban, lehian bai, baina modu lasaiagoan eta gozatzen aritu ziren triatloilariak. Hiruko taldetan banatuta, kide bakoitzak sektore bat egin zuen, eta lagunari lekukoa eman. Alde horretatik, aurtengo edizioa arrakastatsuenetako bat izan da modalitate honetan, guztira 13 taldek parte hartu baitute. Erronkaribarreko bertako biztanleen artean ere giro polita sortu du modalitate honek: goiko bideoan duzue ibarreko hiru biztanleren partaidetzaren inguruko lekukotza.

SAILKAPENAK
Nagusia
Emakumezkoak

1.- Enara Oronoz (Saltoki Trikideak) 2.22:01
2.- Henar Etxeberria (Hiru Herri A.T.) 2.34:43
3.- Aiara Garaialde (Estudener Triatlón Europa) 2.37:09

Gizonezkoak
1.- Xabier Orduna (CD Aoiz) 2.01:25
2.- Mikel Ibergallartu (Saltoki Trikideak) 2.04:29
3.- Miguel López Franco (Stadium Casablanca Mapei) 2.05:55

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.