155. artikulua ez erabiltzeko eskatu dio Urkulluk Rajoyri

Nafarroako Parlamentuak Cuixart eta Sanchezen atxiloketen kontrako adierazpen instituzional bat onartu du laukoa osatzen duten alderdien babesarekin. Gero alde bakarreko independentzia deklarazioaren aurkako beste adierazpen bat aurrera atera da Ezkerra-ren botoekin.

Nafarroako laukoa osatzen duten alderdietako ordezkariak legebiltzarraren aurrean egin duten bilkuran. IñIGO URIZ, ARGAZKI PRESS
2017ko urriaren 19a
07:21
Entzun

Espainiako Gobernuaren erabakiaren berri izan ondoren, bi joera nagusitu dira horren aurrean. Batetik, Puigdemontek independentzia deklaratu ez dutela-eta Kataluniako autonomia bertan behera uztearen aurka agertu direnak, eta bestetik PP, PSOE eta Ciudadanos, 155. artikulua erabiltzea eskatzen dutenak.

Iñigo Urkullu Eusko Jaurlaritzako lehendakariak Mariano Rajoy Espainiako presidenteari eskatu dio ez baliatzeko aukera hori. Premiaz deitu dute agerraldi batera Urkulluk gaur goizeko albisteen ondoren. Argudiatu du independentzia ez duela deklaratu Puigdemontek, eta tentsioa baretzeko pausoak eskatu ditu. "Ez da hartu behar egoera zaildu dezakeen erabakirik", esan du. Adierazi du ez dela zilegi orain 155.a ezartzea, eta neurri hori ezarri aurretik zer ondorio dituen ondo aztertu behar dela, gizartean eragin dezaketen haustura. "Kalte handiagoak saihestu behar dira", adierazi du. Bi gobernuei eskatu die elkarrizketa prozesu bat adosteko, "baldintzarik eta umiliazioarik gabekoa, sortutako egoerari irtenbide bat bilatzeko borondatearekin".  Aitor Esteban EAJko Kongresuko bozeramaileak esan du jeltzaleek ezetz bozkatuko diotela Senatuan 155. artikula ezartzeari.

Iriarte: "Autonomien estatutua lehertu dute"

Maialen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkideak adierazi du 155. artikulua ezarrita autonomien estatua "lehertu" duela Espainiako Gobernuak. Erabaki horrekin elkarrizketa erabat baztertzen duela erakusten duela esan du Iriartek, eta salatu du estatuak "sumisio eta inposizio parametroetan soilik" dakiela mugitzen. Erabakiak, gainera, Euskal Herrian ere "kalte larriak" ekarriko dituela iragarri du. Puigdemonti eta Kataluniako erakunde eta herriari babesa eskaini die, eta Europako Batasunari eta nazioarteari beste alde batera ez begiratzeko eskatu die, "demokrazia eta oinarrizko eskubideak jokoan daudelako". Oscar Matute EH Bilduko Espainiko Kongresuko diputatuak Espainiako Gobernuaren erabakia kritikatu du, 155. artikulua ezarriko baitu "herritarren borondatea jasotzeko hautetsontziak jartzea erabaki duen Kataluniako Generalitatearen kontra".

Hernando (PP): "Puigdemontek zubi guztiak lehentu ditu"

Puigdemont "lider zonbia" dela adierazi du Rafael Hernando PPren Kongresuko taldeko bozeramaileak, eta Espainiako eta Kataluniako gobernuen arteko "zubi guztiak lehertzea" egotzi dio. Hernandoren esanetan, Puigdemonten asmoa da Kataluniari eta haren erakundeei "ahalik eta minik handiena" eragitea. PPren talde parlamentarioko bozeramaileak nabarmendu du Kataluniako presidenteak uko egin diola Madrilek eskaini zion elkarrizketari. "Nazio subiranotasuna hausteko jarrerarekin jarraitzen du. Legez kanpoko jo den erreferenduma ospatu dela defendatzen jarraitzen du, hauteskunde iruzur negargarria izan zen arren. Erokeria tamalgarria da".

Abalos (PSOE): "Espainiaren batasuna ez da negoziatzen"

PSOEko antolakuntza idazkari Jose Luis Abalosek "eskaintza tranpatia" deitu dio Puigdemonten elkarrizketarako deiari: "Espainiatik nola bereizi negoziatu nahi baitu soilik". Espainiaren batasuna ez dela negoziatzen azpimarratu du, eta errefusatu egin du aldebikotasuna: "Ez dugu onartzen estatu baten eta mini estatu bat izan nahi duen beste baten arteko aldebiko harremanik".

