Eskalada

‘Petrel’, Larrunarriko beste bide historiko bat

Mende erdia bete da Alberto Cabezon eta Jesus Mari Rodriguezek Txindokiren hego-mendebaldeko hormetan bide hori zabaldu zutenetik. Lau luzeko bidea da, eta gehienez ere V zailtasunekoa.

Txindoki edo Larrunarriren hego-mendebaldeko aurpegia
Bidearen bigarren luzean. XABIER MUJIKA
Eskalada. Petrel bidea
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Larrunarri (Txindoki)
  • Ingurunea: Aralar
  • Estekak: Ibilbidea
Xabier Mujika.
2024ko urriaren 2a
05:00

Alberto Cabezon eta Jesus Mari Rodriguezek 1974an Petrel bidea ireki zutenean, ez dakit Julio Villarrek idatzitako Eh Petrel liburua gogoan izan zuten, Villarren ezinbesteko liburu zoragarrian kontatzen den bidaia 1972an amaitu zelako. Rodriguezek berak 1979an idatzitako Ascensiones y escaladas de Guipúzcoa liburuan ez du argitzen misterio hori. Materialaren eboluzioak eskalada dezente «erraztu» badu ere, liburu horretako argazki zaharretan ageri diren larruzko bota zurrunak ikustea nahikoa da eskalatzaile haien aurrean txapela kendu eta eskalada bide horiek umiltasun osoz begiratu eta eskalatzeko.

Bidearen datu batzuk

- Luzera: 90 metro + 25 metro gehiago Mailenka bidearen lehen luzea eskalatzen badugu.
- Luze kopurua: 4, Mailenka bidearen lehen luzea eskalatzen badugu.
- Nork irekia: Alberto Cabezon eta Jesus Mari Rodriguezek 1974ko ekainaren 2an. Urtebete beranduago, 1975eko ekainaren 22an, bi eskalatzaile horiek azken luzeko irteera zuzena ireki zuten.
- Zailtasuna: IV edo V irteera zuzenetik. Luzez-luze: 1L: III+ (25 m) 2L: IV (35 m), 3L: IV (30 m) eta 4L: IV (25 m) edo V (25 m) irteera zuzenetik.
- Orientazioa: Hego-mendebaldea. Udan bero handia pasa daiteken arren, goizean goiz itzalpean dago.
- Ura: Hurbilketa nondik egiten den arabera, Larraitzen edo Oria iturrian hartu daiteke.
- Hurbilketa: Larrunarrira doan ohiko bidea hartuko dugu. Langa bat pasatu ondorengo pinudia amaitzen den lekuan ohiko bidea utzi, eta zelaian gora hasiko gara, hormara zuzenduz. Autoa uzten den lekutik bidearen oinera ordu eta laurden inguru pasatuko dugu lasai igota. Beste aukera bat Tximista bidetik igotzea da, eta, luzeagoa bada ere, Oria iturrian zintzurra freskatzeko aukera izango dugu.
- Jaitsiera: Hiru aukera ditugu: Mailenka bidea rappelean egitea, Arrastrakulos kanaletik jaistea, edo ipar-mendebaldeko gandorrari jarraitu eta, Erlabeltzeko puntatik pasatuz, Larrunarriko gailurrera iritsi eta bertara iristen den ohiko edozein bidetatik jaistea.
- Materiala: 60 metroko bi soka, luzera ezberdineko 6 express zinta, eta bilguneak muntatzeko luzera ezberdinetako zinta uztaiak. Friend sorta bat ongi etor daiteke aseguruen arteko tartea luzea baita.
- Denbora: Ordubete eskas lasai ibilita.

Deskribapena

Lehenengo luzea, 25 metro, III+ (Mailenka bidekoa). 

Harkaitz plaka etzan bat eskalatuko dugu (III). Sabai batera iristerakoan, eskuin aldetik saihestuko dugu, arraila sistema bati jarraituz (III), erlaitz eroso batera igo arte. Koska txikiz betetako harkaitz plaka inklinatu eta motz bat eskalatuz (III), lehenengo bilgunera iritsiko gara.

