Errusiako agintariek erabat baztertu zuten larunbatean, Metrojet konpainiaren Airbus 321 hegazkina Sinaiko penintsulan erori eta 224 bidaiariak hil ziren egun berean, Estatu Islamikoak eraitsi zuela airekoa, haren menpeko Egiptoko sail batek erasoa bere gain hartu arren. Igandean, hegazkina airean puskatu zela baieztatu zuten Errusiak eta Egiptok —A321aren hondarrak zortzi kilometro luze eta hiru kilometro zabaleko eremu batean barreiatu ziren—, baina ez zela atentatu bat izan berretsi zuten ikerketako iturri ofizialek. Eta atzo, azkenean, «eraso terrorista baten aukera» aintzat hartzen ari ote ziren galdetuta, «orain» ezin dutela hipotesirik baztertu onartu zuen Dmitri Peskov Kremlineko bozeramaileak.
Hegazkinaren jabeak, Metrojet konpainiak, nabarmendu zuen pilotuen hutsegite batek edo hegazkinaren beraren akats mekaniko batek ezingo zukeela halako ezbehar bat eragin —bat-batean galdu zuten A321 airekoaren seinalea, 31.000 oineko alturan zela—, eta Airbusa airean desegitea azaldu dezakeen arrazoi bakarra «kanpotiko ekintza mekaniko bat» dela erantsi zuen Alexander Smirnovek, Metrojeteko zuzendariorde nagusiak.
Airekoaren bi kutxa beltzak kalte nabarmenik gabe berreskuratu dituzte, eta horien azterketak lagundu behar luke ezbeharraren arrazoiak bilatzen. Baina lurra jo aurretik jada A321 airekoa «kontrolik gabe» zihoala argitu du Andrei Averianovek, Metrojet konpainiako zuzendariorde teknikoak: «Minutu eskas batean, abiadura orduko 300 kilometro baino gehiagoan moteldu zuen, eta 1,5 kilometro jaitsi zen. Jada ez zen hegan ari, erortzen ari zen», azaldu du Averianovek, Flight Radar jazarpen sistematik jaso bide duten informazioaren berri ematean.
Eraso edo leherketa baten hipotesia aintzat hartzen hasi arren, istripua zerk eragin zuen aurreratzeko goizegi dela azpimarratu dute iturri ofizialek, eta kanpotik jaurtitako misil baten edo hegazkinaren barruan leherrarazitako bonba baten aukerak baztertu ez arren, beste hipotesi guztiak ere aztertzen ari direla argitu dute.
Abiazio Zibilaren agentzia
Metrojet konpainiak emandako azalpenak «oinarririk gabeak» direlako kexu agertu zen atzo bertan Rosaviatsia, Errusiako Abiazio Zibilaren agentzia. Ezbeharra «kanpotiko ekintza mekaniko batek» eragin zuela baieztatzeko batere daturik ez dagoela nabarmendu zuen Rosaviatsiako arduradun Alexander Neradkok: «Komunitate aeronautikoari dei egin nahi diot, inork azkarregi ondoriorik atera ez dezan».
Irlandako Abiazio Agintaritzak atzo jakinarazi zuen Xarm el-Xeikhetik San Petersburgorako bidean aireratu eta ordubetera eraitsi zen hegazkinak maiatzean gainditu zuela azterketa tekniko bat, baina Errusiako aire garraioa kontrolatzen duen konpainiak bertan behera utzi ditu A321 hegazkinarekin Metrojet konpainiak egitekoak zituen hegaldi guztiak.
Lufthansa eta Air France-KLM konpainiek Sinaiko penintsula zeharkatu behar luketen hegaldi guztiak bertan behera utzi ditu. Egiptoko Gobernuak «erabaki arduragabea» kritikatu du.
A321 hegazkina atentatu baten ondorioz eraitsi izana ezin dela baztertu adierazi du Kremlinek
«Kanpotiko ekintza mekaniko baten» hipotesia haizatu du Metrojet konpainiak.Hori baieztatzeko oinarririk ez dagoela dio Errusiako Abiazio Zibileko buruak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu