Duela 136 urte hasi ziren Lurraren tenperaturari buruzko datuak biltzen, eta, ordutik gaur arteko datuen arabera, iazkoa izan zen urterik beroena. XX. mendeko datuei begiratuta, Lurrak, batez beste, 13,9 gradu zentrigraduko tenperatura izan du; 2015ean, ordea, batez besteko hori ia gradu bat handitu zen (zehazki, 0,9 gradu).
2014an ere gainditu egin zen batez bestekoa, eta handitzen doa lurraren tenperatura, NASAk eta AEBetako Ozeanoen eta Atmosferaren Administrazioak eman dituzten datuen arabera. 2014tik 1015era, 0,13 gradu handitu da batez bestekoa.
Ikerlariek zehaztu dute lehenago ere bi urtez jarraian gainditu direla batez besteko tenperatura horiek (1940 eta 1941ean; 1980 eta 1981ean), baina ohartarazi dute 2016an berriro ere batez besteko tenperaturak hazten jarraituko balu, "aurrekari esanguratsua" izango litzatekeela.
Ozeanoei buruzko datuak ere eman dituzte. Hogeigarren mendeko batez bestekoa baino 0,74 gradu beroago egon dira itsasoetako urak 2015ean. Lurrazaleko tenperaturaren batez bestekoa, berriz, XX. mendean baino 1,33 gradu zentigradu beroagoa izan zen iaz.
Artikoko eta Antartidako izotzformazioak ere ikertu dituzte, eta berretsi dute azken urteetako datu okerrenetakoak bildu dituztela, urtzen ari direlako poloak.
Zientzialariek nabarmendu dute joan den abendukoa kasu berezia izan zela. Hogeigarren mende guztiko abendu guztietan izandako tenperaturak baino 1,11 gradu beroagoak egin zituen iazko abenduan.
NASAko ikerlarien arabera, berotze globalaren ondorio da Lurraren batez besteko tenperaturaren hazkunde hau, eta ez El Niño edo gisa horretako fenomenoek zuzenean eragindakoa.