Espainiako estatu eredua

23.058 herritarrek bozkatu dute estatu ereduari buruzko galdeketan

Parte hartzaileek monarkia ala errepublika nahiago duten bozkatu dute, Madrilen. %93k errepublikaren alde bozkatu du, eta %6,4k monarkiaren alde.

Estatu ereduari buruzko galdeketako hautes mahai bat, Madrilgo Sol plazan.
2018ko abenduaren 2a
14:15
Entzun

Guztira, 81 hautetsontzi jarri dituzte Madrilen, bost udalerritan eta hiriburuko 50 auzotan banatuta, estatu ereduari buruzko "herri galdeketan". "Zein estatu eredu nahiago duzu zure herrialderako?" galderari erantzuteko aukera izan dute parte hartzaileek, eta bi aukera proposatu zaizkie: monarkia ala errepublika. Antolatzaileen esanetan, "harrera oso ona" egin diote herritarrek.

23.058 herritarrek parte hartu dute galdeketan. Horietatik, 21.470k bozkatu dute errepublikaren alde, eta 1.481k, berriz, monarkiaren alde. "Badakigu ez dela erreferendum lotesle bat, ezta inkesta bat ere, baizik eta trantsizioan eztabaidarako proposatu ez zen gai horren inguruan erabakitzeko eskubidea gauzatu nahiaren adierazpen bat", adierazi dute sustatzaileek.

Hain justu, galdeketaren helbururik garrantzitsuena hautetsontziak herritarren eskura jartzea dela nabarmendu dute, "kalean egotea, eta herritarrak erabakitzeko eskubidea gauzatzera deitzea". Gaurko galdeketa estatu ereduari buruzkoa da, baina ez dute arlo horretara mugatu erabakitzeko eskubidearen aldarria. Aldiz, hainbat gizarte gairen gainean ere erabakitzeko aukera galdegin dute.

Galdeketan parte hartu duten Arrasateko Marixerekin eta Iruñeko Davidekin hitz egin du BERRIAk. Madrilgo Unibertsitate Autonomoan ikasten dute, eta ekinaldiarekin bat egiteko beren arrazoiak azaldu dituzte.

[youtube]https://youtu.be/YeQuX6KaScM[/youtube]

Madrilgo erkidegotik kanpo ere, beste bi hiri batu dira galdeketara, Miranda de Ebro (Burgos) eta Talavera de la Reina (Toledo).

Antolatzaileek ziurtatu dute gaurko galdeketa "estatuko geografia osoan hedatzen ari den olatu demokratiko baten hasiera" dela. Epe motzean galdeketa gehiago antolatuko dituztela iragarri dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.