155a ezartzeko urratsak egiten jarraituko du Espainiako Gobernuak

Puigdemonten erantzunak hari jarritako errekerimendua bete ez duela iritzita, Kataluniaren autonomian esku hartzea areagotzeko neurriak hartuko ditu Espainiako Gobernuak.

Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramailea, prentsaurreko batean, joan den astean. MARISCAL, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko urriaren 19a
07:23
Entzun

Madrilek berehala erantzun dio Carles Puigdemont Kataluniako presidentearen eskutitzari, eta adierazi du ez duela jarreraz aldatuko. Mariano Rajoyren gobernuak konstituzioaren 155. artikulua ezartzeko urratsak egiten jarraituko du, iritzita Puigdemontek ez duela bete Madrilen agindua.

Hurrengo neurriak larunbatean hartuko ditu gobernuak, Ministro Kontseiluan. Bilkura horretan zehaztuko ditu Kataluniako autonomiaren esku hartzean sakontzeko Senatura bideratuko dituen eskariak. Eskari horiek oztoporik gabe onartuko ditu ganbarak, PPk gehiengo osoa baitu. Ikusteko dagoena da Espainiako Gobernuak zenbateraino esku hartuko duen Kataluniako autonomian, artikulua zehazgabea baita. Dagoeneko hartua du haren finantzen gaineko kontrola.

Iñigo Mendez de Vigo Espainiako Gobernuko bozeramaileak adierazpen instituzionala irakurri du hedabideen aurrean, 10:30ean, Puigdemontek errekerimenduari erantzun eta 45 bat minutura. Haren esanetan, Puigdemontek uko egin dio Espainiako Gobernuak galdegin diona betetzeari. Mendez de Vigok zehaztu duenez, Madrilek Kataluniako presidenteari agindu zion "era argi eta zehatzean jakinaraz zezala Kataluniako aginteren batek erkidego horretako independentzia deklaratu ote zuen, eta ordena konstituzionala ezartzera dei egin zitzaion".

Espainiako Gobernuak bere jarrera babesten duten alderdi politikoen babesa eskertu du, eta gaitzetsi egin du Generalitatearen jokabidea. Kataluniako Gobernuari leporatu dio erakundeen arteko "gatazka" bilatzea, eta elkarbizitzan eta Kataluniako ekonomian "kalte larriak" eragitea.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.