Hungarian hamalau lagun zigortu dituzte 71 iheslariren heriotzagatik

Iheslariak kamioi baten barruan ito ziren. Lau laguni bizi guztiko kartzela zigorra ezarri diete

Kristina Berasain Tristan -

2019ko ekainak 21
Austriako A-4 autobideko bazterbidean kamioi bat aurkitu zuten 2015eko abuztuaren 28an. Barruan 71 hilotz zeuden: 59 gizonezko, zortzi emakume eta lau haur. Guztiak iheslariak, Irak, Afganistan eta Siriakoak. Bi egun zeramatzaten hilda. Atzo heriotza horien erantzuleak zigortu zituzten. Hungariako Szegedeko auzitegiak hamalau lagunen kontrako epaia eman zuen: lau laguni, trafikatzaile sareko buruei, bizi guztiko kartzela zigorra ezarri zieten, eta beste hamar laguni, gutxienez lau urtekoa. Hungarian egin dute epaiketa; izan ere, ikerketaren arabera, iheslariak artean herrialde horretan zeuden ito zirenean.

Erik Mezolaki epaileak adierazi du zigortuek bazekitela iheslariek hiltzeko arriskua zutela, hermetikoki itxi baitzuten hozkailudun kamioia: «Akusatuek ez zuten iheslarien heriotza desio, baina onartuta zuten gertatu zitekeela». Epaiak astungarri bat izan du, aintzat hartuta errefuxiatuak, etsita, kolpeka hasi zirela lagutza eskatzeko, eta trafikatzaileek, zarata entzun arren, ez zutela kabina ireki.

Epaileak, bada, heriotza krudel horren araberako zigor bat ezarri du, aurreneko instantzian ezarritakoa baino gogorragoa: orduan 25 urteko kartzela zigorrak ezarri zizkieten trafikatzaile sareko buruzagi bakoitzari; oraingoan, talde kriminal bateko kide izatea ere leporatu diete. Behin betiko epaia da.

Sareko buruzagiek pertsonen salerosketan aritu izana onartu dute; ez, ordea, hiltzaileak izatea. Afganistangoak dira epaituetako bi; Bulgariakoak beste hamabiak.

Errefuxiatuen Nazioarteko Egunean etorri da epaia; alegia, errefuxiatuen kopurua hogei urtean bikoiztu egin dela jakinarazi zuten egunean. Gaur egun, 70,8 milioi iheslari daude munduan, etxea eta jaioterria utzi eta ihesi joandakoak gerragatik, indarkeriagatik, jazarpenagatik edo goseagatik.

Bidean hiltzen direnen kopurua ere gora egiten ari da etengabe. Herenegun, esaterako, 22 iheslari hil ziren Mediterraneoan. Ontzia Marokotik itsasoratu zen, asteartean, 49 lagunekin, baina ferry batek erreskatatu zituenerako soilik 27 lagun zeramatzan; gainontzeko 22ak itsasoan desagertu dira.

Aurten jada 519 errefuxiatu hil dira Mediterraneoan. Nazioarteko Migrazio Erakundeak emandako datuen arabera, iaz 1.151 ito ziren.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna