28. izartxoa lainotutako zeruan

Jugoslavia ohitik sortutako errepubliketatik bigarrena hartu du Europako Batasunak: Kroazia. Besteek ere martxan dituzte izapideak, baina oztopo handiak dauzkate gainditzeko.

28. izartxoa lainotutako zeruan.
Samara Velte.
2013ko uztailaren 2a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Atzotik, estuxeago daude Europako Batasuneko zirkulua osatzen duten izartxoak. Krisi ekonomikoarekin borrokan ari diren herrialdeen klubak beste kide bat du orain: Kroazia. EBko 28. estatua da orain, baina bera ere ez da kargarik gabe iritsi: zakukada bat arazo ekonomiko ekarri du arrastaka. Zagreb erdialdeko Ban Jelacic plazan, suziri eta Beethovenen Alaitasunaren oda artean ospatu zuten igande gauean milaka herritarrek eta nazioarteko 170 ordezkarik Kroaziaren izendapena. Haiei mintzatu zitzaien Europako Batzordeko presidente Jose Manuel Durao Barroso: «Kroazia zegokion lekura itzuli duzue: Europaren bihotzera».

EB hedatzen den zazpigarren aldia da. 2008tik, krisia hasi zenetik, ez da beste inor sartu, hainbat estaturen negoziazioak askoz lehenagotik martxan diren arren. Kroaziako ekonomiak ere 2009an jo zuen hondoa, eta %20 inguruko langabeziarekin zer egin asmatu ezinik dabil orain. Martin Schulz Europako Parlamentuko presidenteak ere ohartarazi du EBk ez diola «irtenbide magikorik» ekarriko, baina gutxienez eskura izango dituela Europako funtsak. Azpiegitura berriak, ikerketa eta garapena finantzatuko ditu hartara: «Horrek ekonomia modernizatzea ekarriko du, eta herritar askori pobreziatik ateratzen lagunduko die».

Kroaziako lehen ministro Zoran Milanovicek ez du uste hondoratzen ari den ontzi batera sartzen ari denik. «Edalontzia erdi betea dago, eta ez erdi hutsa», esan zuen igande gauean, nazioarteko ordezkariekin eta Kroaziako goi kargudunekin egindako afari ofizialean. Kroaziak independentzia lortuz geroztik izan dituen estatuburu guztiak bildu zituen mahaiaren ingurura, azken orduak zenbatzera, Ivo Sanander lehen ministro ohia salbu: espetxean da hura, ustelkeriagatik jarritako zigorra betetzen.

Hamar urtez, negoziazioetan

Schulzen arabera, «lana gogor» egin du Kroaziak azken urteotan, Jugoslavia ohiko hondarretatik Bruselako bulegoetara heltzeko. Zagrebek 1991n aldarrikatu zuen independentzia Jugoslavia zenetik, baina prozesu hark gerra betean eduki zuen herrialdea lau urtez, banaketaren aldeko kroaziarren eta aurkako serbiarren artean. Azkenean, NBE Nazio Batuen Erakundeko tropen laguntzaz, gaur egungo lurralde osoa bereganatu zuen Kroaziak 1995ean.

Zagrebek 2003ko otsailean aurkeztu zion Bruselari EBn sartzeko eskaera ofiziala. Harrezkero, luze jo dute EBn sartzeko negoziazioek. Tarteka gelditu eta atzeratu ere egin dira; besteak beste, gerrako auzi batzuk ikertzeko zeudelako eta Kroaziak bazuelako Esloveniarekin mugaren inguruko gatazka bat. Iaz, EBn sartzeari buruzko erreferenduma egin zuten: hiru herritarretik bik bozkatu zuten alde. Klubeko bazkide izateko baldintza guztiak betetzen zituela ebatzita, sarrera data ofiziala ipini zion Bruselak: 2013ko uztailaren 1a.

«Guretzat, Europa bake eta segurtasunezko komunitate bat da», esan du Ivo Josipovic presidenteak: «Horregatik, ez dugu nahi Europa gure mugetan amaitzerik». Schulzentzat ere, seinale ona dira Europako ekialdean gertatzen ari diren aldaketak. Mendebaldeko Balkanetako beste herrialdeentzako eredutzat jo du Kroaziaren kasua.

Jugoslaviatik EBra

Jugoslavia ohitik sortutako sei errepubliketan bigarrena da Kroazia izartxoen zirkulura sartzen. Eslovenia 2004an hartu zuten EBn, eta gainontzekoek martxan dituzte sartzeko prozedurak, baina luze jotzeko itxura dute guztiek. Bosniak oraindik ez du eskaera ofizialik ere egin. Mazedonia, Montenegro eta Serbia daude aurreratuen: zuzeneko hautagaiak dira, baina guztiek dituzte gainditu beharreko arrakalak. Lehenak Greziarekin du gatazka, izen bereko eskualde bat dela medio; Montenegrori ustelkeriagatik ipintzen dizkiote trabak; eta Serbiaren prozesua Kosovoren auziak atzeratu du orain arte. Hark 2008an aldarrikatu zuen independentzia, baina iparraldeko eskualde serbiarrak etsaituta eduki ditu Pristina eta Belgrad.

Bruselak estututa, akordioa egin dute bi gobernuek aurten: Kosovok autonomia eman dio iparraldeko eskualdeari, eta Serbiak, nolabait ere, aitortu egin dio Pristinari haren gaineko agintea. Herman Van Rompuy Europako Kontseiluko presidentearentzat, «Balkanetako Gerrak amaitu» diren seinale da itun hori. Serbia EBn sartzeko negoziazioak datorren urtarrilean hasiko dira beranduenez.

Kosovok du zailen. EBko kide diren bost estatuk ez dute haren burujabetza aitortzen, eta, hori aldatu ezean, ezin izango du batasunean sartzeko baimenik jaso. Bruselak, ordea, babesten du, eta estatuen oniritzirik behar ez duen lankidetza akordio bat negoziatzen hastekoa da Pristinarekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.