Mendiko bizikleta

Sakanatik 'bikepacking' zeharkaldia

Bi eguneko ibilbide hau Altsasun hasiko da, eta Ataun-Burunda, Aralar, Andia eta Urbasako mendilerroetan zehar eramango gaitu, 'bikepacking' eran eta behar dugun guztia gainean dugula. Ibilbide gogorra bezain ederra da.

Urbasako pagadiak bizikletan
Urbasako pagadiak dira ibilbide honen altxorretako bat. IVAN RUIZ ROTAETXE
BTTko ibilbidea. Sakanatik bikepacking zeharkaldia
Ibilbidea (.gpx)
  • Herrialdea: Nafarroa
  • Zailtasuna: Oso zaila
  • Tontor eta leku izenak: Intzako Dorrea (Soilabizkargaina), Beriain
  • Distantzia: 120 km (3000 m+)
  • Iraupena: 13 ordu 10 minutu (bi etapatan banatuta)
  • Ingurunea: Aralar, Ataun-Burunda, Andia, Urbasa
  • Estekak: Altsasu
Ivan Ruiz.
2023ko azaroaren 29a
05:00

Zeharkaldi eder bat egiteko ez dago ez egun askoren premiarik, ezta urrun joateko beharrik ere. Bi egun ditugu gure esku abenturaz gozatzeko, eta, Trans Euskal Herriaren ibilbidea oinarri hartuta, zeharkaldi polita diseinatu dugu Altsasu abiapuntu hartuta.

Lehenengo etapa

Dantzalekuko parketik lehenengo pedalkadak emanez, Sarabeko harana, jentilen bizilekua, zeharkatuko dugu. Goiko-Arrateta zeharbide estua atzean utzita, Bernoako mandazainen galtzadarekin bat egingo duen bidean gora egingo dugu gero, pagadian barrena.

Portuzargañe eta Intsusburuko trikuharriak atzean utzita, azken horren izen bereko gailurrera igoko gara (945 m.), Aizkorriko mendilerroaren ikuspegi ederrarekin. GR-282 Artzaintzaren ibilbidea gidari, Txaradigorriraino jarraituko diogu trikuharriz josita dagoen mendilerro gora-beheratsuari. Mintegitxutako lepoan Lizarrustira daraman jaitsiera teknikoa topatuko dugu.

Lizarrustin Lareoko urtegira daraman egur-tren zaharraren bideari jarraituko diogu; giro ederra du Alleko mendiaren magalean esekitako xenda honek!

Mendiko bizikletan Lizarrusti inguruan (Aralar)
Lizarrustiko tren zaharraren bidea, Alleko mendiaren magalean esekita. IVAN RUIZ ROTAETXE

Urtegiari bira eman eta Baiarrateko zeharbidea igarota, Enirioko bidean gora egingo dugu. Aldapa gogorra da, eguneko erronkarik handiena, Errenagako aterpeetara eramango gaituena. Gure kasuan, bertatik, Intzako Dorrea/Sollazbizkargañara (1.430 m.) igotzea erabaki genuen, oinez errazago izango zen, baina Aralarreko gailurrik garaienera bizikletarekin igotzea erronka ukaezina zen. Gaua Errenagako aterpe librean igaroko dugu; iturri bat hurbil izanda, beharrezko erosotasuna topatuko dugu ondo lo egiteko.

Bigarren etapa

Eguneko lehenengo argitan, Aralarreko Guardetxeko aparkamendurako bidea hartuko dugu, harkaitzez jositako zelai eta baso berdeen artean (GR-282). Ondoren, errepideko portuan gora eginez, Done Mikel Aralarkoaren Santutegira helduko gara; Sakanako behatoki ezin hobea.

Huartera jaisteko, Trailforks webgunean ageri den Gorria sup xendaren lehenengo zatia erabiliko dugu, gogor xamarra zorroekin egiteko; balaztak zaintzea garrantzizkoa izango da.

Uhartera iritsitakoan, supermerkatuan erosketak egiteko aukera dugu; merezitako hamaiketakoa egiteko. Garrantzizkoa izango da indarrak hartzea Arruazu, Lakuntza eta Arbizu zeharkatu ostean, Unanutik Beriainera eramango gaituen igoera luzeari aurre egiteko.

Pista honek Lezizagoaren hego magala zeharkatzen du pagadian barrena, zelai batzuetara iristen den arte. Han, beste pista batekin bat egin eta ezkerrera jarraituz, mendebalderantz biratuz joango gara, Euskal Herriko Erdigunetik hurbil igarota. Gailurrera iritsiz goazen neurrian, bidea gogortuz joango da, eta, San Donatoko baseliza eta aterpearekin topo egitean, merezitako saria jasoko dugu (Beriain 1.493 m.).

Egindako bidetik itzuliko gara atzera, eta Andia mendilerroa sortaldetik sartaldera zeharkatuko dugu, Sarasako Sakanaren lautada ederretik, Lizarragako portura iritsiko garen arte.

Bertan, kafesne bat edan, zeozer jan, eta aurrera jarraituko dugu, ekialdetik mendebaldera beste behin, oraingoan Urbasa zeharkatzeko asmoz. Hala, garai batean Zunbeltzeko benta zegoenaren ondotik doan galtzada erromatarra zeharkatuko dugu, hurrengo bidegurutzea Tximistako aparkalekuan topatuz.

Hor, eskumara Otsoportilloko leizera eramango gaituen pista hartuko dugu. Gerra Zibileko hainbat errepresaliatuen gorpuzkiak bertan jaurtiak izan ziren...

Jadanik Urbasako portura heltzea besterik ez zaigu falta, eta, handik, errepidean behera eginez, Altsasura iristea; abentura bikain honen helmuga.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.