Mendi ibilaldia

San Martzialgo talaia

Irundarrentzat funtsezko erreferentzia den ermitaz gain, Meaka auzoan dauden Arantzateko burdinola eta dorretxea ezagutuko ditugu ibilaldi honetan.

Txingudiko badiaren ikuspegi zabala San Martzialgo ermitatik
Txingudiko badiaren ikuspegi zabala San Martzialgo ermitatik. MIKEL ARRIAZABALAGA
Gipuzkoako ibilbidea. San Martzial (Irun)
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Erraza
  • Tontor eta leku izenak: Meaka-Ibarla, Arantzateko burdinola, Arantzateko dorretxea, Berroa erreka, bunkerra, Saroiako lepoa, San Martzial tontorra, San Martzial ermita, Aldabe baserria, Bordatxuri baserria.
  • Distantzia: 7,2 km
  • Iraupena: 2 ordu
  • Ingurunea: Txingudi badia, Aiako Harria
  • Estekak: San Martzialgo talaia
mikel arrizabalaga
2024ko ekainaren 26a
05:00

Aiako Harria parke naturalarekin muga egiten duen paraje honek, Arantzateko burdinola eta dorretxearen hormatzarretako historia gogora ekartzeaz gain, Txingudiko badiaren aldera dagoen ikuspegi eder eta zabalaz gozatzeko aukera ematen du, 1522an San Martzialgo bataila ospatzeko eraikitako ermitaren talaiatik. Bide batez, Berroa errekak zeharkatzen duen haran txikia ezagutzeko parada izango dugu.

Irungo Meaka auzoan emango diogu hasiera ibilaldi zirkular eta interesgarri honi. Autoa aparkatu, eta errekaren beste aldean hedatzen den bidegorritik —bizikletentzat eta oinezkoentzat soilik— erraz helduko gara Ola sagardotegiaren ondora. Sagardotegi hori 1999. urtean inauguratu zuten, baina berez zaharragoa da: XIII. mendean eraikitako burdinola izan zen, Arantzateko burdinola, hain zuzen ere. Gaur egun, hiru metro zabal diren kareharrizko hormak ederki kontserbatzen ditu.

Aitzondoko ur jauziaren aldera eramaten duen ibilbide balizatua (SL-Gi 1006) utziko dugu segidan. Ezkerraldetik, Berroa aldera sartzen den errepidetik berrehun metro eskas egin eta gero, XV. mendeko Arantzateko dorretxearen ondora helduko gara. Dorretxeen ezaugarriekin bat datorren eraikin exentua da. Beheko solairuan ukuilu gisa erabiltzen zen gelaz gain, beste bi solairu eta ganbara bat ditu, lau isurkiko egurrezko teilatu batez estalirik. Dorretxean ikusten den armarria Urdanibia jauregian eta Ospitalean ikusten den bera da, etxea Pedro Urdanibiarena baitzen. Bi garai desberdinetan eraikia izan zen: beheko solairua eta lehena sorrerako kuboari dagozkio, XVI. mendekoak; goiko beste biak, berriz, XVII. mendean egindako eraberritze fase bati dagozkio. Egun etxebizitza modura erabiltzen da.

Paraje hauen historiaren lekuko izan diren Arantzateko burdinola eta dorretxea atzean utzi, eta aurrera egingo dugu. Ehun bat metro errepidetik egin, eta lehen bidegurutzera helduko gara. Ezkerraldetik ateratzen den porlanezko pistari zabalean jarraitu, eta, aurrerago aurkituko dugun beste bidegurutze batean, hiru bideen artean erdikoa aukeratuko dugu, Saroiako leporaino eramango gaituen lurrezko pista, hain zuzen ere.

Berroa errekaren paraleloan hedatzen den pista zabal eta erosoak bunker baten aurrien ondora eramango gaitu. Pixkanaka geroz eta altuago ibiliko gara. Maldaren azken zatian, Saroia baserriaren ondoan dauden iturriaren eta askaren ondotik pasatuko gara, izen bera duen leporaino igotzeko. Bidegurutzera ailegatzean, GR-11, 121, 285 ibilbide balizatuen seinale zuri-gorriek erakutsiko digute zer bideri jarraitu. Malda motz eta piko batek ehiza postuz beteta dagoen basoraino eramango gaitu, eta, horien artean, antena erraldoi baten ondoan dagoen Martzialgo tontorrera igoko gara.

Interesik ez duen tontor desitxuratua atzean utzi, eta beherago dagoen atsedenguneraino jaitsiko gara. GR-11 (Pirinioetan zeharreko ibilbidea) eta GR-121 (Epaipide ibilbidea) banatzen diren bidegurutzean, ezkerrekoa aukeratuko dugu, eta aurrez aurre ikusiko dugun San Martzialerantz doan bidean jarraituko dugu. Aldapa txiki batek ermitaren ondora eramango gaitu, eta, haren ondoan dagoen talaiatik, Txingudiko badiaren ikuspegi osoaz gozatzeko aukera paregabea izango dugu.

1522ko ekainaren 30ean frantsesen aurka lortutako garaipena ospatzeko eraiki zen ermita. Jatorrizko ermita suntsitu egin zen 1796an, tximista batek eragindako sutearen ondorioz, eta, zortzi urte geroago, 1804an, berreraiki eta santuaren irudi berria jarri zuten. 1936ko gerra zibilean ere kalteak izan zituen. Gorputz nagusiak harlangaitzezko hormak ditu, eta bi isurkiko teilatua. Dorreari atxikita dago mendebaldetik, baita hegoaldean jatetxe funtzioak betetzen dituen alboko gorputz bat ere. Kanpo aldean, guduaren oroigarri den pinakulu bat ikus dezakegu, eta horman beste bi plaka: batak errepidea egin zutenak gogoratzen ditu, eta bestea, berriz, 1813ko guduan beren bizitza eman zutenen omenez egina dago.

Herriko jaietan irundarrentzat funtsezko erreferentzia den ermita bisitatu, eta GR-11ren bide seinale zuri-gorriak bilatuko ditugu, errepidea gurutzatu eta Aldabe baserriraino jaisteko. Baserriaren ondotik jaisten den porlanezko eta lurrezko bidetik Meakara doan errepidera jaitsiko gara, eta, errekaren ondora ailegatzean, Bordatxuri baserria ikusiko dugu, zeina XVIII. mendekoa baita. Haren ondoan dagoen jatetxea eskuinean utzi, eta errekaren paraleloan doan bidegorritik abiapuntura itzuliko gara.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.