Mundua

Abuztuan AEBetan gazte beltz bat tiroz hil zuten poliziak ez dituzte auzipetuko

John Crawford Ohioko supermerkatu batean zegoen aire pistola bat eskuetan zuela, tiroz hil zutenean. Poliziak dio arma uzteko agindu ziola eta eskatutakoa egin ez zuenean tiro egin ziotela. Gertatutakoaren bideoa zabaldu dute Interneten. [youtube]http://youtu.be/S9FtNOV6Qhk[/youtube]

arantxa elizegi egilegor
2014ko irailaren 25a
11:18
Entzun

Ohion legeak ahalbidetzen du aire pistola batekin toki publikoetan sartzea, eta hala egin zuen joan den abuztuan John Crawford 22 urteko gazte beltzak. Haren jarrera, ordea, susmagarria iruditu zitzaion supermerkatuan zegoen gizonezko bati eta, 911 telefonora deitu zuen esanez gizon beltz bat zegoela saltokian arma batekin "jendeari apuntatzen".

Interneten zabaldutako bideoan, ordea, ez da halakorik ikusten. Bai, aldiz, Polizia nola sartzen den dendara armak eskuetan eta pistola lurrean uzteko ere tarterik gabe tiro egiten dioten Crawfordi. Segurtasun indarrek argudiatu zuten pistola lurrean uzteko agindu ziotela 22 urteko gazteari, baina hark ez zuela eskatutakoa bete. Antza, haien esanei sinesgarritasun osoa eman die epaimahaiak eta aste honetan bertan jakinarazi du ez dituela poliziak auzipetuko.

Aldiz, mediku txostenak eta bideo irudiek zalantzan jartzen dute segurtasun indarrek esandakoa. Izan ere, autopsiaren arabera, bizkarretik egin zioten tiro gazteari. Horretaz gain, adituek nabarmendu dute irudiak ikusita badirudiela gazteak ez zuela poliziek agindutakorik entzun.

Bestetik, larrialdiko telefonora deitu eta salaketa egin zuen gizonezkoak ere ukatu egin du orain Crawford inori apuntatzen ari zenik. Hark esan zuen hasieran Crawford "arma kargatzen" ari zela zirudiela; gerora, baina, gezurtatu egin du halakorik.

Ez da bakarra

Uda honetan istiluak lehertu dira AEBetan Poliziak bi gazte tiroz hil ostean, Fergusonen bata eta Saint Louisen bestea. Biak ere polizia zuriek hildako gazte beltzak ziren, itxura guztien arabera, deliturik egiten ari ez zirenak eta armarik gabeak.

Fergusongo kasuan, 18 urteko Michael Brown gaztea lagun batekin zihoan kaletik Poliziak geldiarazi zituenean. Segurtasun indarrek diote aurre egin eta ihes egiten ahalegindu zela, eta horregatik egin ziotela tiro. Aldiz, berarekin zihoanak gezurtatu egin zuen haien testigantza.

Oso antzeko gertakaria izan zen Saint Louisekoa. Bigarren kasu honetan, ordea, Polizia bera izan zen tiroketaren irudiak zabaldu zituena, horren haien jokabidea zurituko zuelakoan. Irudietan ikus zitekeen nola gaztea kalean zebilen lagunekin, eta bat-batean poliziak agertu ziren. Haiek ez zioten azalpenak emateko aukerarik eskaini, aldiz, auttik atera orduko zazpi tiro egin zizkioten.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.