Espainiako bozen ondorena

Abuztuaren 30ean izango da Rajoyren inbestidura saioa

Ciudadanosen baldintzak onartu ditu PPk. Abuztuaren 31n izango da inbestidura saioaren lehen bozketa, eta irailaren 2an bigarrena.

Rajoy eta River, gaur goizeko bileran. CHEMA MOYA, EFE
2016ko abuztuaren 18a
08:28
Entzun

PPk onartu egin ditu Ciudadanosek Mariano Rajoyren izendapena babesteko jarri zituen sei baldintzak. Gaur goizean bildu dira Mariano Rajoy eta Albert Rivera, eta arratsaldean Ana Pastor Kongresuko presidentearen esku utzi du eguna jartzeko ardura. Pastorrek zehaztu du abuztuaren 30ean izango dela inbestidura saioa.

Ciudadanosen babesa izateko, PPk ustelkeriaren aurkako akordio bat sinatuko du bihar bertan. Akordio horrekin, Espainian iazko abenduaz geroztik dagoen blokeoari irtenbide bat eman nahi diote bi alderdi horiek. Ez du horrek, ordea, ezer bermatzen. Izan ere, gehiengo sinplea dute soilik Espainiako Kongresuan, eta inbestiduraren bigarren bozketan (gehiengo osoa behar da lehenengoan) PSOE abstenitzea behar dute.

Mariano Rajoyk esan du inbestidura saio batean aurkeztuko duela bere burua jada ez duelako galtzaile aterako delako ziurtasuna. CCrekin ere negoziatzen ari da PP, haren babesa izateko, eta Rajoyk iragarri du Sanchezekin hitz egingo duela bere "kolaborazioa" izateko edo beste irtenbide bat proposatu dezan.

Pedro Sanchez sozialisten idazkari nagusiak, ordea, baztertu egin du orain arte abstentzioa. Ondorioz, lehen berarekin gertatu zen bezala, PSOEk jarrera aldatzen ez badu, litekeena da Rajoyren inbestidura saioak ere porrot egitea. Kasu horretan, bi aukera leudeke: Sanchez bere aldetik Podemosekin eta beste alderdi batzuekin berriro saiatzea, edo hirugarrengoz bozetara deitzea. Inbestidurak huts egingo balu, abenduaren 25ean egin beharko lirateke hirugarren hauteskundeak.

PPk 134 eserleku ditu Kongresuan, eta Ciudadanosek, 32. 166 boto ziurtatu ditu gaurko akordioarekin Rajoyk bere alde inbestiduraren bigarren bozketan. UPNk bere babesa emango dio, gainera, eta Foro Asturiasek eta Coalicion Canariak gauza bera egitea espero da (bana dituzte).

Aurka, ordea, 180 boto izango ditu, eta, horregatik, 11 abstentzio beharko ditu Rajoyk, bere izendapenak aldeko (170) baino kontrako boto gehiago ez izateko (169).

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.