Londrestik jarduten duen Ikerketa Kazetaritzako Bulegoak argitara eman duenez, CIA AEBetako Inteligentzia Agentziak 'drone' bidezko 330 eraso egin ditu, gutxienez, azken zazpi urteotan Pakistanen. Horietan, 2.371 pertsona hil zituzten. Dena den, publiko egin duten txostenak kasu gehienetan ez du zehazten haietatik zenbat ziren zibilak eta zenbat "militanteak"; horren ordez, "bertakoak" eta "ez bertakoak" bereizten ditu.
Sailkapen horren arrazoietako bat erabilitako iturriak dira. AEBek batez ere Afganistango mugako eskualde tribalak bonbardatzen dituzte piloturik gabeko hegazkinekin, Afganistanera igarotzen diren talibanek gotorlekua bertan dutela argudiatuta. Islamabadeko gobernuak baino, agintaritza tribalek kontrolatzen dute tokiko administrazioa. Ikerketa Kazetaritzako Bulegoaren arabera, tokian tokiko gobernuak egunero ematen dio gertatutako erasoen berri gobernu zentralari. Komunikazio-jario horretatik ateratako txostena da erakundeak filtratu duena.
AI Amnesty Internationalen arabera, ordea, arrazoiak badaude pentsatzeko Islamabadek propio utzi duela hildako zibilen kopurua zehaztu gabe. "Ez dirudi taula hauek hilketei buruzko egia osoa esaten ari zaizkigunik", esan du Mohamed Qadri AIko ikerlariak: "Eta ez du ematen kontaketaren helburua biktimei laguntzea denik". Txostenak apenas aipatzen duen eraso zehatzik, eta hildakoen bosten bat baino ez dute izen-abizenekin identifikatu. "Ongi dokumentatuta dauden kasu batzuk ere ez dira agertzen", dio Ikerketa Kazetaritzako Bulegoaren oharrak: "Ezta tokiko administrazioak onartu dituen batzuk ere".
Obamaren eragina
Filtratutako aktek beste zenbait hutsune dituzte: 2007. urteko daturik ez dago —orain arte argitaratu izan dituzten txostenen arabera, urte horretan hasi ziren drone bidezko erasoak ugaritzen—, eta 2009tik aurrera ia erabat desagertzen dira zibilei egindako erreferentziak. Azkena 2009ko urtarrilaren 23koa da, Barack Obamak AEBetako presidente kargua hartu eta bizpahiru egunera. "Kasualitate handia da informazioa biltzeko modua aldatu izana Obamak agintea hartu zuen unean", esan du Qadrik.
Washingtonek sarri defendatu du droneen erabilera, pilotatutako hegazkinak baino zehatzagoak direla eta, beraz, albo-kalte gutxiago eragiten dutela argudiatuta. Orain arte argitaratutako ikerketa independente gehienek, ordea, kontrakoa diote: NBE Nazio Batuen Erakundearen arabera, droneek gutxienez 2.200 lagun hil dituzte Pakistanen, eta horietatik 518, gutxienez, zibilak ziren; Pakistan Body Counten arabera, hildakoak 3.211 ere izan daitezke, eta horietatik zibilak, 2.521.