Epaiamahaia bakartuta mantenduko dute, armatutako zaintzaileen begiradapean, eta Brooklyn zubia itxi egin beharko dute egunean bi aldiz, El Chapo kartzelatik epaitegira eramateko. Segurtasun neurri handiak hartuko dituzte New Yorken, Mexikoko droga trafikatzaile ezagunaren epaiketarako. Fiskaltzaren arabera, dirutza egin zuen AEBetara droga eramateko negozioaren buruzagi gisa, eta indarkeriaren bidez, hildako eta kalte ugari eragin zuen horretarako; batez ere, Mexikon. Beste buruzagi batzuekin batera talde kriminal bat zuzentzea egozten diote, besteak beste.
Bi aldiz egin du ihes kartzelatik Guzman Loerak. 1993an atxilotu zuten lehen aldiz, Guatemalan. Mexikora estraditatu zuten, baina 1995ean berriz Guatemalara eraman ondoren, ihes egin zuen hango Puente Grande espetxetik, 2001ean. Hamahiru urte behar izan zituzten agintari mexikarrek hura berriz atzemateko. 2011n, Osama Bin Ladenen heriotzaren ondoren, gaizkilerik "bilatuena" izatera pasatu zen —Forbes aldizakariak egiten du zerrenda hori—, baina ezin izan zuten atxilotu 2014ko otsailera arte.
Mexikon atzeman zuten orduan, eta kartzelan sartu ere bai. 2015eko uztailean, ordea, berriz lortu zuen alde egitea, tunel baten bidez. Ihes egiteko arriskua zela-eta, AEBetara estraditatu zuten iaz, eta New Yorkeko kartzela batean eduki dute orain arte.