Datu ofizialen arabera, dagoeneko 15.000 pertsona dira jada joan den ostiraleko lurrikararen eta ondorengo tsunamiaren ondorioz Japonian hildakoak eta desagertutakoak. Japoniako Gobernua ematen ari den datuak goraka doaz egunetik egunera, eta, Fukushimako zentral nuklearraren hondamendiaren itzalean bada ere, giza tragediaren nondik norakoa erakusten dute. Hildakoak eta desagertutakoak batera zenbatzen dituzte, desagertutakoen artean inor bizirik aurkitzeko itxaropena oso txikia baita.
Horiez gain, ordea, 500.000 pertsonak etxea utzi behar izan dute, eta propio prestatutako 2.500 babeslekuetan daude, horietako asko edateko urik gabe, argindarrik gabe eta berogailurik gabe. Azken egunetan hotza areagotu egin da, eta elurra ere egin du kaltetutako zenbait tokitan. Japonia osoan hamar milioi pertsonak argindar etenaldiak jasando dituzte gaur.
Hain zuzen, argindarra da Fukushimako arduradunen buruhauste nagusia orain. Argindarrik ez dagoenez, erreaktoreen hozte sistema bertan behera geratu da, eta Japoniako armadako helikopteroek ura tonaka bota dute, batik bat hirugarren erreaktorera, laugarrenean oraindik ura badagoela ikusi baitute. Helburua nukleotik gertu dauden erregai barrak hoztea zen, erradiazioa murriztu eta langileek lanean jarraitu ahal izan dezaten.
Helikopteroetako gidariei ura bota eta joateko agindu diete, erradiazio handia jasaten denbora asko egon ez daitezen. Tokyo Electric Power konpainiak jakinarazi duenez, ordea, erradiazioa ez da jaitsi, eta une honetan 3.000 mikrosievertetakoa da, osasunerako kaltegarria den maila. Horren ondotik ura kamioietatik botatzen hasi dira.
Baliteke nukleoa babesten duen egitura hondatuta egotea
Gauerdian, helikopteroen operazioa hasi denean, kea ateratzen hasi da. Kea seinale txarra da adituentzat. Euren susmoaren arabera, erregai barrak gordetzeko ur biltegitik atera da eta lurrin erradiaktiboa izan daiteke. Horrela balitz, horrek esan nahiko luke nukleoa babesten duen egitura hondatuta dagoela. Operazioa atzo bertan behera geratu zen erradiazioaren handiagatik eta isuri arriskuagatik.
Bitartean, Japoniako Gobernuak beste 28.000 pertsona ebakuatu ditu, Fukushima inguruan dauden 31 herrietakoak. Hala ere, segurtasun eremua handitzearen kontra agertu da. Energia ministroak Tokioko biztanleak edozein momentutan argindarrik gabe gera daitezkeela ohartarazi du. Gainera, 10.000 pertsonari erradiazio azterketa egiten hasi zaie gobernua.