Iceta (PSC): "Puigdemonten mehatxuak sahiestezin egin du 155a"

Miquel Iceta PSCko buruak elkarrizketa eskatu du Katalunian "hondamendia" eragozteko, eta Puigdemonti egotzi dio 155. artikulua ezartzeko erabakia "sahiestezin" egitea, independentzia "mehatxua" plazaratuta. Icetak gaineratu du Kataluniako autonomiaren gaineko esku hartzeak "epe laburrerako" izan beharko lukeela, "autogobernua berreskuratu" eta hauteskundeak deitzeko.

Iglesias (Podemos): "Irtenbidea legezko erreferendum bat da"

Pablo Iglesias Podemoseko idazkari nagusiari ez zaio gustatu Puigdemontek "legitimoa izango ez litzatekeen independentzia" deklarazioarekin "mehatxu" egitea. Gutun bidezko adierazpenak albo batera utzi eta esertzeko eta hitz egiteko garaia dela uste du. "Irtenbide egokiena legezko erreferendum bat da".

Garzon: "Akats larria egin du Puigdemontek"

Alberto Garzon IUko idazkari nagusiaren ustez, "akats larria" egin du Carles Puigdemontek, "ezer" ez duelako argitu eta, gainera, alde bakarreko independentzia deklarazioarekin "mehatxu" egiten duelako. Espainiako Gobernuari esan dio oraindik garaiz dabilela elkarrizketarako.

Rivera: "Demokrazia batek ezin du xantaiarik onartu"

Albert Rivera Ciudadanoseko buruari ongi iruditu zaio Espainiko Gobernuak Kataluniakoari eman dion erantzuna, bere esanetan Europako "demokrazia batek ezin baitu xantaiarik onartu". 1981ko otsailaren 23ko estatu kolpearekin eta terrorismoarekin parekatu du Kataluniako Generalitatearen jarrera.

155. artikuluaren aplikazioa Espainiako Gobernuari dagokiola esan du, eta berak ez dituela ezagutzen xehetasunak. Hala ere, Katalunian hauteskundeak deitzearen alde dagoela azpimarratu du. Balizko hauteskunde horien aurretik independentistak ez diren alderdien arteko itun bat egitearen alde agertu da, agintea alderdi independentista ez den alderdi bozkatuenak lor dezan.

155. artikuluari buruz zehaztu du Estatuaren esku hartzeak "laburra eta mugatua" izan beharko lukeela, normaltasun demokratikoa eta autogobernua berrezarri arte.

Nafarroako Parlamentua, Cuixarten eta Sanchezen atxiloketen kontra

Nafarroako Parlamentuan Geroa Bai, EH Bildu eta Ahal Dugu-ren adierazpen instituzional bat bozkatu dute gaur, eta hori onartuta legebiltzarra Jordi Cuixart eta Jordi Sanchezen atxiloketen aurka agertu da. Hiru horiez gain, Ezkerrak ere alde bozkatu du. Kontra bozkatu dute UPNk eta PSNk; PPko ordezkariak ez dira bozketan egon. Adierazpen horretan Espainiako Gobernuari eskatuko diote errepresioa gelditzeko eta elkarrizetaren eta Kataluniako erakundeen ordezkariei eskubide zibil eta politikoak errespetatzeko. Ondoren, legebiltzarraren aurrean bilkura bat egin dute alde bozkatu duten lau alderdietako hautetsiek.

PSNk aurkeztutako beste adierazpen batean legebiltzarra alde bakarreko independentzia deklarazioaren aurka agertu da. Sozialistez gain, UPNk, PSNk, PPk (ordurako ganberan ziren) eta Ezkerrak bozkatu dute alde. Geroa Bai-k EH Bilduk eta Ahal Dugu-k kontra bozkatu dute.

Xavier Bettel (Luxenburgoko lehen ministroa): "EBk ezin du Kataluniako errealitatearen aurrean ezikusiarena egin"

Xavier Bettel Luxenburgoko lehen ministroak kontra egin dio Europako hainbat erakundetatik azken aste hauetan eman den mezuari. Adierazi duenez, "Europako Batasunak ezin du ezikusiarena egin" Kataluniako errealitatearen aurrean. Bettelek gaineratu du gaur Bruselan izango den goi bileran Rajoyk Kataluniari buruz hitz egitea espero duela.

Aznar (Espainiako presidente ohia): "Konstituzioaren erreforma ezin da independentisten nahiera egin"

Jose Maria Aznar Espainiako presidente ohi eta FAES fundazioko presidenteak ziurtatu du "sezesionismoak batasun ituna suntsitu" duela. Horregatik, adierazi du, "konstituzioaren erreforma ezin da independentismoak orain nahi duen erara egin". Aznarrek gobernuaren "pasibotasuna" kritkatu du. "Espainiak une kritikoa bizi du eta inork ezin die muzin egin dituen ardurei".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.