Abkhazia, hamabost urtez linboan

Kosovoren independentziak Jugoslavia desegitean sortu ziren gerra odoltsuenen amaiera ekarriko du. Sobiet Batasuna erori eta gero piztu ziren batzuek, ordea, izoztuta jarraitzen dute. Vladimir Putinekin Errusia indartzea ona izan da de facto independente baina ofizialki etsai duten herrialde bateko zati diren lurraldeentzat.

urtzirrutikoetxea
SUKHUM
2007ko abenduaren 27a
00:00
Entzun
Abkhazia herrialde txiki eta demokratikoa da, eta auzo garrantzitsuak ditu, hala nola Errusia eta Europako Batasuna. Baita Georgia ere, zeinak, tamalez, oso jarrera bortitza daukan gure aurka orain arte». Hala aurkeztu digu bere herria Maxim Gunjiak, munduan inork aitortzen ez duen Abkhaziako gobernuko Atzerri ministrordeak. Herrialde eder eta aski normala dirudi lehen begiratuan: marra zuri-berde eta koadro gorriko bandera non-nahi ageri da, matrikuletan, eraikinetan, uniformeetan. Herritarrek abkhaziar pasaportea dute, eta kalean abkhaziera eta errusiera ageri dira idatzita.

Inguri ibaia zeharkatuta sartu gara Abkhazian, Georgiako aldetik. Errusiar bake tropekin egin dugu topo --Georgiak abkhaziarren alde daudela dio eta nazioarteko tropak eskatu ditu sarri--, eta abkhaziarrekin azkenik, zubiaz beste aldean. Hiriburura bidean dauden herrietan, isiltasuna da nagusi: georgiarren ahaide diren mingreliarrak gehiengo ziren eskualde horretan, eta suntsiketa eta gerra arrastoak non-nahi ageri dira Kaukaso mendien eta Itsaso Beltzaren arteko errepide bazterrean. Baina jende gutxi, Gobernuak iheslari batzuei itzultzen utzi arren.

Abkhaziako Gobernuak armadaren entrenamenduetara gonbidatu gaitu Kodor haranean. Erabateko indar erakustaldia egin dute, abiazio eta guzti, georgiarrek kontrolatzen duten Abkhaziako lurraldetik oso hurbil. Gatazkako gune beroa da hau: georgiarrek erasotzekotan hemenik egingo dute, Sukhum hiriburua hurbil baitago. Mikhail Saakashviliren gobernuak, NATOren babesarekin, Georgiak kontrolatzen duen eremura bidali du nazioarteak onartzen duen baina botere errealik ez duen Abkhaziako Gobernua, eta aurtenn hainbat istilu izan dira: NATOko bulego gisa izendatutako eraikina bonbardatu zuten martxoan hegazkin «anonimoek» (denek dakite errusiarrak izan zirela), eta irailean bi errusiar hil eta zazpi abkhaziar atzeman zituzten georgiarrek. Erasotik defendatu zirela esan zuten; abkhaziarrek, noski, erasoa beraiek jasan zutela diote.


TURISMOA ETA GARBIKETA ETNIKOA. Sukhum hiriburuan ere badaude gerra arrastoak, baina bizkor doa berreraikuntza. Abkhaziako hiriburutik Errusiako mugara joanez gero, berriz, aldaketa erabatekoa da: sobietar garaian legez, punta-puntako turismo gunea da berriz ere Abkhazia. Errusiarrak dira ia turista guztiak; Turismo Ministerioaren arabera, milioi bat bisitari izan zituen herrialdeak iaz. Baina georgiar gehienentzat itxita dago atea oraindik.

200.000 biztanle inguru ditu gaur egun Abkhaziak. 1989ko erroldan 525.000 zituen, eta, beraz, biztanleen %60 erbestean bizi dira. Gaurko gatazkaren sustraiak Sobiet Batasuna desegin zenean daude: Georgiaren independentziarekin bat egin zuen gehiengo georgiarrak; georgiar ez zirenek, berriz, Sobiet Batasunaren barruan jarraitzeko hautua egin zuten: %52ko parte-hartzea erreferendumean, eta baiezko botoak, %98. Georgiak independentzia aldarrikatuta, Abkhaziak ere gauza bera egin zuen. 1992ko abuztuan Georgiak tankeak bidali eta gerra hasi zen. Bi urte geroago elkarren etsai izango ziren errusiarrak eta txetxeniarrak, artean ezezaguna zen Shamil Basaiev ere bai, barrikadaren alde berean izan ziren georgiarren aurka. Laguntza horiekin, 1993ko udan Sukhumera iritsi eta irailean gerra irabazi zuten abkhaziarrek. Milaka hil izan ziren, georgiarrak gehienak. Hagako epaitegiak ontzat eman ditu Georgiaren salaketak eta gerrak krimenak izan ote ziren ikertzen dihardu.

Abkhaziako Gobernuak dio independentzia onartutakoan hasiko dutela iheslarien itzulera, salbuespen batekin: gerrako kriminalak ez izatea. Gerran georgiarren alde borrokatu zen edonor sartzen da talde horretan, gizonezko iheslarien zati handiena alegia. «Iheslariek ulertu behar dute hau ez dela jada haiek utzi zuten lurraldea, gauzak erabat aldatu dira. Beste errealitate bat da, eta Georgian egin behar dute haien bizitza», dio Maxim Gunjiak.

Are argiago mintzatu zaizkigu Sukhumgo unibertsitateko gazteak: «Georgiarren itzulera? Inola ere ez! Berriz ere gehiengoa izango lirateke». Garbiketa etnikoa justifikatzea ote den galdetu diegu, baina ezetz diote, «georgiarrek hasi zuten gerra».


KAUKASOKO SIONISMOA? Cemre Istanbulgo soziologoa da. Gurasoak shapsug eta ubikh etniakoak ditu, baina Kaukasoko hizkuntza zaharreko berba batzuk baino ez zituen ikasi etxean. Hala eta guztiz, munduko hiririk bizienetako bat utzi eta Abkhaziara joatea erabaki du. Gobernuak diasporako abkhaziarren itzulera bultzatu du urteotan, eta, Cemrek dioenez, «zirkasiar guztion betebeharra da arbasoen lurraldera itzultzea».

Gatazkaren beste zutabe bat baita historiaren azalpena: XIX. mendeko Errusiaren konkistaren ondorio lazgarrienetakoa bizi izan dute Kaukaso ipar-mendebaldeko herriek: 1864an lurraldea konkistatu ostean biztanle gehienak otomandar inperiora kanporatu zituzten, eta gutxi batzuk geratu ziren Kaukason. Abkhaziar eta zirkasiar tribuen artean zegoen ubikh herria, adibidez, oso-osorik kanporatu zuten, eta Tevfik Esenç, ubikheraren azken hiztuna, 1992an hil zen, Turkian.

Egun ere Abkhazian bertan baino hamar aldiz abkhaziar gehiago bizi dira Turkian. Errusiako kostaldean ia ez dago indigenarik: shapsug etnia zirkasiarreko bi mila lagun baino ez. Sotxi hiria 2014ko Neguko Olinpiar Jokoetako egoitza izendatu dutela eta, kanpaina abiarazi dute «Genozidioaren Olinpiadak» lelo hartuta: Ubikh herriaren bihotzean dago Sotxi, eta Errusiak barkamena eskatzea nahi dute.

Errusiarrek hustutako lurraldeak georgiarrek bete zituztela diote abkhaziar historialariek. Gero, Sobiet Batasunean, Stalinen politikek mingreliar etniako georgiarren migrazioa bultzatu zuten, eta 1989an abkhaziarrak %17 bakarrik ziren. Georgiarrek beste era batera kontatzen dute historia: Abkhazia Georgiako probintzia historikoa da, georgiarrak eta Kolkidara etorritako greziarrak nagusi ziren lekua, eta apswak (abkhaziarrek haien buruari ematen dioten izena) azken mendeetan itsasertzera jaitsitako mendiko herria baino ez bide dira. Hala ere, georgiar askok onartzen dute Abkhazia osoa ez dela Georgiako zati izango inoiz, eta ontzat emango lukete georgiarrak nagusi diren eskualdeak itzuliz gero.

Kontuak kontu, Cemre gogotsu ari da abkhaziera eta errusiera ikasten. Aberriratze Batzordean diharduen arren, aitortzen du oso zaila dela gizarteratzea. «Etortzea erabaki duten familia askok ez daukate lanik, eta ez dakite abkhazieraz». Belaunaldi zaharrenek eutsi diote hizkuntzari, eta zenbait tradizio hobeto gorde dituzte diasporan, baina ia 80 urtez ia harremanik izan ez duten herrietako jendeak biltzea zaila da. Abkhaziako Gobernuak 3.000 lagun «itzuli» direla esan arren, diasporako abkhaziarrek eurek aitortzen dute berrehun inguru baino ez direla.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.