Txina

81era handitu da koronabirusak Txinan hildakoen kopurua

Sintomak agertu aurretik ere koronabirusa kutsagarria dela jakin zen atzo. Txinako agintarien arabera, 5.800 izan daitezke kutsatutakoak. 2.700 kasu daude konfirmatuta.

Mediku talde bat koronabirusak kutsatutako gaixo bat artatzen, Wuhango Jinyintan ospitalean (Txina). STR, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2020ko urtarrilaren 27a
14:09
Entzun

Koronabirusak hildakoen kopurua gora doa Txinan. Larunbatean 41 ziren; igandean, 56; eta gaur kopurua 81era iritsi dela baieztatu dute herrialdeko datu ofizialek. Azken 24 heriotzak Hube probintzian izan dira, Txinako erdialdean.

Ma Xiaowei Osasun ministroak igandean aitortu zuen agintariek birusari buruz duten ezagutza «mugatua» dela, eta, beraz, ez direla gai zehazteko zenbat hedatu daitekeen edo zenbateko arriskua dagoen birusa mutatzeko. Koronabirusaren agerraldiak «aktibo» jarraituko du «denbora jakin batean», ministroaren esanetan.

Koronabirusak izan dezakeen eraginari buruzko kezkak handitu egin ziren atzo, jakin zenean birusa 14 egunetan inkubatzen dela eta sintomak agertu aurretik ere kutsagarria dela.

Ezaugarri horiek nabarmen desberdinduko lukete birus berria Txinan 2002an agertu zen SARS birusarengandik. Azken horrek sintomak eragiten zituen kutsatutako gaixo guztiengan. Horrenbestez, errazagoa zen gaixoak atzematea. SARS birusak 700 heriotza eragin zituen mundu osoan. Kutsatutakoen artean, %13 eta %19 arteko heriotza tasa izan zuen.

Txinako agintarien kalkuluen arabera, 5.794 pertsona egon daitezke birusak kutsatuta. 2.744 kasu daude konfirmatuta. Horietatik 461 egoera kritikoan daude. 

Koronabirusa abenduan antzeman zuten lehenengoz. Batez ere Txinako zenbait gunetan zabaldu da, baina beste hainbat herrialdetan ere identifikatu dituzte gaixoak. Frantziak ostiralean baieztatu zuen hiru herritar atzeman dituela koronabirusak kutsatuta. AEBetako Gobernuak bi gaixo identifikatu ditu. Hego Koreak beste bi kasuren berri eman zuen, eta berdin Japoniak, Hong Kongek, Macaok eta Vietnamek ere. Tailandian hiru gaixo atzeman dituzte, baina horietako bi sendatu egin dira. Malasian beste hiru herritar identifikatu dituzte koronabirusarekin kutsatuta, eta Australiak eta Kanadak jakinarazi dute gaixo bat atzeman dutela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.