155.a Konstituzionalean salatuko du Kataluniako diputazio iraunkorrak

Konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpenari helegitea aurkeztea adostu du Kataluniako diputazio iraunkorrak. Junts Pel Sik eta CSQP-ek neurriaren alde bozkatu dute; CUP abstenitu egin da, eta C's, PSC eta PP kontra agertu dira.

Kataluniako diputazio iraunkorraren gaurko saioko irudi bat.
Gorka Berasategi Otamendi.
2017ko abenduaren 27a
11:54
Entzun

Kataluniako Parlamentua ez da ohiko jardunean ari, abenduaren 21eko hauteskundeetara deitu zenetik deseginik baitago, eta oraindik ez baita parlamentari hautatu berriekin osatu. Aldiz, ordezkari berriak izendatu arte indarrean den diputazio iraunkorra bildu da gaur, konstituzioaren 155. artikuluaren ezarpenari helegitea jartzeko aukera eztabaidatzeko. Espainiako Gobernuak bultzatutako neurria Auzitegi Konstituzionalean salatzea erabaki du diputazio iraunkorrak.

Junts pel Si eta Catalunya Si Que es Pot alderdien iritziz, Espainiako Senatuak Espainiako Gobernuaren eskariz Kataluniaren autonomian esku hartzeko hartu zuen neurria konstituzioaren aurkakoa da, eta 155ari helegitea aurkeztearen alde bozkatu dute bi indarrek. CUP, berriz, abstenitu egin da, ez baitio Konstituzio Auzitegiari zilegitasunik aitortzen. Helegitea aurkeztearen kontra egin dute C's-ek, PSCk eta PPk, eta prozesu subiranistaren aldebakarreko bidea amaitzeko "modu bakarra" zela azpimarratu dute.

Unidos Podemosek ere helegitea aurkeztua du 155.aren aplikazioaren aurka.

Nolanahi ere, Espainiak ez du erakusi artikulo horren aplikazioak atzera egiteko asmorik. Alderantziz, gaur bertan borobildu du 155. artikuluaren aplikazioa, finantza arloan ere eskua sartuz. "Egonkortasunerako legea" baliatu zuen Cristobal Montoro Espainiako Ogasun ministroak, irailean, finantzen kontrola hartzeko. Gaur, baina, kontrol hori ere 155. artikuluan aterpetu da. Gaur argitaratu da erabakia Espainiako Aldizkari ofizialean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.