Nazioarteko prentsarako aretoak gainezka egin du Bruselan. 12:30erako zegoen aurreikusita Carles Puigdemont presidentearen agerraldia, baina ordubete lehenago bete da gela, eta kazetariek lanak izan dituzte tokia hartzeko. Astelehenean ezustean zabaldu zen berriaren inguruko azalpenen zain zeuden guztiak, eta baita jaso ere, nahiz eta ez askok espero zuten argitasunarekin. Izan ere, Puigdemontek asiloa eskatzera joan direla ukatu duen arren, itzulera Espainiak hartzen duen jarreraren baitan dagoela adierazi du: "Epaiketa justua eta botere banaketa bermatzen badituzte, berehala itzuliko gara".
Bitartean, bai Katalunian eta baita Europan ere, lanean jarraituko dutela iragarri du Generalitateko buruak: "Europara etorri gara Katalunian dugun gatazka argitara ateratzeko, eta Europari erreakziona dezala eskatzeko". Joaquim Forn Barne kontseilariak salatu du matxinada delitua terrorismoaren parekoa dela: "Guk ez dugu inoiz indarkeria bultzatu, baina terroristen pare jazartzen gaituzte".
Hain zuzen ere, zehaztu dute "indarkeria saihestea" izan dela Bruselara joateko erabakia hartzera bultzatu dituena: "Gobernuak esan zuen ez zituela funtzionarioak hautu bat egitera behartuko, eta horrek esan nahi badu errepublikaren eraikuntza moteldu egingo dugula, onar genezake. Horrek erakusten du Katalunia beste era bateko estatu bat izango dela".
Hala, abenduaren 21erako deitutako bozen emaitza onartzeko prest daudela iragarri du Puigdemontek, eta gauza bera egiteko prest ote dagoen galdetu dio Espainiako gobernuburuari: "Konpromiso argia nahi dut. Oinarrizkoa da hori jakitea, bestela lehen eta bigarren mailako hautesleak egongo direla onartzen ariko direlako".
155.aren aurka
Puigdemontek iragarri du, baita ere, babestu egingo dituztela 155. artikuluaren aurkako ekimenak, eta "indarraren hizkuntza" bakarrik ulertzea egotzi dio Madrili. "Guk aurkeztu genuen hauteskunde programan iragartzen genuen independentzia deklarazioarekin amaituko zela legealdia, eta orain, gure hitza betetzeagatik, 30 urteko kartzela zigorra ezarri nahi digute".