Aberatsaren doktrina, noblea defendatzeko

Hasi da 'Noos auziko' epaiketa; zerga iruzurra leporatzen diote Cristina Borboikoari eta Iñaki Urdangarini. Borboikoak ate bat dauka zabalik bere aurkako kasua artxibatzeko eta zigorraz libratzeko: 'Botin doktrina'.

Cristina Borboikoa eta Iñaki Urdangarin lehenak izan ziren atzo Palmako auzitegira ailegatzen. ATIENZA / EFE.
Jone Amonarriz
2016ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Espainiako Erresumako herritar aberatsena zen Emilio Botin bankaria. Burgesiaren goiko erpina. 2.000 milioi euro inguru zeuzkaten gordeta Suitzako kontuetan Emilio eta Jaime Botin anaiek. Hala, dirua arautzeko, berrehun milioi inguru pagatu zioten Espainiako Ogasunari. Horrez gain, Emilio Botinek zigor judiziala bertan behera uztea lortu zuen. Gizonik aberatsena salbatu zuen doktrina berak salbatuko du agian errege familiako kidea Noos auzitik eta zortzi urteko zigorretik. Doktrinaren arabera, herri akusazioa ez da nahikoa inor auzipetzeko ez badago fiskaltzaren babesik edo akusazio partikularra ez bada zuzenean kaltetua. Borboikoa lehen saioan auzipetzea «diskriminatzailea» litzatekeela esan du abokatu Jorge Silvak.

Atzo goizean eseri zen lehen aldiz errege familiako senide bat akusatuen eserlekuan. Cristina Borboikoa eta Iñaki Urdangarin Palmako auzitegietan izan ziren. Haiekin batera beste akusatuak: Valentziako alkate ohi Alfonso Grau, Zientzia eta Arteen Hiriko zuzendari izandako Jose Manuel Aguilar eta erakunde bereko zuzenbide arduradun ohi Elisa Maldonado. Defentsaren txanda izan zen, auziaren lehen egunean.

Fiskalaren babesean

Ustelkeriaren aurkako fiskal Pedro Horrachek Borboikoaren aldeko beste txosten bat aurkeztu zuen. Zerga Agentziak osatutako idatziak dio, «arau-hauste administratiboak» ezin direla epaiketa penal batean aztertu. Fiskalaren esanetan, Cristina Borboikoak jaso dezakeen «erantzun judizial bakarra» auzia artxibatzea da.

Borboikoaren abokatuak ere eskatu du Borboikoa kargugabetzeko Botin doktrinaren bidez. Haren aurka egin duen bakarra herri akusazioa —Manos Limpias eskuin muturreko taldea— dela, eta Fiskaltzak eta akusazio partikularrak —Ogasuna— ez dutela salaketarik aurkeztu azaldu du.

Aurretik ere eskatu izan du gauza bera defentsak, baina epaileak ez zuen ontzat eman eta akusazioarekin aurrera jarraitzea erabaki zuen. Oraindik zehazteke dago ea Cristina Borboikoarengertakariak interes kolektiboen aurkako delitu diren ala alor pertsonalari soilik dagozkion. Noos Institutuaren bidez diru publikoko sei milioi euro bidegabe erabiltzea egozten diote. Institutua Iñaki Urdangarinek eta haren bazkide Diego Torresek eratu zuten, eta bertan parte hartu zuen.

Baleareetako Audientzia Probintzialak Jose Castro epailearen esku utzia du Botin doktrina aplikatzearen edo albo batera uztearen erabakia, «irizpiderako askatasunarekin». Erabaki horren arabera ebatziko da auzia. Zortzi urteko espetxe zigorra dauka jokoan, Iñaki Urdangarinen bi delitu fiskaletan parte hartzea leporatuta. Urdangarinek, aldiz, hemeretzi urte eta erdiko kartzela zigorra. Oraingoz, fiskala eta Ogasuna alde ditu Borboikoak, eta Botin doktrina eskura.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.