Aaiungo jazarpena salatu eta iker dezan exijitu dio Polisarioak NBEri

Segurtasun Kontseiluak bart egitekoa zuen bileran neurriak hartu ezean, negoziazioak eten egingo dituztela ohartarazi du Bujarik

Kristina Berasain Tristan.
2010eko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Gerra saihesteko bide bakarra nazioarteak esku hartzea izango dela ohartarazi du Fronte Polisarioak. «Neurriak hartzen ez badira, negoziazioak hautsiko dira». Ahmed Bujari Fronte Polisarioak NBE Nazio Batuen Erakundean duen ordezkariak irmo hitz egin du: «Ezin dugu berriro marokoarrekin elkartu, ezer gertatu izan ez balitz bezala; honek mugarri bat ezarri du». Mendebaldeko Saharan gertatutakoa «salatzeko eta ikertzeko» exijitu dio horrenbestez Segurtasun Kontseiluari. Bart zen biltzekoa erakundea, eta diplomazialariak «su-etena hautsi ote den» zehazteko eskatu dio gutun batean: «Fronte Polisarioak ezin du mugitzen ez den panorama baten zain jarraitu, autodeterminazio erreferendum baterako konpromisoa betetzen ez bada». NBEk, honez gero, sinesgarritasuna galdu duela uste du Bujarik ere. Marokok baliatzen duen argudioari, berriz, «gezur hutsa» iritzi dio; «lurraldeari uko egiten badio monarkia eroriko dela eta terrorismoari mugak ezartzen dizkion harresia hautsi egingo dela» dioten argudioak.

Mexikoko enbaxadoreak aurkeztutako salaketari esker iritsi da auzia Segurtasun Kontseilura. Ezohiko bilera izango da, baina ez da espero ebazpenik kaleratzea; izan ere, ateak itxita egitekoa zen saioa diplomazialariek gertatutakoaz informazioa jaso zezaten. Mark Lyall Grant Erresuma Batuko enbaxadoreak eta erakundeko txandakako presidenteak saioaren amaieran adierazpenak egitea espero zen; NBEren kezkaz baino ez zela mintzatuko zabaldu zuten iturri diplomatikoek.

Chistopher Ross NBEko Mendebaldeko Sahararako ordezkari berezia ere azalpenak ematekoa zen iragan astean bi aldeek egindako negoziazioez. Polisarioak bake prozesuari eustea eta abenduan berriz elkartzea hitzartu zuen orduan, baina, azken egunetan egin dituen adierazpenei erreparatuta, asmo horiek bertan behera gelditu daitezke. Gainera, gero eta sutsuagoa da Tindufen bizi diren errefuxiatu sahararrak gerra aldarrika dezan egiten ari zaizkion presioa.

PSOEri kritikak

Fronte Polisarioaren eta PSOEren arteko harremanak, bien bitartean, kinka larrian daude. Mohamed Beissat Polisarioak Europan duen ordezkariak bertan behera utzi du alderdiarekin egitekoa zuen bilera, «txeke zuria» eman diolako Marokori. Alfredo Perez Rubalcaba Espainiako Barne ministroak harrera egin zion atzo bere homologo marokoarrari. Taieb Txerkauik «azalpen zehatzak» eman zizkion esku-hartze «baketsuaz». Rubalcaba gobernuaren «kezka larriaz» mintzatu bazitzaion ere, adierazi zuen «haren kontakizunak akusazio larriak gezurtatzen» dituela. Trinidad Jimenez Atzerri ministroak, berriz, adierazi zuen ondorio larriak eragingo lituzkeela frogarik gabeko akusazioak egiteak.

Aminatu Haidar giza eskubideen aldeko ekintzaile sahararrak ere, «min handiz lagun sozialista ugari» dituelako, lotsagarritzat jo du alderdiaren jarrera, «herri baten kontrako sarraskia salatu ere ez duelako egin».



Marokok bere bertsioa zabaltzeari ekin dio; nazioarteak «errealitatea» ikus dezan «trikimailurik gabeko dokumentua» aurkeztu du kanpalekua «milizia paramilitar armatuen» eskuetan zegoela eta segurtasun indarrek «tiro bakar bat ere» ez zutela egin frogatzeko.

Eta orain kale borrokaren parabola...

K. B.

Aaiuni morroiloa eman dio Marokok. Lekukorik, begiralerik eta kazetaririk gabe ez dago jakiterik hirian zer gertatzen ari den. Giza eskubideen aldeko ekintzaileen sakelako telefonoak blokeatuta, norekin hitz egin ere ez dago. Eta Marokok ezarritako isiltasun hori bere bertsioaren berri emateko baliatu du. «Zein jazartzen zaio nori?». Galdera hori lau haizetara zabaldu dute agintariek «trikimailurik gabeko dokumentala» aurkezteko garaian. Nazioarteak «errealitatea» ikus dezan plazaratu ditu irudiak, «genozidiotzat jo dutena salatzeko» eta «aurrez fabrikatutako adierazpenei aurre egiteko». Taieb Txerkaui eta Taieb Fasi Fihri ministroek prentsaurreko baten bidez eman dute argitara txostena -Barne eta Atzerri ministroak dira, hurrenez hurren-.

Agdaim Izik kanpalekua «milizia paramilitar armatuen» eskuetan, «kontrabandista eta oportunisten» kontrolpean zegoen, eta «bahituta» zeuden «gure herritarrak» askatzeko parte hartu behar izan zuten, halaxe dio dokumentalak. Bideoan zehazten da «antolatutako milizia» horiek «atzerriko agenda politikoa» zutela eta «harri, makila eta molotov koktelekin» eraso zietela baina segurtasun indarrek «tiro bakar bat ere» ez zutela egin.

Al Kaedari erreferentzia

Dokumentalaren arabera, sahararrek kanpalekua «beren kabuz» utzi zuten, baina han gelditu ziren «miliziek» segurtasun indarrei «erasotzeari» ekin zieten. Ondoren ikusten da ustez sahararra den gazte batek ustezko polizia baten hilotzaren gainean txiza nola egiten duen, beste batek nola harrika hiltzen duen ustezko soldadu bat eta beste batek nola lepoa mozten dion ustezko agente bati. Irudi «sentiberak», baina ezinbestekoak «gardentasunaren izenean». «Herri marokoarrak inoiz ez ditu horren ekintza ankerrak ikusi; eredu berriak dira, eta Sahelen badakigunortzuk egiten dituzten ekintza hauek». Al Kaedari zeharka egindako erreferentzia hori argitu behar izan dute: «Al Kaeda tartean denik ez dugu esan; soilik estilo hori eta lepoa mozteko ekintzak arrotzak direla Marokon».

Nazioarteko prentsak auziari emandako tratamendua «desbideratzea» ere salatu du Marokok. Horregatik zabaldu ditu hainbat irudi; Agdaim Iziken atzemandako labanak, makilak eta ikurrak. Kale borrokarako ezinbesteko materiala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.