155. artikuluari "oposizio demokratikoa" egiteko eskatu die Puigdemontek katalanei

Orduebete lehenago iragarritako hitzaldi laburra egin du Kataluniako presidenteak. Pazientzia izateko eta eusteko eskatu du, eta gobernuak "egonkortasuna" eta "lasaitasuna" bermatzeko lan egingo duela iragarri.

Carles Puigdemont, Generalitatean eginiko agerraldi batean. ALEJANDRO GARCIA, EFE
Samara Velte.
2017ko urriaren 28a
14:57
Entzun

Madrilgo mehatxuek ez dute Katalunia independenteko gobernua izutuko; hala ulertarazi du, bederen, Carles Puigdemontek, 14:30ean egin duen ezohiko adierazpen instituzional baten bidez. Kataluniako Errepublikako presidente gisa agertu da telebista publikoan, ez Espainiako Gobernuak kargugabetutako presidente autonomiko ohi gisa —adierazpena, ordea, Gironatik egin du, ez Generalitateko Jauregitik—. Atzoko independentzia adierazpenarekin abiatutako bideari eusteko eskatu die herritarrei: "Egun historikoa izan genuen atzo, zentzu zibikoz betetakoa". Espainiako Ministroen Kontseiluak hartutako erabakiak —155. artikulua ezartzea, gobernuko kideak kargugabetzea eta parlamentua desegitea— "herritarrek hautetsontzietan adierazitako borondatearen aurkakoak" direla salatu du: "Gizarte demokratiko batean, parlamentuek aukeratzen edo kargugabetzen dituzte presidenteak".

Puigdemonten arabera, Kataluniako herritarrek ulertu dute "etapa berri batean" sartu dela herrialdea, eta hura "defendatzen" jarraitu behar dela "konpromiso baketsu eta nekaezinarekin". "Agindu demokratikoak betetzeko lan egiten jarraitzea da gure borondatea, eta, aldi berean, gehienezko egonkortasuna eta lasaitasuna bulatzea", esan du gobernuaren izenean; pazientzia eta eusteko gaitasuna eskatu die herritarrei: "Orain arteko lorpenak sendotzeko modu onena 155. artikuluari oposizio demokratikoa egitea da".

"Herrialde libre bat eraikitzeko lanean jarraituko dugu", esanez amaitu du bost minutuko hitzaldia: "Injustizia gutxiago dauzkan gizarte bat bermatzeko, berdintasun gehiago, elkartasun eta anaitasun gehiago izango dena munduko herri guztiekin, Espainiakoetatik hasita".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.