30 urteren buruan, emaitzak agerian

1981eko martxoaren 1ean Bobby Sands estatus politikoaren aldeko gose greban sartu zen. Sands eta beste bederatzi preso irlandar hil ziren hurrengo hilabeteetan. Haien borrokak zeharo aldatu zuen gatazka.

Jim Gibney Sinn Feineko kidea eta Kieran Doherty gose grebalariaren anaia, Belfasteko erakusketan. A. VILLANUEVA.
Belfast
2011ko martxoaren 5a
00:00
Entzun
Alde guztiek bat egiten dute esatean Irlandako mugimendu errepublikanoak azken 30 urteotan bidaia azpimarragarria egin duela. Borroka armatutik politika konstituzionalera igaro da. Stormonten aurka borrokatzetik—han dute egoitza Irlanda iparraldeko erakundeek—, Stormont bera kudeatzera pasa da. Baina bidaia luzea izan da, aldaketak ez dira gauetik goizera etorri. Hartutako urratsak eztabaida gogor eta hausnarketa sakonaren ondorioz iritsi dira.

Hausnarketarik erabakigarri horietako askoespetxean eman ziren, 1970eko hamarkadaren amaieran. Gatazka armatua blokeo egoera batera heldu zen eta garaipen azkar baten amets inozoek errealitate egoskorrarekin talka egin zuten. H-Blokeetako espetxe berrian gerra luzeaz hasi ziren mintzatzen preso errepublikano gero eta ugariagoak. Gerra luze haren lehen urteek presondegia izan zuten jokalekua. 1976an gobernu britainiarrak IRAren indarrarekin amaitzeko kriminalizazioari ekin eta presoei estatus politikoa kendu zien. Horren aurrean,errepublikanoek preso arrunten uniformea janzteari uko egin zioten lehendabizi. Jarrera horren ondorioz jaso zituzten jipoien aurka ziegetan itxi ziren errepublikanoak. Horrela sortu zen garbiketa ezaren borroka. Kaka hormetan hedatzen hasi ziren. Txisak ziega bustitzen zuen. Kanpoalderekin harreman guztiak moztu zituzten.

Egoera bortitz hori aurkitu zuen Raymond McCartney gazteak 1978an espetxeratu zutenean. Atzo bertan balitz bezala gogoratzen duela dio egunotan ematen ari den hitzaldietan. Berehala, zegokion espetxe hegalean, gose greben aukeraz eztabaidatzen hasi ziren. Bi urteren buruan mundu osoari itzulia eman zioten irudi zirraragarrien protagonista izan zen bera. Bizarra luzeaz, ohean etzanda, tinko baina ahul agertu zen kameren aurrean. Preso bereziak zirela erakusteko hiltzeraino iristeko prest zeudela azaldu zuen.

Lehen gose greba ezer lortu gabe amaitu zen. Presoen artean berriro eztabaidak hasi ziren eta bigarren aldiz gose grebari ekitea erabaki zuten. Oraingoan argi zeukaten hiltzeraino joan beharko zutela. 22 urteko Pat Sheehanek bere izena eman zuen. Aste batzutara IRAren buruzagitzak bidalitako mezua jaso zuen. «Pat Sheehanboluntarioari» zuzentzen zitzaion. Boluntario titulua ikusteak harrotasunez bete zuen. Berehala pentsamendu ilunago bat agertu zitzaion, ordea. Izan ere, boluntario hitza eroritako borroka kideen hilarrietan idatzita besterik ez zuen irakurri ordurarte. Hasierako zalantzak laster desagertu ziren. Gose grebak ahultzen zuen bitartean psikologikoki indartu zuen.

1981eko urriaren 3an, hamar kide gose greban hil ondoren, presoek gose grebak bertan behera uztea erabaki zuten. 55 egun zeramatzan Sheehanek jan gabe. Heriotzatik 48 ordu eskasetara zegoen.

Egun, McCartney eta Sheehan Irlanda iparraldeko legebiltzarreko Sinn Féineko kideak dira. Sheehanen arabera, «gaur egun egiten dudana ez da lehen egiten nuenaren ezberdina. Gure helburua beti berdina izan da IRAn, gose greban edo kalean protestan: Irlanda askea. Aldatu den gauza bakarra taktika izan da».

Zenbaitzuek egiten dizkieten galdera kritikoei ildo bereko erantzutena ematen die McCartneyk. «Zeren alde hil ziren gose grebalariak? Estatus politikoaren alde, kriminalizazioaren aurka, borrokaren osotasunaren alde eta Irlandaren askatasunaren alde eman zuten bizitza. Aske al da gure herria? Ez. Borroka gure helburuak lortu arte jarraitzen ari da? Bai».

Hauteskundeen bidea Bobby Sands berak zabaldu zuen. Mugimendu errepublikanoaren zalantzak eta mesfidantzak gaindituz, bide eraginkorra izan zitekeela erakutsi zuen. Bera bezala beste bi gose grebalari parlamentari gisa hautatuak izan ziren Westminsterko Parlamentuan.

Gose grebak amaitu eta hilabetera Sinn Féinek egin zuen batzar berezian Danny Morrison alderdiaren publizitate sailaren buruak eta gose grebalariekin harremanetaz arduratzen zenak era erraz batean laburbildu zuen estrategia berria: «Esku batean armalite —IRAk erabiltzen zuen metraileta mota— eta bestean boto papera». Borroka luzea irabazteko asmoz fronte osagarria abian jarri zuten, beraz.

Gose grebek belaunaldi berri bat eta nazioarteko arreta erakarri zituzten borrokara. Analista guztien arabera gose grebak irlandar historian mugarri bat izan ziren.

Historiaren keinuak

Historia beraren keinu bat bizi dugu aste honetan. Bobby Sandsen gose grebaren hasieraren 30. urteurrenean Sinn Feinek Irlanda hegoaldearen estatua sortu zenetik hauteskunde emaitzarik onenenak jaso zituen Dublingo parlamentuan.

Baina ez da hori aurtengo historiaren keinu bakarra izanen. Bobby Sandsen heriotzaren 30. urteurrenean iparraldeko hauteskundeak ospatuko dira. Sinn Féinek, lehen aldiz, Irlanda iparraldean alderdirik bozkatuena bihurtzeko aukera handiak dituztela esaten dute inkestek.

Gose grebak bizi zituztenek oraindik haien garrantzia eta eraginaren osotasuna neurtzeko goiz dela diote. Inork ez du ukatzen, ordea, egoera erabat aldatu dela hiru hamarkada hauetan.

Aste honetan bertan orain dela urte gutxi pentsaezina zen egoera eman zen. Leku ezohiko batean, Belfast erdiko liburutegi nagusian eta auzo errepublikanoetatik urrun, Dublingo parlamentari berri Gerry Adamsek eta iparraldeko lehen ministro Martin McGuinnessek gose grebei buruzko nazio erakusketa zabaldu zuten. Ekitaldiz beteriko urteurrenari hasiera eman zioten horrela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.