Bogotan (Kolonbia) elkartu dira munduko 30 herrialdetako ordezkariak. Gaur eta bihar egongo dira batzartuta, eta helburua da Israelen okupazioaren aurkako neurriak adostea, iazko uztailean Nazioarteko Justizia Auzitegiak emandako ebazpen ez-lotesle baten harira. Auzitegi horrek ebatzi zuen Israelen kolonizazio politikek nazioarteko legea urratzen dutela, eta NBE Nazio Batuen Erakundeko Batzar Nagusiko kide diren herrialdeei gogorarazi zien beren «betebeharra» dela Israelen okupazioa legaltzat jotzeari muzin egitea, eta hori handitzeko babesik ez ematea. Hagako Taldeak deitu du batzarrera —Boliviak, Hegoafrikak, Hondurasek, Kolonbiak, Kubak, Malaysiak, Namibiak eta Senegalek osatzen dute—, eta Kolonbiak eta Hegoafrikak antolatu dute, Israel Gazan egiten ari den «genozidioari» eta Zisjordaniako «legez kanpoko ekintzei» aurre egiteko asmoz.
Organismoak datorren irailera arteko epea eman zien herrialdeei Israelen okupazioaren aurkako neurriak har zitzaten; azkenean, data hori iristeko hilabete eta erdiren faltan bildu dira. Han izango dira, besteak beste, Txinako, Espainiako eta Qatarko ordezkariak, baita NBEren Palestinarako kontalari berezi Francesca Albanese ere. Hara iritsi berritan, ekimena goraipatu du sare sozialen bidez: «Azken hogei hilabeteetako gertakari politikorik esanguratsuena da».
Bi eguneko bilkuraren helburua da aztertzea herrialdeek zer-nolako neurri juridiko, ekonomiko eta diplomatiko har ditzaketen Israel «bakartzeko» eta bere kolonizazio politikei aurre egiteko. «Israelen ekintzak ahoz gaitzesteaz haratago, nazioartea horien aurkako neurriak hartzen hasiko da, eta ekimen hau izango da horren erakusle nagusia», esan du Kolonbiako presidente Gustavo Petrok, prentsari egindako adierazpenetan. Kolonbiak eta Hegoafrikak sortu zuten Hagako Taldea, iragan urtarrilaren 31n, Palestinako gatazkarekin lotutako nazioarteko ebazpenak babesteko eta defendatzeko asmoz. Hain justu, Hegoalde Globalekoak dira bi egunotako bileretan parte hartuko duten herrialde gehienak.
2023ko urriaren 7az geroztik Israel Gazan egiten ari den sarraskiari ere erreparatuko diote. «Pozik nago Bogotan egoteaz, eta gogotsu nago zenbait herrialderekin elkarlanean Gazako masakrea amaitzeko konpromisoak hartzeko», adierazi du Albanesek, sare sozialen bidez. Asteon AEBetako presidente Donald Trumpen administrazioak hainbat zigor jarri ditu haren aurka, argudiatuta «legez kanpoko» tresnen bidez AEBetako eta Israelgo funtzionarioen aurka egin duela Nazioarteko Zigor Auzitegian.
Israel Gazan egiten ari den sarraskiak haserrea eragin du nazioartean, baina, gaur-gaurkoz, herrialde gutxi batzuek soilik hartu dituzte Tel Aviven aurkako neurriak: Hegoafrikak Israelen aurkako salaketa bat jarri zuen Nazioarteko Zigor Auzitegian, Genozidioaren Konbentzioa urratzea egotzita, iazko urtarrilean. Gerora, salaketa horrekin bat egin dute hainbat herrialdek, hala nola Boliviak, Kolonbiak eta Namibiak. Bestalde, Namibiak eta Malaysiak ez dute baimenik eman Israelera armak zeramatzaten ontziak beren portuetan gelditzeko, eta Kolonbiako Gobernuak eten egin ditu, behin-behinean, Israelgoarekin zituen harreman diplomatikoak. Konferentzia bukatu ondoren, bihar, manifestazio jendetsu batera deitu du Kolonbiako Gobernuak, Israelen erasoaldia gaitzesteko eta Hagako Taldea babesteko.
Gazako egoera «katastrofikoa»
Gazan laguntza humanitario gehiago sartzen dela bermatzeko asmoz, itun bat sinatu zuten joan den astean EB Europako Batasunak eta Israelek. Lau egun ondoren, baina, Tel Avivi belarritik tira egin dio EBko diplomaziaburu Kaja Kallasek, gaur prentsari egindako adierazpenetan: «Gazako egoera katastrofikoa da, eta hobera egiten duela ikusi arte, [ituna] ez da nahikoa izango». Hain justu, Kallasek ohartarazi dio Israeli ez dela nahikoa akordioa sinatzea, baizik eta beharrezkoa dela dokumentu horretan adostutakoa betetzea. Dena den, jakinarazi du «aldaketa positiboak» ere antzeman dituztela azken egunotan: «Mugen irekierari, sare elektrikoaren konponketari, ur hornidurari eta kamioi humanitarioen iritsierari dagokienez, erakusle positiboak ikusi ditugu».
Kontu humanitarioak bazter utzita, talde komunitarioak Israeli zigorrik jarriko ote liokeen galdetu diote diplomaziaburuari; haren arabera, «ezin da aurreikusi» estatu kideetako ordezkariek zer erabakiko duten; halere, esan du lehentasuna «Gazako egoera humanitarioa hobetzea» dela. Bada, horrekin lotuta, NBEko Giza Eskubideen Bulegoak jakinarazi du azken hilabete eta erdian gutxienez 875 pertsona hil dituztela janaria banatzeko guneetan; hau da, GHF Gaza Humanitarian Foundation elkarteak kontrolatutako eremuetan.
Israelgo armadak Siriako As-Suwayda hiria bonbardatu du gaur goizean, argudiatuta hango drusoen komunitatea «babestea» zela eraso horien helburua. Hala baieztatu dute Israelgo lehen ministro Benjamin Netanyahuk eta Defentsa ministro Israel Katzek, beren bulegoek zabaldutako ohar baten bidez. Eremu horretan istiluak izaten ari dira azken egunetan, tribu beduinoen eta milizia drusoen artean, eta dagoeneko 30 hildako eta 100 zauritu baino gehiago eragin ditu liskarrak. Horren harira, Siriako Barne Ministerioak atzo azaldu zuen operazio bat hasi duela gatazka amaitzeko; eta, hain justu, Netanyahuk eta Katzek Israelgo armadari agindu diote Siriako Gobernuaren indarrei eraso egiteko. Dena den, Israelek bonbardaketak egin eta gutxira, Siriako Gobernuak iragarri du su-eten bat adostu dutela bi aldeekin. Bestalde, Israelgo armadak beste behin eraso egin dio Libano hegoaldeari: Bekaa haraneko zenbait eremu bonbardatu ditu, argudiatuta Hezbollah milizia xiitak han dituen zenbait azpiegiturari kalte egitea zela beren helburua. Libanoko ANN albiste agentziaren arabera, sei pertsona zauritu dira eraso horretan.Israelek siriako AS-suWAYda hiria bonbardatu du
%10Gazako zenbat haur dauden malnutrizioak jota. UNRWA Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak gaur jakinarazi duenez, Gazako beren osasun zentroetan artatu dituzten haurren %10 malnutrizioak jota daude. 2024tik aurrera jasotako datuak aztertu dituzte; ordutik, 5 urtetik beherako 240.000 adingabe inguru artatu dituzte.