Sos Mediterranee GKEaren ontziak gaua noraezean egin du, atzo 629 migratzaile Mediterraneoan erreskatatu ondoren. Italiak eta Maltak ontzia hartzeko ardura leporatu diote elkarri, Matteo Salvini Italiako Barne ministroak debekatu ondoren ontzia Italian porturatzea. "Garaipena, Aquarius-en doazen 629 migratzaileak Espainiara bidea. Lehenengo helburua bete dugu", idatzi du Salvinik sare sozialetan. Espainiako Gobernuaren "bihotz ona" eskertu du.
Giuseppe Conte Italiako lehen ministroak, Joseph Muscat Maltakoak eta Dimitris Avramopulos Europako Batzordeko bozeramaileak ere Espainiari eskerrak eman dizkiote. Espainiako Gobernuak ohar batean esan du bere "betebeharra" dela "hondamendi humanitario bat eragoztea", eta "portu seguru bat" eskaintzea. Gaineratu du "Nazioarteko Legedia" betetzen ari dela.
Salvini Europaren kontra
Libiako kostatik hurbil, larrialdi egoeran erreskatatu dituzte 629 migratzaile, eta Aquarius ontzian eman dute gaua, porturatu ezinik. Migratzaileen artean, 123 adingabe daude, eta zazpi emakume haurdun.
"Mediterraneoan Holandako, Espainiako, Gibraltarko eta Erresuma Batuko bandera duten ontziak daude. Badira GKE alemaniarrak, espainiarrak, eta Maltak ez du inor hartzen, Frantziak mugan baztertzen ditu [migratzaileak] eta Espainiak armekin defendatzen ditu bere mugak. Alegia, Europa osoa kezkatzen dela bere interesengatik", kexatu da Salvini. Gaineratu du Italia "ezetz esaten" hasiko dela "pertsonen trafikoari eta legez kanpoko migrazioaren negozioari".
Salvinik portuak itxi dituela jakinarazi du bere Twitter kontuaren bidez. Mezuari bere argazki bat atxiki dio, besoak gurutzatuta eta aldarte serioan.
#chiudiamoiportipic.twitter.com/TusUnoHUiw
— Matteo Salvini (@matteosalvinimi) June 10, 2018
Italiako hainbat hedabidek adierazi dutenez, Salvinik eskutitz bat idatzi dio Maltako Gobernuari, ontzia hartzea hari dagokiola gogorarazteko. Maltak, ordea, ukatu egin du migratzaileak hartzea bere ardura dela. Gobernuko bozeramailearen esanetan, erreskatea Libiako eremuan gertatu da eta Erromako erreskate koordinazio zentroak gidatu du. "Malta ez da autoritate koordinatzailea, eta ez du eskumenik auzi honetan".
Sos Mediterraneek adierazi du hedabideen bidez jakin dute Salvinik ez diela utziko Italian porturatzen. Munduko Medikuak elkarteak jakinarazi du migratzaileek 48 ordutarako elikagaia besterik ez dutela.