1.000 pertsona inguru hil edo desagertu dira jada Filipinetan, azken egunetan pasatutako Winnie tifoiaren ondorioz. Iturri ofizialen arabera, 479 hildako identifikatu dituzte orain arte. Desagertuak, berriz, 560 dira, baina bizirik aurkitzeko itxaropena galdu dute. Horrez gain, identifikatu gabeko hildako asko dago.
Ekaitzaren ondorioz, kalte asko izan dira Filipinetan, Quezon eskualdean batez ere. NDCC Hondamendi Nazionalak Koordinatzeko Batzordearen arabera, orain arte, 168.013 pertsona daude kaltetuta eta nekazaritza eta azpiegituretan 19 milioi peso (346.082 dolar) baino gehiagoko galerak izan dira. Hondamendiak etxe, ondasun eta lur gabe utzi du jendea, Filipinetako ipar-ekialdeko lur sail gehienak ur azpian gelditu baitira. Baldintza horietan, etxea utzi behar izan dute askok. Beste asko, ordea, etxeko teilatu gainean daude, sarraskiaren eraginez inora joan ezinik daudelako. Bitartean, erreskate lanek aurrera dihardute. Hala ere, oso lan korapilatsua da, haize bolada bortitzak, euria eta uholdeak kaltetutako lekuetara iristea zailtzen dutelako. Helikoptero eta itsasontziei ia ezinezkoa egiten zaie laguntza behar den lekuetara iristea. Laguntza eskaintzera zihoan Itsas Armadaren itsasontzi bat ezin izan zen bakartutako eremu batera iritsi eta buelta eman behar izan zuen. Hori dela eta, soldaduak oinez iritsi behar izaten dira laguntza behar duten lekuetara.Richard Gordon Gurutze Gorriko presidentearen arabera, Filipinek miloi bat dolar behar dute berehalako laguntzarako. Horrez gain, bakartutako eremu asko daude eta hango beharrak neurtzea ezinezkoa da oraindik. Egoera horren aurrean, Gurutze Gorriak nazioarteko laguntza eskatu du. Diru hori, koltxonetak, plastikoa, mantak, ur bidoiak, elikagaiak eta botikak erosteko erabiliko da besteak beste. Hala ere, hildakoak biltzeko plastikoak du premia gehien, gero eta gehiago pilatzen baitira.Herrialde eta nazioarteko erakunde batzuetatik jada jaso dute laguntza. Frantzia eta Txinak 36.000 dolar eman ditu bakoitzak, Espainiak 88.000 eta Japoniak 267.500. NBEk 200.000 dolar eman ditu orain arte eta AEBek 100.000 dolar emango dituela esan du.Laguntzaren legez kontrako kudeaketa ekiditeko asmoz, Gloria Macapagal Arroyo Filipinetako presidenteak nazioarteko bitartekariak izango direla jakinarazi du. Hala, Gurutze Gorriko kideak arduratuko dira lan horretaz. Bestalde, Nicholas Bridger Europako Batzordeko gizarte bulegoko kidea gaur elkartuko da NDCC, Filipinetako Gobernua eta GKEetako ordezkariekin, kalteak balioztatzeko.
'Nanmandol' tifoia
Winnieren ostean, Nanmandol tifoia sartu da Filipinetan. Meteorologia zerbitzuen (PAGASA) arabera, 200 kilometro orduko haizea eragingo du eta 10 metroko olatuak sor litzake.
Filipinetako ekialdea arriskuan dago berriz ere, batez ere Luzon uhartea. PAGASAk larrialdi maila hirugarrenetik laugarrenera igo du Cantaduanes, Aurora eta Quirinon eta beste hamaika eskualdetan hirugarren mailan jarraitzea erabaki du. Datuok oso esanguratsuak dira. Izan ere, laugarren maila, oso egoera larrietarako besterik ez da erabiltzen.Tifoia Cataduanesen sartu zen atzo goizean. Gurutze Gorriaren arabera, gutxienez pertsona bat hil da, baina irratiaren esanetan, zazpi pertsona gehiago hil dira Bicol eskualdean. Atzo gauerako tifoia Luzon eskualdera iristea espero zen.Egoerari aurre egiteko, eskolak itxi eta hegaldiak bertan behera gelditu dira. Gainera, uharteen arteko itsasontzi zerbitzua ere geldiarazi dute.Milaka pertsona zonalde garaiagoetara eraman dituzte, baina lur bigunagoa dagoenez, ezin izan dute segurtasuna ziurtatu. Bitartean, erreskate lanak azkartu dituzte, tifoi berria iritsi baino lehen ahal den laguntza gehiena emateko.
FILIPINAK
1.000 pertsona inguru hil edo desagertu dira
Gurutze Gorriak nazioarteko laguntza eskatu du kalteei aurre egiteko; gainera, beste tifoi bat sartu da eta alarma piztu da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu