Aldeko 131 boto jaso ditu legeak, kontrako 123, eta abstentzio bat. Eztabaida luze baten ondoren onartu dute. Asteazken goizean hasi ziren diputatuak eztabaidatzen, eta 23 ordu beranduago eman diote onespena. Legeak aurrera egingo zuen ala ez argitu gabe iritsi da eztabaida bozketaren unera, gobernua babesten duen alderdiaren eta oposizioko alderdien barruko jarrera kontrajarriak direla eta.
Onartu den legeak abortua despenalizatzen du haurdunaldiaren lehen 14 asteetan, kasu guztietan. Horrez gain, legeak zehazten du haurdun dagoen emakumea 16 urtetik beherakoa baldin bada abortoa haren baimenarekin egin beharra dagoela.
Argentinan egun indarrean dagoen legea 1921. urtekoa da, eta urtebete eta lau urte arteko kartzela zigorra aurreikusten du abortatzen duen emakumearentzat, baldin eta haurdunaldia bortxaketa baten ondorio ez bada edo haurdunaldiak amaren osasunerako arriskua duela frogatzen ez bada.
1983. urtean diktadura militarra amaitu zenetik, abortuaren despenalizaziorako zazpi lege proposamen eztabaidatu ditu Argentinako Kongresuak, baina guztiak baztertuak izan ziren gaur arte.
Argentinako aurreko presidente Cristina Fernandez Kirchnerren agintaldian, ezkontza homosexualak baimentzeko legea (2010) eta genero identitateari buruzkoa (2012) onartu zituen herrialdeak, baina Kirchnerrek ez zion abortuaren auziari heldu nahi izan. Egungo presidente Mauricio Macri abortua despenalizatzearen kontra agertu den arren, eztabaidari bide eman dio presio sozialaren ondorioz.
Latinoamerikan, hiru herrialdek onartzen dute soilik abortua: Guyanak, Guyana Frantsesak eta Uruguaik. Hondurasen, El Salvadorren eta Nikaraguan debekatuta dago kasu guztietan. Gainontzekoetan, abortua debekatuta dago, baina salbuespen batzuk jasotzen dira legedian. Esaterako, Belizen, Guatemalan, Haitin eta Venezuelan, haurdunaldiak emakumearentzako bizi arriskua duen kasuetan bakarrik baimentzen da abortua. Mexikon, Panaman eta Brasilen bortxaketa kasuetan ere aitortzen da abortatzeko aukera. Costa Rican eta Perun abortua onartzen da haurdunaldia emakumearen biziarentzako edo osasunarentzako arriskutsua den kasuetan. Ekuadorren eta Txilen bortxaketa kasuetan ere salbuetsita dago abortuarentzako zigorra, eta Kolonbian eta Bolivian intzestu kasuetan ere onartzen da abortua.
Joan den maiatzaren amaieran, abortatzea despenalizatzeko legearen alde bozkatu zuten Irlandan. Abortua haurdunaldiaren lehen hamabi asteetan legezko bihurtzearen alde agertu ziren herritarrak.