Abu Hamza AEBetara estraditatzea ontzat eman du Estrasburgok

Erresuma Batuak buruzagi islamista eta ustezko bertze lau ekintzaile utziko ditu Washingtonen esku

Erredakzioa
2012ko apirilaren 11
00:00
Entzun
Europako Giza Eskubideen Auzitegiak ontzat eman du Erresuma Batuak AEBetara estraditatzea Abu Hamza buruzagi erlijioso islamista eta ustezko bertze lau ekintzaile. Hamzak eta bertze lau akusatuek jo zuten Estrasburgora Londresen erabakiaren aurka, behin Washingtonen esku geldituta haien eskubideak errespetatuko ez direlakoan. Giza Eskubideen Auzitegiaren arabera, ordea, AEBek behar bertzeko bermea eman dute presoen eskubideak errespetatuko dituztela. Guztiak gaur egun preso dituzte Erresuma Batuan. AEBek 1996-2006 artean «ekintza terroristetan» parte hartzea egozten diete.

Akusatuek helegitean diotenez, estradizioak Europako Giza Eskubideen Hitzarmeneko hirugarren artikulua urratuko luke, hau da, tratu gizagabeen eta umiliagarrien debekua. Giza Eskubideen Auzitegiak dioenez, baina, ez dago arrazoirik pentsatzeko AEBetako Florence espetxean halako tratua jasoko dutela. Segurtasun goreneko kartzela horretan presoek murriztua dute bertze pertsonekin harremana izatea; AEBek Hamza eta gainerakoei «segurtasunarentzat arriskutsuak» direlako murriztapen horiek aplikatuz gero, Estrasburgok justifikatutzat ikusten du.

Estradizioa, «lehenbailehen»

AEBetako eta Erresuma Batuko agintariak kontent agertu dira erabakiarekin. Theresa May Erresuma Batuko Barne ministroak erran du espero dutela presoak «lehenbailehen» uzteaAEBen esku. Akusatuek azken helegitea para dezakete Giza Eskubideen Auzitegiko Ganbera Nagusian. Kasu guztia berrikus dezake ganbera horrek, baina hagitz gutxitan onartu du halakorik. Hala ere, Babar Ahmad presoaren senideek estradizioaren aurka jarraituko dutela jakinarazi dute. Ahmadek zortzi urte daramatza preso epaiketarik gabe. 2010ean ere Estrasburgok akusatu horien aurkako epaia eman zuen, AEBetara estraditatuz gero «borrokalari etsaiak» izendatzeko arriskurik ez zutela ebatzita. «Borrokalari etsaiek» heriotza zigorra jaso dezakete.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.