Italiako Senatuak onartu behar du orain federalismoan aurrera egitea ahalbidetuko duen legea. Azaroan bozkatuko dute eta, onartuz gero, Italiako Konstituzioaren erreforma eragingo du. Eskualdeei Sardinia hala agertzen da Italiako administrazio banaketan eskumen handiagoak emateaz gain, Italiako lehen ministroaren botereak zabalduko ditu. Hala, 2011. urtetik aurrera Legebiltzarra desegin eta bozetara deitzeko eskuduntza izango du; orain arte presidenteak dauka ahalmen hori. Gainera, Italiako Legebiltzarrean dauden diputatuen kopurua murriztuko du legeak. Lega Nord alderdia eta Italiako iparraldeko hainbat eskualde hegoaldea eta Sardinia baino aberatsagoak kexu dira iparraldea dela Italiako gainerako eskualdeek baino gehiago ordaintzen diotela Estatuari, baina, haiek baino gutxiago jasotzen dutela. Mestreko CGIA sindikatuak eginiko ikerketa baten arabera, Lonbardia da gehien eman eta gutxien jasotzen duen eskualdea. Hango biztanle bakoitzak 6.623 euro ordaintzen ditu urtean zergetan, eta 1.263 itzultzen dio Estatuak; hau da, 5.360 euroko defizita dute per capita. Sardinian, aldiz, emandakoa (CGIAk ez du kopurua zehaztu) baino 829 euro gehiago jasotzen dute urtean. CGIAko idazkari Giuseppe Bortolussiren esanetan, Osasuna, Hezkuntza eta Polizian eskumenak ematea ez da aski iparraldearen eta hegoaldearen arteko alde hori orekatzeko: «Federalismo fiskalarekin hasi beharra dago. Autonomoki jarduteko baliabideak banatu ezean, ezin dira boterea eta tokiko autonomia eskualdeen esku jarri».
Sardiniako abertzaleak
Sardiniako alderdi abertzaleen artean jarrera independentista duen Sardigna Natzionek ez du oso begi onez ikusi Italiako Legebiltzarraren erabakia, ez federalismoaren kontra dagoelako, «kanpotik ezarria» dela ikusten duelako baizik. Alta, taldeak ez du indar handirik eta oraingoz ezta ordezkaritzarik ere.
Cagliarin (Casteddu), Eskualde Kontseiluan, Sardiniako eta Italiako alderdiek dute ordezkaritza. Democratici di Sinistra da talde nagusia (15 kontseilari edo diputatu). Ondotik, alderdiok daude: Democrazia e Liberta (12), Forza Italia (11), Progetto Sardegna (9), Talde Mistoa (8), UDC (7), Rifondazione Comunista (6), Alleanza Nazionale (5), Insieme per la Sardegna (autonomista) (5), Riformatori Sardi (4) eta Fortza Paris federalista eta zentrokoa (3). Horiez gain, ez Kontseiluan ez Erroman ordezkatuta ez dauden hainbat alderdi daude, hala nola Sardigna Natzione. Honetatik hurbil dagoen alderdi autonomista (Partito Sardo D'Azione), aldiz, Talde Mistoan ordezkatuta dago, bi kontseilarirekin.
bustianu cumpostu -sardigna natzioneko koordinatzaile nagusia
«Soilik independentziara daraman federalismoa interesatzen zaigu»
J.M.S.
Sardigna Natzione alderdi independentistako koordinatzaile nagusia da Bustianu Cumpostu. Italiak bere kontrolpeko eskualdeetan, Sardinia barne, zenbait eskumen banatzeko berriki hartutako erabakiak Sardinian apenas ondoriorik izango duela nabarmendu du Cumpostuk.
Zer ondorio izango ditu SardiniarakoItaliako eskualdeei eta nazioei, kasu honetan Polizia, Osasun eta Ikastetxeen gaineko ardura ematea proposatzen duen legea onartu izanak?
Ez du askorik aldatuko oraingo egoera. Hau kanpoko inposaketa baten gisa ikusia denez Italiako Legebiltzarrak ezarria, guk ezin dezakegu esan erabat aldekoak garela...
Eta Italiako Legebiltzarrean diputatu kopurua murrizteko proposamenak?
Kontuan izan behar da Sardiniak ez duela berezko hautes-barrutirik. Alderdi sardiniarrok ez dugu ordezkaritzarik, soilik hemen adarra duten Italiako alderdiek baizik. Beraz, aldaketa horrek ez du Sardiniaren egoera aldatuko.
Zer jarrera dute Sardigna Natzionek eta beste alderdi nazionalistek proposamen horien aurrean?
Gutxi gorabehera guk dugun jarrera dute beste alderdi abertzaleek, hau da, oso kritikoa. Zehaztu beharra dago ez zaigula Ikastetxeen eta Poliziaren gaineko eskumenen kontua gustatzen.
Zergatik ez duzue gustuko?
Ez duelako uzten ikasketa programan geronek, sardiniarrok, gure kultura eta hizkuntza behar bezala jasoa eta zabaldua izatea.
Sardiniarako sistema politiko egokia al da Erroman proposatu duten federalismo mota?
Ez gaude kanpotik ezarritako federalismo horren alde, gu independentistak gara eta ez zaigu hura interesatzen. Ez gara ordezkatuta sentitzen. Soilik independentziara daraman edota independentziatik sortutako federalismoa interesatzen zaigu.
Kanpainarik egingo duzue Italiako Parlamentuaren erabakiagatik?
Oraingoz ez. Gaia ondo aztertu nahi dugu deus egin aurretik. Gainera, La Maddalenan AEBek duten urpeko nuklearretarako basearen kontrako kanpainan buru-belarri gabiltza.
Hain justu, duela bi aste Sassariko Kontseiluak basearen aurkako ebazpena onartu zuen. Nola dago auzia?
Sassari Probintziako Kontseiluaz gain, Sardiniako Eskualde Kontseiluak (Sardiniako Legebiltzarra) ere hartu du basearen kontrako erabakia. Herritarren eta alderdien jarreraren isla da.