450.000 errefuxiatu inguru itzuli dira Afganistanera azken hilabetean, Iranek kanporatze agindua eman ostean

Amaitu da Irango Gobernuak errefuxiatu afganiarrei sorterrira itzultzeko emandako epemuga. Teheranen arabera, dokumentaziorik gabeko lau milioi errefuxiatu afganiar inguru bizi dira Iranen.

Errefuxiatu afganiar batzuk Afganistanera itzuli ostean, ekainaren 30ean, Kabulen. SAMIULLAH POPAL / EFE
Errefuxiatu afganiar batzuk Afganistanera itzuli ostean, ekainaren 30ean, Kabulen. SAMIULLAH POPAL / EFE
Aitor Garmendia Etxeberria.
2025eko uztailaren 7a
14:19
Entzun 00:00:0000:00:00

Ekainaren 1etik gaur arte, ia 450.000 afganiar itzuli dira Irandik sorterrira IOM Nazioarteko Migrazio Erakundeko bozeramaile batek AFP France-Press berri agentziari jakinarazi dionez. Irango Gobernuak herrialde hartan bizi diren errefuxiatu afganiar papergabeei Afganistanera itzultzeko agindu zien maiatzaren amaieran. Atzo amaitu zen horretarako epea: uztailaren 6rako alde egin ezean, Teheranek ziurtatu zuen jendea atxilotzen eta deportatzen hasiko zela —bi herrialdeak mugakideak dira—. Irango agintarien arabera, herrialde hartan sei milioi afganiar inguru bizi dira; horietatik lau milioi, dokumentaziorik gabe.

Urte hasieratik 900.000 afganiar baino gehiago itzuli dira Irandik Afganistanera, IOMek gaur jakinarazi duenez. Azken hilabetean, ordea, areagotu egin da Irandik ihes egin duten afganiarren kopurua; hala jakinarazi zuen ostiralean UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak, ohar batean. Ekainera arte, batez beste 5.000 errefuxiatu itzuli ziren egunero Irandik Afganistanera. NBEren agentzia horren arabera, baina, ekainaren 13an Israelek Iranen aurkako erasoaldia hasi zuenetik «nabarmen» egin du gora kopuru horrek. Uztailaren 1ean jo zuen goia: 43.000 errefuxiatuk baino gehiagok zeharkatu zuten Afganistango muga egun hartan.

Gainera, iheslarientzako NBEren agentziak ostiraleko oharrean aipatu zuen Pakistandik ere gero eta afganiar gehiago ari direla itzultzen sorterrira, joan den apiriletik. Hain justu hilabete horretan, 150.000 errefuxiatu inguru itzuli ziren.

IOM eta UNHCR erakundeen arabera, azken hilabeteetan sorterrira itzuli diren afganiarretako asko gogoz kontra itzuli dira, eta adierazi izan dute Irango agintariek herrialdea uzteko «presio» egin dietela. UNHCRk azaldu duenez, afganiarrek Irandik ihes egitera «behartuta» ikusi dute beren burua: zenbaitek salatu izan dute Iranen beren inguruko jendea deportatu dutela, baita «murrizketak, jazarpena eta diskriminazioa» pairatu dituztela ere.

Ezegonkortasuna

Afganiarrak beren herrialdera itzultzera behartzeak eskualdean ezegonkortasuna areagotu dezakeela ohartarazi du iheslarientzako NBEren agentziak; are, oroitarazi du errefuxiatu horiek Europarako bidea hartzea eragin dezakeela. Izan ere, agentziak azaldu du Afganistan «hainbat krisi» pairatzen ari dela; «lau hamarkada iraun duen ezegonkortasun alditik errekuperatzeko borrokan» ari baita. Nazioarteari ere mintzatu zaio UNHCR, eta eskatu du areagotzeko finantzaketa; agentziak diru gehiago behar baitu Afganistanera itzultzen diren herritarrei laguntza emateko.

2021eko abuztuan, AEBetako azken soldaduek alde egin zuten Afganistandik, eta ordutik talibanak daude agintean. UNHCRren arabera, hara itzultzen direnek zailtasun handiak dituzte dokumentazioa eta etxebizitza lortzeko; baita hezkuntza eta osasun zerbitzuak jasotzeko ere. Gainera, agentziak azpimarratu du herrialde horretan emakumeek mugatuta dauzkatela eskubideak, «muturreraino».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.