Kataluniako prozesu subiranistak arrakalak sortu ditu PSCn azken urteotan, eta beste hainbeste eragiteko bidean da Espainiako Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpena ere. Larunbatean, alderdiko lau alkatek agiri bat argitaratu zuten, alderdiari eskatuz ez ditzala babestu Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak Kataluniako autogobernuaren aurka iragarritako neurriak.
Nuria Parlon (Santa Coloma de Gramenet), Jordi Ballart (Terrasa), Josep Mayoral (Granollers) eta Ignasi Gimenez (Castellar del Valles) dira lau alkateak: "155. artikulua ezartzeari eta horretatik eratortzen diren neurriei desadostasun osoa adierazten diegu". Lauren hitzetan, PSCren proiektua "Kataluniako autogobernuaren etengabeko gauzatze eta indartzean oinarritzen da", eta uste dute 155.ak "Kataluniako Parlamentua eta autonomia bertan behera" uzten dituela: "Ondorioak konponezinak lirateke".
Pauso bat harago joan zen Parlon. PSOEko Kohesio eta Integrazio idazkaria zen, eta dimisioa aurkeztu zuen larunbatean alderdiaren zuzendaritzan. Ostiralean, berriz, Felipe Gonzalezen garaian Espainiako Industria ministro izandako Joan Majok baja eman zuen alderdian, PSCren jarrerarekin kritiko.
Urriaren 1az geroztik, udaletan ere egoera zaila bizi du PSCk. Erreferendumaren ostean, 40 udaletan zituen gobernu akordioetatik laurdenak hautsi dira; gehienak, PDeCaten ekimenez. Udaletan duen akordio garrantzitsuena Bartzelonakoa da, eta hura ere kolokan egon liteke; izan ere, Ada Colau alkateak gobernuko bazkideei eskatu die 155.aren ezarpena arbuiatzeko, eta iragarri Barcelona En Comuk "hausnarketarako tarte bat" hartuko duela, akordioaz gogoeta egiteko.
Espainiako Senatua datorren ostiralean da aztertzekoa -eta, sorpresarik ezean, onartzekoa- Rajoyk proposatutako neurri sorta. 155.aren ezarpena babesten duten alderdiek, PP, PSOE eta Ciudadanosek ez zuten senataririk lortu azken hauteskundeetan, baina PSCk badu bat, Kataluniako Parlamentuak izendatuta: Jose Montilla. Interesa piztu da Montillak bozkatuko duenaren inguruan, kontuan hartuta parlamentuak izendatutako senataria dela eta Generalitateko presidente ere izan zela.
Azken urteotan, herritarren babesaren apalaldi handia izan du alderdiak. 1999an, 1.183.299 boto eskuratu zituen (%37,70), eta 135etik 52 parlamentari. 2015eko irailean, berriz, 520.022 boto jaso zituen (%12,72), eta hamasei diputatu ditu.