Kataluniako erreferenduma

155. artikulua eta aplikazioa

Espainiako Gobernua Konstituzioaren 155. artikulua ezartzear da Katalunian, Puigdemont presidenteak eman dion azalpenak ez diolako erantzun Rajoy presidenteak eskutitzez egin zion aginduari.

Espainiako senatuak onartu behar du 155. artikluaren aplikazioa. CHEMA MOYA, EFE
martxelo otamendi
2017ko urriaren 16a
08:12
Entzun

Oso artikulu irekia da 155.a, oso motza eta batere zehaztapenik ez daukana. Honela dio:

“1. Baldin eta autonomia-erkidego batek betetzen ez baditu Konstituzioak edo beste lege batzuek ezarritako betebeharrak, edo Espainiaren interes orokorrari larri erasotzen dion moduan jokatzen badu, Gobernuak, aurrez autonomia-erkidegoko presidenteari errekerimendua eginik eta, hark aintzat hartu ezean, Senatuaren gehiengo absolutua bildurik, dagozkion neurriak hartu ahal izango ditu erkidegoari betebehar horiek nahitaez betearazteko edo aipatutako interes orokorra babesteko.

2. Aurreko zenbakian adierazitako neurriak gauzatzeko, Gobernuak ins- trukzioak eman ahal izango dizkie autonomia-erkidegoetako agintari guztiei”.

Alegia, ia edozer gauza egin dezake Espainiako Gobernuak Kataluniako autonomiarekin. Badirudi, hala ere, ezin duela autonomia osoa bertan behera utzi erabaki orokor baten bidez, egileek ez zutelako aurreikusi hori ahalbidetzen duen artikulurik. Testua horren irekia izanda, Espainiako Gobernuak berak erabaki litzake hartuko dituen neurri murriztaileen tamaina eta egutegia.

Ez dezagun ahaztu aurreko asteetan aplikatu duela Espainiako Gobernuak 155. artikulua, nahiz nominalki ez duen egin. Esate baterako, Generalitatearen kontuen kudeaketa Espainiako Gobernuaren Ogasun Ministerioak hartu berri du, eta, horren ondorioz, Generalitateko langileen soldatak orain Espainiako Gobernuak ordaintzen ditu, hala nola Generalitatearentzat lan egiten duten enpresa azpikontratatu guztien fakturak. Zenbat diruz ari gara? Blokeo horren aurretik, Kataluniak ogasun propiorik ez daukalako, 1.400 milioi euro ematen zizkion hilero Espainiako Ogasunak Generalitateari gastu arruntetarako, eta Generalitateak, gero, fakturen bidez zuritzen zizkion ordainketak Espainiako Ogasunari. Orain, ordea, lehendabizi Generalitateak fakturak bidaltzen dizkio Espainiako Gobernuari, eta hark ordaindu egiten ditu zuzenan, Generalitatearen esku hartzerik gabe.

Nahiz izanez gero, neurri leunetatik gogorretako progresioa diseina lezake, edo, alderantziz, bat-batean bizpahiru neurri gogor hartu eta autonomiaren funtsa errotik eten.

Zer litzateke neurri leun bat? Osasun zerbitzuen kudeaketa osoa Espainiako Osasun Ministerioak hartzea, baina inork ez du aurreikusten balio politikorik ez daukan zerbitzu baten kudeaketa kentzea katalanei.

Neurri gogorrak? Mossoen ardura nagusia, komunikabide publikoak (kudeaketa hartu edo emisioak erabat eten), Generalitateko lehendakaria eta kontseilariak kargutik kendu...

Kataluniako beste bi administrazio mailen gaineko aipamenik (diputazioak eta udalak) ez du egiten 155. artikuluak; ondoriozta liteke, beraz, ezin izango duela esku hartu, ez bada bide judizialetik. Generalitateko gobernua indargabetuz gero, udalen arteko erakundea izan liteke independentziazaleen aginte maila alternatiboa eta, oraingoz, babestua.

Nola aplika liteke 155. artikulua? Senatuaren barne arautegiaren 189. artikuluak azaltzen du nolakoa litzatekeen aplikazioa. Espainiako presidenteak zehaztu egin beharko dio Senatuko presidenteari zer neurri hartu nahi dituen, eta zergatik argudiatu. Senatuko presidenteak Autonomien Batzordera eramango du gobernuburuaren proposamena, eta, era berean, Senatuko presidenteak epe bat emango dio Generalitateari alegazioak aurkezteko edo, nahi badu, mintzaide bat izendatzeko. Gero, Autonomien Batzordeak erabakiko du onartzen duen edo ez Espainiako presidentearen proposamena, eta aldaketak egin ahal izango dizkio gobernuburuaren proposamen horri. Azkenean, erabakitako proposamena bozkatu egingo da Senatuaren batzarrean, eta aurrera ateratzeko gehiengo absolutua beharko du.

PPk gehiengo absolutua dauka Senatuan; beraz, erraz eta azkar atera lezake aurrera Rajoyk aurkeztuko duen eskaera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.