Bigarren luzea, 35 metro, IV.

Bilgunetik ezker aldera harkaitz plaka inklinatu bat eskalatzen hasiko gara (III). Lehenengo paraboltetik zuzen jarraituko dugu, pixkanaka tentetuz eta heldulekuak gutxituz doan harkaitz plaka batetik (III). Bigarren paraboltera iritsi baino lehen, IV- inguruko pasagune bat dago. Horren gainetik, belarra duen zati bat eskuin aldetik inguratzen hasi, eta zuhaixka bat duen beste belar zati nabarmen batera joko dugu (III). Zuhaixkaren eskuin aldera pasatu, eta bertan dagoen harkaitz plaka inklinatua eskalatzen jarraituko dugu, horma bat topatu arte (III+). Ezkerraldera pare bat metroko zeharkaldi horizontala egin, eta, helduleku on eta puntaduneko hormatxo bat eskalatu ondoren, bilgunera iritsiko gara (IV).

Txindoki edo Larrunarriren hego-mendebaldeko aurpegia
Txindoki edo Larrunarriren hego-mendebaldeko aurpegia eta 'Petrel' bidea. XABIER MUJIKA
Hirugarren luzea, 25 edo 30 metro, IV.

Bilgunearen eskuinean dagoen arrail nabarmena eskalatuko dugu (IV). Bigarren paraboltaren parean, arraila bitan banatzen da, eta bertan erabaki bat hartu beharko dugu: irteera zuzenetik edo jatorrizko irteeratik?

Irteera zuzenera iristeko, ezkerreko arraila eskalatu (IV) eta harkaitz plaka bat ezkerraldera eskalatzen jarraituko dugu (III+), hormatxo batera zuzenduz. Hormatxoaren eskalada ez da zaila (III), baina oina asko altxatzea eskatuko digu bilgunearen babesera iristeko.

Laugarren luzea, irteera zuzena, 30 metro, V.

Bilgunetik gora dagoen harlauzak osatzen duen arrail motza eskalatuz (III+), harkaitz plaka inklinatu batera igoko gara (III+). Horma bertikalaren azpitik ezkerraldera 2-3 metroko zeharkaldi horizontal bat egin (III+), eta zuzen jarraituko dugu eskalatzen. Lehen metroek zertxobait atzeraka botatzen dute, baina helduleku onak dituzte (IV+). Horma babesten duten bi parabolten arteko 5-6 metroetan dago pasagunerik zailena (V). Bigarren paraboletik gora zailtasuna zertxobait jaisten da, baina, bilgunera arte parabolt gehiago ez daudenez, burua hotz mantendu beharko dugu (IV).

Jatorrizko irteerara iristeko, hirugarren luzeko arrailaren eskuineko arraila eskalatu (IV), eta eskuinalderako noranzkoan jarraituko dugu helduleku oneko harkaitz plaka inklinatu batetik (IV), parabolt bakarti batera zuzenduz. Paraboltetik gora zuzen jarraituko dugu harkaitz plakatik (IV), diedro baten azpira iritsi arte. Diedroa eskalatuta (IV-), erlaitz belartsu batean dagoen bilgunera iritsiko gara.

Laugarren luzea, jatorrizko irteera, 25 metro, IV.

Bilgunearen ezkerrean dagoen arraila eskalatuko dugu (III+ hasieran, gero IV). Lehenengo paraboltetik ia metro pare bat gehiago igo, eta, ezkerraldera zeharkaldia eginez, hormaren ezkerrean dagoen harlauzara igoko gara (IV). Bigarren, eta azken, paraboltetik gaineko lehen 3-4 metroak bertikalak dira, baina autobabeserako aukera handiak daude (IV). Erlaitz txiki batetik gora, horma zertxobait etzaten da bilgunera arte (III+).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.