Ostiral Santuko Akordioaren urteurrena

'Brexit'-ari buruz ados jarri beharra azpimarratu dute Ostiral Santuko Akordioko eragileek

Irlandako mugaren inguruan akordioa lortzeko jarrera eskatu diote Londresi.

Atzeako lerroan, ezker eskuin: Jonathan Powell, John Alderdice, David Trimble, Reg Empey eta Paul Peter Murphy. Lehen lerroan, ezker eskuin: Monica McWilliams, Seamus Mallon, Bertie Ahern, George J. Mitchell eta Gerry Adams. PAUL MCERLANE, EFE
ander perez zala
2018ko apirilaren 10a
07:49
Entzun

Prentsaurreko berezia eman dute gaur, Belfasten, duela hogei urte sinatu zuten Ostiral Santuko Akordioaren eragileek. Belfasteko Quinn's Unibertsiatatean hitz egin dute eragile horietako batzuek, bata bestearen atzetik. Arratsaldean hitzaldia ematekotan dira han bertan.

Peter Robinson, John Alderdice, Seamus Mallon eta Monica McWilliams izan dira aurrenak hitz egiten. Robinsonek, lehen ministro ohiak, azpimarratu du Ostiral Santuko Akordioak argi utzi zuela borondate politikoa edukiz gero akordioak lor daitezkeela. Mallon lehen ministrorde ohiak, berriz, nabarmendu du "gerra zibil baten atarian" zeudela akordioa egin zutenean, eta ohartarazi du orain brexit-ak "pikutara bota" ditzakeela lorturiko aurrerapausoak. Ildo beretik hitz egin du Alderdicek ere: "Akordioa adostu genuen nahi politikoa zegoelako. Jarrera berbera behar da Irlandako mugaren inguruan, eta ez dugu horrelakorik ikusi Londresen partetik".

Gerry Adams Sinn Feineko buruzagia atera da haien atzetik.

Eta hark ere hitz egin du brexit-ari buruz: "Londres hondamendi baterako bidean da brexit-aren auzian, Ipar Irlandako herria kontuan hartu gabe, gainera".

Ostiral Santuko Akordioa goretsi du, baina nabarmendu du bakea lortzeko lanak ez zirela hor amaitu: "Akordioa akordio bat da. Bakea ez da gertaera batekin lortzen, prozesu bat da. Belaunaldi berriek ez dute bonbardaketarik ikusi, ezta Erresuma Batuko troparik ere. Hori ona da. Eta Ostiral Santuko Akordioa ona da etorkizunarentzat". Irlanda batuari buruz "aurrerapauso erraldoi bat" ospatzen ari direla nabarmendu du, eta, haren ustez, orain gakoa da "herritarren interesak" zein testuingurutan defendatu jakitea.

George Mitchell AEBetako senatari ohi eta Etxe Zuriaren Ipar Irlandarako mandatariak irakurri zuen akordioa duela hogei urte kazetarien aurrean. Gaur, prentsaren aurrean gogora ekarri du orduan ohartarazi zuela akordioak ez zituela "bakea, adiskidetzea eta egonkortasuna bermatzen". Ipar Irlanda orduan baino leku seguruagoa dela azpimarratu du, eta bide horretan segitzera dei egin du. "Gaurko eguna ospatu behar dugu, bi hamarkadan egindako lana ospatu behar dugu, baina kontuan hartu behar dugu erronka berriak daudela Ipar Irlandan", esan du. Nolanahi ere, seguru dago bi komunitateen arteko adiskidetzea iritsiko dela, "baina denbora behar du".

Bertie Ahern Irlandako lehen ministro ohia eta Jonathan Powel Tony Blair Erresuma Batuko lehen ministro ohiaren kabinete burua izandakoa izan dira ateratzen azkenak. Haiek ere brexit-a izan dute hizpide. Ekainerako "mugaren auzirako irtenbidea" adostu beharko luketela nabarmendu du Ahernek, eta ohartarazi du hor merkataritza itunak daudela jokoan. Powellek, berriz, Londresengan jarri du zama brexit-aren negoziazioei dagokienez: "Ez du proposamenik, eta geroz eta denbora gutxiago du".

Erreportaje sorta

Igandean, Ostiral Santuko Akordioari buruzko erreportaje sorta kaleratu zuen BERRIAk. Egungo egoera aztertu zuen Ander Perez Zala berriemaile bereziak, Martina Anderson Sinn Feineko eurodiputatua elkarrizketatu zuen,brexit-aren eta mugaren gaia aztertu zuen, hizkuntzaren eztabaida azaldu zuen, eta komunitateen banaketa zertan den aletu. Gainera, Imanol Murua Uria kazetariaren analisia eman zuen BERRIAk, duela hogei urteko gertaerak zorrotz jarraitu zituenez.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.