Mendiko bizikleta

Zumaiako flyscha, historiaren lekuko

Geoparkean eta Urolako bide berdean barrena pedalkadaka, kirola egin eta paisaia ederrez gozatzeko abagunea eskaintzen du ibilbide honek.

p025 f01 (5)
p025 i01 (8)
  • Herrialdea: Gipuzkoa
  • Zailtasuna: Zaila
  • Tontor eta leku izenak: Zumaia, Elorriagako behatokia, Sorazu, Sakoneta, Ibarrola, Igokundearen ermita, Potzualde, Endoia, Zestoa, San Lorentzo.
  • Distantzia: 39,5 km.
  • Iraupena: 4 ordu eta 30 mn.
  • Ingurunea: Geoparkean eta Urolako bide berdean barrena pedalkadaka, kirola egin eta paisaia ederrez gozatzeko abagunea eskaintzen du ibilbide honek.
  • Estekak: Ibilbidea
Ivan Ruiz.
2022ko azaroaren 15a
08:00

Geologia Zientzien Nazioarteko Batasunak planetako interes geologiko goreneko 100 lekuen zerrendan sartu berri du euskal kostaldeko geoparkearen itsaslabarra. Mutrikuko, Debako eta Zumaiako kostaldeko flyscharen geruzetan 50 milioi urte baino gehiagoko historia ezkutatzen da. Liburu baten moduan, geruza bakoitzak garai baten informazioa gordetzen du. Ezagutu dezagun aparteko toki hori bi gurpilen laguntzarekin.

Zumaiako Marina Berri jatetxean emango diogu hasiera ibilbideari, bidegorriari itsasadarraren bokalerantz jarraitu, Bidasoa kalean ezkerrera egin, eta Itzurun hondartzara iritsiko gara: flyscharen lehen adibidea. Atzera eginez, Zelai Talaso Hotelaren alboko kaletik igoko gara, San Telmo ermitara, Ocho apellidos vascos filmagatik ezaguna. Ezkerretara, Talaia bidea (GR-121) dago, eta labarraren gainetik Algorri kalara eramango gaitu.

Algorriko kalaren ebakietan dagoen beta ilun batek dinosauroen desagerpena adierazten du. Haranean atzera eginez, hilerrira eramango gaituen xendra hartuko dugu, bertan Donejakue bidearekin bat egiteko. Pistari jarraituz, Galarretako zabalera iritsi baino lehen dagoen mendi bizkarra iparretik inguratzen duen xendrari jarraituta saihestuko dugu. Atsedenlekura iritsitakoan, maldan behera Elorriagako begiratokira hurbilduko gara, Baratzazaraurrearen ikuspegi ezin hobeaz gozatzeko.

Hurrengo pausoa Pagoetagaina inguratzea da, Pagoetako baserrietan Donejakue Bidearekin bat egiteko. Sorazu mendiaren eki magalean aurrera eginez, Arantzagoikoa baserrira iritsi, eta han eskuinera jaitsiera tekniko bat eginez, Sakonetara iritsiko gara azkenik. Kala honetan, ondo lerrokatutako ehunka xaflen irudi ikusgarriaz gozatuko dugu.

Uztapideren plaka

Derrigorrezko argazkiak atera ondoren, metro batzuk atzera eginez, Errotaberrira daraman PR-GI 5001 bideari segituko diogu. Pistaren amaieran N-634 errepidera aterako gara, eta, ezkerretara kilometro bat pedalkadaka egin ostean, sagardotegietara igotzen den pista eskuinera hartuko dugu. Urain ostatura iristean, ezkerreko pistatik gailurreriari segituko diogu; Ibarrolako baserrietara jaitsi, eta AP-8a bere azpitik zeharkatuko dugu. Eskuinera eginez, Arbalitz baserrira daraman aldapari aurre egin, eta bertan, Andutz inguratzen duen PR-ra daraman xendra hartuko dugu. Bide seinaleztatura iristean, hegoalderantz egingo dugu, eta errepidera iritsiko gara; gero, GI-3293ak Endoiara eramango gaitu. Bertan, Igokundeko ermitan Uztapide bertsolari ospetsua omentzen duen plaka aurkituko dugu.

Endoia zeharkatu ondoren, badago Zestoara jaitsiko gaituen pista bat, Izarraitz mendilerroa aurrean dugula Lili jauregiraino eramango gaituena. Gure aurrean Urolako bide berdea ikusiko dugu; azpitik igaroko gara lehenengo. Gero, bira egin eta bideari helduko diogu, ibaiaren uraren noranzkoari jarraituz.

Bi tunel pasatuta, Iraetara eramango gaitu bide berdeak. Han, Urola ibaia zeharkatu, eta GR-286 Araindarri bideari segika herria lagako dugu, ibaia beste behin zeharkatuta. Ondoren, bereziki apaindutako txoko batetik eskuinera egiten du bideak, aldapan gora. Beste pista batera heltzean, ezkerrera joko dugu, bai hemen eta baita hurrengo bidegurutzeetan ere, Ibainarrietara iritsi arte. Kristo Santuaren ermitatik Agotebideak behera egin, eta AP-8a azpitik zeharkatuko dugu, eta gero San Lorentzo baselizara daraman bidean gora egingo dugu.

Santutegiaren ezkerraldean bidezidor batek Kantera auzora jaitsiko gaitu, eta handik errepidearekin bat egingo dugu. Biribilgunearen lehenengo irteera hartuta, ezkerrera joko dugu Xoxokorako bidegurutzean; horrela, Basustagaina zeharkatuko dugu, eta Zumaiako tren geltokira iritsiko gara. Hortik, Urola ibaia zeharkatu besterik ez dugu egin behar Marina Berrira itzultzeko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.