KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

2014tik 2017ra, estatutik errepublikara

2014ko azaroaren 9an eginiko "prozesu parte hartzailetik" aurtengo urriaren 1ean egitekoak diren erreferendumera, badira aldeak orduko eta oraingo galderen artean.

Bi emakume, 2014ko azaroaren 9ko galdeketan botopapera erakusten, Katalunia estatu independente izatearen alde. MARTA PEREZ / EFE
jon olano
2017ko ekainaren 9a
08:06
Entzun

Egoera, prozesuaren unea, Kataluniako Parlamentuaren mandatua eta gehiengoak... apenas joan diren bi urte eta erdi 2014ko azaroaren 9an Katalunian etorkizun politikoari buruz erabakitzeko "prozesu parte hartzailea" egin zutenetik, baina badira aldeak orduko eta gaur egungo jokalekuen artean.

Desberdintasun horien isla izan daiteke 2014ko eta datorren urriaren 1eko galderen artean dauden xehetasunak. 2014ko azaroan, bikoitza izan zen galdera; "nahi al duzu Katalunia Estatu bat izatea?" eta, baiezkoan, "Estatu independentea izatea nahi al duzu?". Orduan, galdera bikoitzaren formula erabilita, galdeketaren aldekoek argi txertatu zuten estatu independentearen aukera, baina atea zabaldu zioten beste estatu forma baten aukera jasotzeari —federala, konferderala...—.

Orduan, PSC zen keinu horren jomuga. Gizarte mugimenduez gain, galdeketaren bultzatzaile izan ziren Convergencia i Unio, Esquerra Republicana de Catalunya, Candidatura de Unitat Popular eta Iniciativa per Catalunya - Verds. 2012ko bozetan, erabakitzeko eskubidearen aldeko indar horiek legebiltzarraren ordezkaritzaren %64 lortu zuten, eta, galdeketak parte hartze handia —eta, horrekin batera, zilegitasuna— izan zezan, estatu soilari buruzko erreferentziak bilatzen zuen PSCko eta Unioko sektoreak ere mobilizatzea. Azaroaren 9an, 2,3 milioi kataluniarrek eman zuten botoa. Aintzat hartu behar da testuingurua; galdeketak esangura politiko handia izan bazuen ere, ez zen loteslea. Orduan ere, ez zuen Espainiako Gobernuaren baimenik.

Ondoren izan ziren plebiszitu tankerako hauteskundeak, eta legebiltzarrean independentziaren aldeko gehiengoa osatu zen: Junts Pel Sik eta CUPek 72 diputatu lortu zituzten 135etik, eta parte hartzea historikoa izan zen. Ordea, portzentajean, independentziaren aldekoek %48 boto eskuratu zituzten, eta %40, berriz, argi independentziaren aurka azaldu zirenek —PSC, PP eta Ciutadans—. Egoera horretan, azken urte eta erdian, asko egon dira Catalunya Si Que Es Potek —besteak beste, ICVk eta Podemek osatutako koalizioak— hartzen duen jarrerari begira. Erabakitzeko eskubidearen aldeko indarra dela esanik, erreferenduma modu adostuan egitearen aldekoa da CSQEP, baina, Madril erreferendumaren ukazioan kokatuta, koalizioari gerturatzen ari zaio zirt edo zart egiteko unea.

Testuinguru horretan heldu da Carles Puigdemont Kataluniako gobernuburuak iragarritako galdera: "Nahi duzu Katalunia estatu independente izatea errepublika gisa?". Oraingoan, anbiguotasunak saihesteko —Kanadako Argitasun Legeaz geroztik, irizpide orokortua da galderak ulerterraza izan behar duela—, galdera bakarra izango da, eta independentziaren aipamen argia, baina bada beste berritasun bat 2014koarekiko: errepublikari eginiko erreferentzia. A-9an batez ere PSCko jendea mobilizatzea zen helburu, eta, errepublika hitza txertatuta, CSQEP osatzen duten alderdien soziologia hautetsontzietara erakartzea da oraingo xedea. Estatu formaz harago —monarkiaren aurkakotasuna—, errepublikanismoak Katalunian duen tradizioagatik ere, horren aldekoak ziren, esaterako, ERC eta CUP.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.