Xabier Ormazabal gogoan

Mendizale urretxuarra oroitzeko festa egingo da datorren ostiralean, maiatzak 26, Urretxun, eta han aurkeztuko da bere izena daraman bekaren 2023ko deialdia. Ekitaldien artean, besteak beste, Alex Areizagaren Itzalak eta Alex Txikonen Manaslu neguan filmak proiektatuko dira.

Iazko mendi festan parte hartu zuten eskalatzaileetako batzuk. Ezker-eskuin: Patxi Usobiaga, Alberto Iñurrategi, Marc Toralles, Eneko Cesar, Eneko Pou, Mikel Zabalza, Gorka Karapeto, David Carretero, Iker Pou eta Unai Mendia. POTRONKO
ramon olasagasti
2023ko maiatzaren 19a
09:47
Entzun

2004. urtean Xabi Ormazabal Aristegi urretxuar gaztea elurretako lehoinabar bihurtu zen. Sobiet Batasun ohian, 7.000 metrotik gora zeuden bost mendiak –Komunismo (7.495 m), Khan Tengri (7.010 m), Pobeda (7.134 m), Lenin (7.134 m) eta Korgenewskaya (7.105 m)– igotzen zituzten alpinistei ematen zitzaien ohore hori. Mendi hotzak, mendi gogorrak eta serioak bostak. Euskal Herriko lehen lehoinabarra izan zen Xabi, 23 urte besterik ez zituela. 2004 urte berean, bi zortzimilako ere igo zituen: Shisha Pangma eta Cho Oyu. Azken mendi horretan, Jainkosa Turkesaren maldetan, utzi zituen azken lorratzak elurretako lehoinabarrak. Ia 20 urte joan dira ordudanik. Xabiren oroitzapenak, ordea, bizi-bizirik jarraitzen du; areago, bera bezalako gazteei hauspoa eta bultzada ematen jarraitzen du, haren izena daraman bekaren bidez. Xabier Ormazabal Bekaren bidez.

Datorren ostiralean, maiatzaren 26an, urteroko moduan, mendi festa bat egingo dute Urretxun Xabi Ormazabal oroitzeko, eta, hainbat ekitaldiren artean, aurtengo bekaren deialdia aurkeztuko dute. Labeaga aretoan izango da ekitaldia, 19:00etan hasita. Urretxuko Udalak babesten du beka, eta 2.500 euroko laguntza bideratzen du 24 urtetik beherako gazteentzat, mendiarekin lotura duten proiektuak gauzatzeko. «Aurten laugarren deialdia irekiko da. Urtero hainbat proiektu aurkezten dira, gehienak Euskal Herrikoak, baina badira Espainiakoak ere. Aurkeztutako proiektuek baldintza guztiak ondo betetzen dituztela egiaztatu ondoren, Mikel Zabalza, Unai Mendia eta Oscar Gogorza alpinistek osatutako batzordeak ebaluatu eta proiektu bat hautatzen du. Hala, proiektuaren irabazleek urte osoa izaten dute, hurrengo urteko festara arte, proiektua edo jarduera gauzatzeko», azaldu du Andoni Ormazabalek, Xabiren anaiak eta bekaren sustatzaileetako batek.

Proiektuek mendia izan behar dute ardatz, baina ez dute nahitaez jarduera bat, eskalada bat edo espedizio bat izan behar. Izan daiteke dokumental bat, edo mendiarekin lotura duen liburu bat, mendiko materiala hobetzeko proiektuak, argazkilaritza-lanak... «Egia da, orain arte, proiektu gehienak jarduerei lotutakoak izan direla, baina aurkeztu dira egitasmo bereziak ere. Adibidez, arazoak dituzten gazteak gizarteratzeko mendi-irteeren programa bat aurkeztu zuen batek, tarteka mendian bibakak eginez, aterpetan lo eginez... Oso proiektu polita zen, baina beste proiektu sendo batzuk baziren urte hartan eta ez zen hautatua izan. Honekin esan nahi dudana da era guztietako mendiko proiektuak aurkez daitezkeela».

Datorren ostiralean aurketuko da 2023ko beka, eta, beraz, maiatzaren 26tik aurrera kontsultatu ahal izango dira deialdiaren oinarriak Urretxuko Udalaren webgunean.

Iazko festan, eskalatzaile gazte eta beteranoen arteko erronkan parte hartu zuten kideetako batzuk, eta Andoni Ormazabal erdian. Potronko

Proiektu indartsuek eskuratu dute orain arte beka. 2017an, Iker Madoz nafarrak, Gasherbrum IVko (7.925) hego pilarean bide bat zabaltzeko egitasmoarekin lortu zuen beka. 2019an, beste nafar batek, Ander Zabalzak, eskuratu zuen, Artikotik hurbileko hormetan zenbait bide berri zabaltzeko asmoarekin. Eta 2021ean, Maialen Rojo Eiguren gasteiztarrak jaso zuen beka Alpeetan esploratzen proiektuarekin. Ruth Fornos kataluniarrarekin batera, Alpeetako La Nonne eta La Moine hormatzarretan bide bana zabaltzeko eta Druko horman lerro bat eskalatzeko egitasmoa aurkeztu zuen Rojok.

Hain zuzen, aurtengo mendi festan, Maialen Rojok bere proiektua nola gauzatu duen azalduko du proiekzio baten bidez. «Ander Zabalzari, berriz, pandemiak harrapatu zion bete-betean; beka irabazi ondorengo urtean ezin zen kanpora bidaiatu, eta espedizioa burutu ezinik geratu zen. Orain ari da bukatzen: uneotan Norvegia iparraldeko horma batean dabiltza, justu leiho bat zabaldu zaie eskalatzeko, eta seguru asko ez da iritsiko datorren ostiralerako», jakinarazi du Andoni Ormazabalek.

Mendiko festaren egitarauarekin jarraituz, Alex Areizagak 2022ko Mendi Film Bilbao Bizkaia jaialdian aurkeztu zuen Itzalak filma proiektatuko da ondoren. Guztiok daramagun motxila ikusezin horri buruzko filma da, beldurrez, desirez, malkoz eta hutsunez betetako motxila horri buruzkoa. Hain zuzen, Xabi Ormazabal, elurretako lehoinabarra, dago filmaren bihotzean, eta besteak beste, Joseba Iztueta, Andoni Ormazabal bera, Reinhold Messner, Nives Meroi eta Romano Benet eta Juanjo San Sebastian mintzo dira bizitzako itzalei eta argiei buruz.

Areizagaren filmaren ondoren, omenaldi xume bat egingo zaie aurtengo urtarrilean Patagoniako Fitz Roy mendian elur-jausi batek harrapatuta hil ziren Amaia Agirre urnietarrari (Gipuzkoa) eta Iker Bilbao durangarrari (Bizkaia).

Ondoren, bertaratutako guztiek mokadutxo bat egiteko eta elkarrekin solasean aritzeko tarte bat izango dute. Eta mendi festa ixteko, Alex Txikonek, Xabi Ormazabalen beste lagun handi batek, Manaslu neguan filma emango du.

XABI ORMAZABAL MENDI FESTA
Urretxuko Labeaga aretoan

19:00 Xabier Ormazabal bekaren 2023ko deialdiaren aurkezpena
Proiekzioak
Ander Zabalza, 2019ko bekaren irabazlea
Maialen Rojo, 2021eko bekaren irabazlea
Alex Areizagaren Itzalak dokumentala
Mokadutxoa
Alex Txikonen Manaslu neguan filma

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.