Abbasek salatu du Israel garbiketa etnikoa egiten ari dela Jerusalemen

Zisjordaniako lur okupatuetan 475 kilometro trenbide eraikitzeko asmoa dauka Tel Avivek

2012ko otsailaren 28a
00:00
Entzun
Israel Jerusalemen «garbiketa etnikoa» egiten ari dela salatu du Mahmud Abbasek, PAN Palestinako Aginte Nazionaleko buruak. «Zentzu guztietan ari da garbiketa etnikoa egiten, palestinarrak euren lurretan gutxiengoa izan daitezen». Tel Avivek, baina, salaketak ukatu ditu, eta «funtsik gabekoak» direla esan.

Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroak gogoak berotu nahia ikusi du Abbasen hitzetan: «Oso hitzaldi subertsiboa izan da bakearentzat lanean ari dela esaten duen norbaiten ahotik etortzeko». Baina PANeko buruak argi dauka Jerusalem ekialdean «azken gudua» egiten aritu dela Tel Aviv, arabiarrak, musulmanak eta kristauak «desagerrarazteko» asmoarekin.

BT'Selem Israelgo giza eskubideen aldeko erakundeak Abbasen hitzak berritsi ditu. «Juduak gehitu eta palestinarrak gutxitzeko ekintza ugari egin ditu gobernuak 1967tik». Israeldarren subiranotasunari aurre egiteko ahaleginak zapuzteko egoera demografikoa eta geografikoa baldintzatzea da gobernuaren helburua erakundearen hitzetan.

Trenbidea Zisjordanian

Israelek, bestalde, Zisjordanian, okupatutako palestinarren lurretan, 475 kilometro trenbide eraikitzeko asmoa duela iragarri du. Horretarako Zisjordaniako agintariekin adostasuna bilatzen saiatuko direla jakinarazi du, dena den, gobernuak. Proiektua martxan jartzeko, gainera, Auzitegi Gorenaren onespena behar dutela azaldu du Garraioetarako Ministerioak, baina iraganean israeldarren onurarako diren proiektuetan baiezkoa eman izan dio Gorenak beti palestinarren lurrak desjabetzeari.

Hamasek baieztatu du Egipto hasia dela Gazara erregai gehiago bidaltzen. Otsailaren 14an Gazan dagoen zentral elektriko bakarrean lan egiteari utzi behar izan zioten, erregai faltaren ondorioz. Hamaseko agintariek esan zuten Israelen blokeoarengatik itxi behar izan zutela zentrala, eta ordutik hainbat elektrizitate mozketa jasan dituzte.Gazak jasaten duen krisi energetikoa gainditzeko, dena den, Egiptoren aldetik laguntza gehiago behar dutela dio Hamasek. Izan ere orain arteko energia hornidura ez dela nahikoa dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.