Israelek hainbat aire eraso eta tiroketa egin ditu Gazako zerrendan gaur goizaldean. Eskolei, kaleei eta laguntza humanitarioa banatzeko lekuei eraso die armadak, eta 94 hildako eta 581 zauritu eragin ditu. Gazako Osasun Ministerioaren azken datuen arabera, Israelek jada 57.000 gazatar baino gehiago hil ditu 2023ko urriaren 7tik.
Gaza hiriko Al-Xifa ospitalearen arabera, hamazazpi lagun hil dira Al-Rimal auzoko eskolako erasoan. Eskola horrek zerrendako desplazatuak hartzen zituen. Erreskate taldeak hondakinen artean desagertutakoen bila ari dira oraindik, baldintza zailek oztopatuta. Al-Xifa ospitaleko medikuek jakinarazi dute larri zauritutako paziente ugari ere jaso dituztela.
Khan Yunis ere bonbardatu du gaur goizean Israelgo armadak. Aire eraso bidez gazatar desplazatuen karpak jo ditu, eta hildako eta desagertu ugari eragin.
Gainera, 45 palestinar laguntza humanitarioa jasotzear zeudela hil dituzte: bost, GHF Gaza Humanitarian Foundationen banaketa lekuetan; eta beste berrogei, giza laguntza jasotzeko bidean. Maiatz amaieratik GHF arduratzen da giza laguntza banatzeaz zerrendan —laguntza bi hilabetez blokeatuta egon zen—. AEB Ameriketako Estatu Batuetako militar ohiek eta mertzenarioek osatzen dute gehienbat fundazioa, eta Israelen onespena du Gazan sartzeko.
Bitartean, su etena ezartzeko saiakerek aurrera jarraitzen dute. Hamasek atzo ohar batean adierazi zuenez, AEBek proposatutako menia «eztabaidatzen» ari da; baita Israelgo gobernua ere. Israelgo iturri ofizialetan oinarrituta, Ameriketako Estatu Batuetako hedabideek azaldu dute akordio hori bi aldeek onartuz gero 60 eguneko su etenean Hamasek hamar bahitu askatzea eta hemezortzi gorpu itzultzea ekarriko lukeela, Israelek palestinar presoak askatzearen truke.
Hamasek adierazi zuen proposamena «erantzukizunez» hartzen duela eta malgua izateko prest dagoela, betiere «palestinarren interesak» betetzen badira. Bitartekariak bi aldeen arteko akordioa lortzeko ahalegin handiak egiten ari direla ere esan zuen, Asharq News Saudi Arabiako agentziaren arabera. Hala ere, Israelek tropak zerrendatik aterako dituela eta laguntza humanitarioa sartu ahal izango dela ziurtatu nahi du erakunde islamistak. Hamasek ostiralean emango du meniaren inguruan hartutako erabakiaren berri, agentzia horrek argitaratu duenez.
Israelgo Atzerri ministroak asteazkenean adierazi zuen prest zeudela Hamasekin berriz hasteko su etenerako negoziazioak, eta azpimarratu zuen Israel gogotsu dagoela elkarrizketak «ahalik eta lasterren» berriz hasteko.