Mendiko lasterketak

Sara Alonso garaile Limone Xtreme SkyMasters proban

Ainara Urrutia eta Oihana Azkorbebeitia 10 aurrenekoen artean sailkatu dira Skyrunner World Series zirkuituko sailkapen nagusian, bederatzigarren eta hamargarren, hurrenez hurren. Clementine Geoffray frantziarra eta Antonio Martinez espainiarra izan dira zirkuituko onenak.

Sara Alonso hunkituta, Limone Xtrem Skymasters proban helmugaratzen. ANTTON GUARESTI
ramon olasagasti
2023ko azaroaren 2a
13:24
Entzun

Skyrunner Word Series zirkuituko hamahirugarren eta azken proba jokatu zen aurreko larunbatean: Limone Xtreme SkyMasters (24 km eta 2.055 +). Lungolago Marconi herrian (Italia) zen hitzordua. Han ziren Skyrunner World Series zirkuituko lehen sailkatu guztiak, 2023ko mendiko korrikalaririk onena nor izango erabakitzeko. Euskal korrikalarien artean, han ziren euskal selekzioko hainbat kide eta selekziotik kanpoko beste batzuk ere, Limoneko SkyMasterserako txartela lortuta: Ainara Urrutia, Oihana Azkorbebeita, Leire Fernandez Abete, Irati Zubizarreta, Oihana Zubillaga, Markel Urigoitia, Aitor Zunzunegi, Paul Goitisolo eta Aitor Ajuria.

Eta Limonen lehiatzeko aukera eskuratutakoez gain, han ziren wild card edo gonbidapena jasotako beste korrikalari batzuk ere, tartean Sara Alonso donostiarra. Hainbat hilabetetan lesionatuta egon ondoren, denboraldiaren hondarrean indartsu itzuli da Alonso mendiko lasterketetara, gero eta postu hobeak lortuz joan da, eta Limoneko SkyMasters-ean, berriro ere zerua urratzera heldu da, garaipena lortuta. Sara Alonsok hasieratik hartu zuen aurrea, baina une oro gertu samar izan zuen jarraitzaileen arnas hotsa, eta ez zuen lasaitzeko moduko errentarik lortu. Donostiarrak 2.56.19ko denbora egin zuen helmugan. Karina Carsolio mexikarra izan zen bigarren, 4 minutu eta 20 segundora, eta Olivia Magnone frantziarra hirugarren.

Txapela kentzeko modukoa izan da Ainara Urrutiak egindako denboraldia. Limoneko lasterketan hamalaugarren izan zen (3.15.29) eta Skyrunner zirkuituko sailkapen nagusian bederatzigarren izan da azkenean. Korrikalari aretxabaletarra oso erregular aritu da denboraldi osoan, eta hainbat probatan aurre-aurrean ibili da; Madeira, Grigne eta Louzaneko lasterketetan, esaterako, podiumera igo zen.

Hamar aurrenekoen sartu da Oihana Azkorbebeitia ere, beste behin onenen artean; Limonen 19. izan zen korrikalari abadiñarra.

Skyrunner Word Series zirkuituko Madeirako proban bigarren izan zen Azkorbebeitia eta hirugarren Urrutia. EMF

Bikaina izan zen Leire Fernandez Abete errenteriarrak (Gipuzkoa) Limonen eginiko lasterketa ere, 16. helmugan (03.17.04). Irati Zubizarreta beasaindarra (Gipuzkoa) zalantza handiekin ibili zen, atera ez atera, iskioetan mina zuelako, eta lehen igoeran utzi egin behar izan zuen lasterketa. Oihana Zubillaga anoetarra (Gipuzkoa), denboraldi osoan pilatutako nekea gorabehera, gai izan zen lasterketa ona osatzeko eta hogeita zazpigarren izan zen azkenean (3.32.16).

Clementine Geoffray eta Antonio Martinez garaile World Series zirkuituan

Clementine Geoffray frantziarra, Gorbeia Suzien probaren irabazlea, izan da 2023ko World Series zirkuituko onena. Limoneko proban Geoffrayk aski zuen Iris Pessey herrikidearen aurretik sailkatzea, eta halaxe egin zuen 20.000 euroko saria ziurtatzeko. Karina Carsolio mexikarra sailkapen nagusiko bigarren postura igo zen Limonen lortutako bigarren postuari esker, eta Iris Pessey frantziarrak hirugarren postuarekin etsi behar izan zuen azkenean.

Gizonezkoetan, Roberto Delorenzi suitzarrak errenta txiki bat lortu zuen lehen igoeran, eta, ozta-ozta izan arren, tarte eutsi ahal izan zion amaieran. Haren denbora: 2.23.17. Manuel Merillas espainiarrak jaitsiera ikusgarria egin zuen, eta Delorenzi izugarri estutu zuen, baina azkenik bigarren egin zuen helmugan, 31 segundora. Hirugarren postua Antonio Martinez espainiarrak lortu zuen. Hain zuzen, Martinez bera izan da World Series zirkuituko txapelduna, Manuel Merillas bigarren eta Frederic Tranchand frantziarra hirugarren.

Euskal korrikalarien artean, Markel Urigoitia otxandiarrak (Bizkaia) lasterketa bikaina egin zuen, eta 22. bukatu zuen Limoneko proba (2.38.04), munduko onenen artean. Aitor Zunzunegi legorretarra (Gipuzkoa), hau ere bikain, 26. izan zen (2.40.20). Paul Goitisolo gernikar-lumotarra (Bizkaia) 117. izan zen. Euskal Selekzioko ordezkarien artean Aitor Ajuria izan zen gehien sufritu zuena. Katarro prozesu batek jota joan zen otxandiarra (Bizkaia) Italiara, arnasa hartzeko zailtasunekin, eta postua alde batera utzita (158. izan zen azkenean) amaitzea beste helbururik gabe lehiatu zen.

«Iaz baino maila hobea izan da aurten»

Aideko Lopez de Arbina Euskal Mendizale Federazioko hautatzaileak denboraldia «ontzat» jo du. «Aurten iaz baino hobea izan da maila, eta postu onak lortzea oso zaila izan da, baina Ainara Urrutiaren bederatzigarren postua bikaina izan da». Mireia Triguerosek, EMFko mendi lasterketen batzordekideak, «korrikalarien arteko giro bikaina» azpimarratu du: «Izugarri gozatu dute, elkar babestu dute eta horrek bultzada handia ematen dio taldeari, eta hobetzera animatzen ditu euskal korrikalariak».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.