GAZAREN KONTRAKO ERASOA

50.000 lagun lekualdatu dituzte Gazan operazio militarra hasi zenetik

Guztira 314 dira Israelgo armadak Hegi babesgarria operazioa hasi zuenetik hildako palestinarrak, eta 2.268 zaurituak.

jon olano
2014ko uztailaren 19a
02:38
Entzun

Palestinar Iheslarientzako Laguntza eta Lan Bulegoak jakinarazi duenez, uztailaren 8az geroztik 50.000tik gora dira jada Gazan etxetik joan behar izan duten lagunak. Hori zen Nazio Batuen Erakundearen parte den bulego horren aurreikuspen okerrena.

Chriss Gunness bulegoko bozeramaileak esan duenez, lekualdatutako palestinarren kopurua bikoiztu egin da Israelek lurreko erasoari ekin zionetik: "UNRWAren eskoletara babes bila joan diren palestinarren kopurua bikoiztu egin da azken 36 orduetan, eta 50.000etik gora dira jada. 2008-2009ko gatazkaren maila da hori, eta gora doa kopurua". Berun urtua operazioa egin zuen orduan Israelek, eta 1.500 palestinar inguru hil zituen. Gunnessek nabarmendu du UNRWA oso kezkatuta dagoela erasoaldiaren intentsitatea dela-eta.

Ostiral eta larunbatean gutxienez 68 lagun hil eta 400dik gora zauritu ditu Israelgo armadak, Maan berri agentziak zabaldu duenez; uztailaren 8an operazioa abiatu zuenetik, egun odoltsuena izan zen atzokoa. Khan Younis, al-Qarara eta Beit Hanounen izan dira erasoak, besteak beste. Beit Hanounen familia bereko hiru kide hil ditu Israelgo armadak, airez eraso eginda.

Ashraf al-Qidra Palestinako Osasun Ministerioko bozeramaileak esan du goizaldean Israelek "sarraskia" egin dutela Palestinako zibilen kontra Khan Younisen; zortzi lagun hil eta hogei zauritu dituzte bertan, eta 13 eta 15 urte zituzten hildakoetako bik.

Bestalde, lagun bat hil eta beste lau zauritu dituzte Israelgo Dimona eskualdean, Gazatik jaurtitako suziriek jota. Operazio militarra hasi zenetik, Palestinatik botatako misilen eraginez hiltzen duten bigarren israeldarra da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.