Abortuaren lege proposamen berria atzera bota du Irlandan legebiltzarrak

Gobernuak hitzeman du abortuaren auzia lehenbailehen aztertuko duela, erreformak egiteko

Erredakzioa
2012ko apirilaren 20a
00:00
Entzun
Abortua legez kanpokoa da Irlandan kasu guztietan. Duela hogei urte, baina, Auzitegi Gorenak salbuespen bat onartu zuen, «amaren bizia arriskuan dagoenean» abortatzea onetsiz. Salbuespen hori legedian sartzeko proposamena bozkatu zuten, atzo, legebiltzarrean, eta hogei diputatuk bakarrik bozkatu zuten alde. Kontrako botoak 111 izan ziren. Dena den, kontserbadoreen eta laboristen arteko koalizio gobernuak adierazi du abortuaren gaia lehenbailehen aztertuko duela eta erreformak egingo dituela.

Ezkerreko hiru diputatu independentek aurkeztu dute abortuaren lege proposamen berria. James Reilly FG Fine Gael alderdi demokristauko osasun ministroak gaia aztertzen ari direla azaldu du, eta horregatik eman diotela ezezkoa diputatu horien proposamenari. «Adituek euren ondorioak helarazten dizkigutenean gobernua prest dago gai hau jorratzeko», esan du Roisin Shortall Osasunerako Estatu idazkari laboristak. Izan ere, FGrekin koalizioan gobernuan dauden laboristek ere ezezkoa eman diote lege proposamenari, nahiz eta berriki egin duten urteroko kongresuan 1992ko salbuespen ebazpena legedian sartzearen alde egin duten.

Abortuaren gaiak eztabaida handiak eragiten ditu Irlandan. 1992ko ebazpena legedian sartzeko, bi herri kontsulta ere egin dituzte, baina ordutik agintean egon diren sei gobernutatik batek berak ere ez du lortu salbuespen hori konstituzioan sartzea.

Ezkerreko diputatu independenteek eta Sinn Feinek bakarrik bozkatu dute abortuaren lege berriaren alde. Gerri Adams alderdiko buruak, dena den, abortuaren kontra dagoela aitortu du. Hala ere, abortatzea erabaki duten emakumeak kriminalizatzea akatsa dela azaldu du. Fianna Fail zentrokoak ere legedia berritzearen kontra bozkatu du —hirugarren alderdia da Irlandan—.

Testua aurrera atera ez bada ere, Shortallek hiru diputatu independenteen «ahalegina» eskertu du. Herrialdeko legedia Europako eta Irlandako sententziekin bat etortzeko lanak azkartzea hitzeman du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.