Erresuma Batuko Poliziak 39 pertsonaren gorpuak aurkitu ditu bart gauean Grays herrian, Ingalaterran, kamioi bateko edukiontzian. Industrialde batean aurkitu dute kamioia. Baieztatu dutenez, hildakoen artean nerabe bat dago. Ez dute esan oraindik biktimak nongoak diren, baina lehen datu horien arabera litekeena da migratzaileak izatea eta gertatutakoak jendearen trafikoarekin zerikusia izatea. Edukiontzia Bulgarian erregistratuta dago. Identifikatzea prozesu luze bat izango dela iragarri dute.
Kamioiaren gidaria irlandarra da; 25 urte ditu, eta atxilotu egin dute hilketa delitua leporatuta. Industrialdea itxi egin dute, eta gertatutakoa ikertzen ari dira. Hildakoak agertu diren edukiontzia 23:30ean iritsi da bart gauean Ingalaterrara. Hasieran, Poliziak esan du larunbatean iritsi zela, eta Galestik barrena sartu zela Ingalaterran. Gero, ordea, argitu dute bart Ingalaterrako Purfleet portura iritsi dela zuzenean, Belgikan itsasoratu zen itsasontzi batean; Tamesis ibaiaren ertzean dago portu hori.
Portura iritsi eta ordu erdira atera da edukiontzia handik, Ipar Irlandatik iritsi den kamioi batean. Purfleetetik bi kilometrora aurkitu dute, eta barruan 39 hilotzak. Poliziak 00:40an jaso du kamioiaz ohartarazi duen deia. Aurretik anbulantzia bat joan da, eta larrialdi zerbitzuetako langileek kamioia ireki eta zer zegoen ikusi dutenean ohartarazi dute Polizia. Oraingoz ez da zabaldu nork deitu dion anbulantziari.
Egindako ibilbidea ez da ohikoena. Frantziatik Ingalaterrara bidaiatzeko porturik ohikoenak Calaisekoa eta Doverrekoa dira, baina baliteke horko kontrol gogorrak saihesteko helburua izatea beste bide horrek. Belgikako Fiskaltzak iragarri du jada ikerketa bat abiatuko duela edukiontzi horrek herrialde horretan egin duen bidea argitzeko.
"Ikerketa luze eta zaila izango da hau. Hemengo eta nazioarteko agintariekin ari gara lanean informazioa jaso eta bizitza galdu duten horien nortasuna argitzeko", esan du Poliziaren bozeramaileak.
Aurrekariak
2000. urtean ere Doverren 58 migratzaile txinatarren gorpuak aurkitu zituzten kamioi batean. Gidaria herbeheretarra zen, eta handik urtebetera espetxeratu egin zuten, haiek nahi gabe hiltzea leporatuta. Duela hiru urte, berriz, Austrian 71 migratzaile hil ziren. Hungariatik zihoan kamioi batean aurkitu zituzten guztiak, beroaren eta aire faltaren eraginez itota. Orduko hartan, bulgariarrak izan ziren hamalau zigortuetatik hamabi, eta hildakoak, berriz, Siriako, Irakeko eta Afganistango iheslariak.