Migratzaileak

Adingabeak Marokora bidaltzea erabaki dute Sanchezek eta Vivasek

Espainiako eta Ceutako presidenteek adostu dute Atzerritartasun Legearen arabera egitea kanporatzeak, epaitegiek horiek gelditu ostean.

Pedro Sanchez Espainiako presidentea eta Juan Jose Vivas Ceutako presidentea Moncloan, gaur goizean. JUAN CARLOS HIDALGO / EFE
maddi iztueta olano
2021eko abuztuaren 25a
17:38
Entzun

Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchez eta Ceutako presidente Juan Jose Vivas Moncloan gaur goizean bildu dira, iragan maiatzean Ceutara iritsitako milatik gora migratzaileren egoerari irtenbide bat aurkitzeko asmotan. Sanchezek konpromisoa hartu du Ceutan dauden adingabeko migratzaileak Marokora itzularazteko. Horretarako, presidenteak iragarri du «Estatuaren ahalmen eta baliabide guztiak» baliatuko dituztela.

Bileraren ostean emandako prentsaurrekoan, Vivasek eskerrak eman dizkio Sanchezi, auziaren aurrean adierazitako elkartasunagatik: «Sanchezek badaki gehiegi luzatu den eta jasanezina bihurtu den egoera baten aurrean gaudela, eta, horregatik, berehalako konponbideak behar ditugu». Halaber, PSOEko buruak izandako «erantzun azkarra» txalotu du, eta nabarmendu Ceutan gertatzen ari dena «estatu osoko arazoa» dela.

Gainera, Vivasek ohartarazi du «egoera jasanezina» dela Ceutaren tamainako hiri batentzat, eta auziari «aurre egiteko baliabide gutxi» dituztela—iragan maiatzean 12.000 migratzaile iritsi ziren—. Horiek hala, Vivasek berretsi du irtenbide bakarra adingabeak Marokora itzularaztea dela, eta horretarako legearen urratsei jarraituko dietela. Halaber, adierazi du «adingabeen interesa» lehenetsiko dutela.

Espainiako Gobernuko bozeramaile Isabel Rodriguezek defendatu egin du Vivasek eta Sanchezek hartutako erabakia: «Garrantzitsuena adingabeak haien senitartekoekin elkartzea da, eta are gehiago orain, ikasturtea hastear den honetan». Hainbat GKE gobernuz kanpoko erakunderen arabera, baina, Marokok ez ditu nerabeak artatzeko «baliabide duinak».

Abuztuan egindako kanporaketen inguruan, Vivasek bere administrazioaren eta gobernuaren lana defendatu du goizeko agerraldian, esanez Espainiako eta Marokoko agintariek deportazio horiek «babestu» zituztela. Ildo beretik, adierazi du «adingabeko migratzaileen kanporaketa» ez dela legez kanpokoa, eta «urrats jakin batzuei ez jarraitzea» izan zela gaizki egindako bakarra.

Legez kanpoko prozesua

Abuztuaren hasieran hainbat GKEk dozenaka adingabeko migratzaile legez kanpo kaleratzea egotzi zioten Ceutako Gobernuari. Horrek Ceutako eta Espainiako gobernuak astindu zituen, eta bide eman zien alde bateko eta besteko kideen ika-mikei: Espainiako Barne Ministerioak eta Ceutako Gobernuak elkarri egotzi zioten ekintza horien erantzukizuna.

Deportazioak ikertu eta prozesua aztertu bitartean, migratzaileen kanporaketak geldituta egon dira bi aste hauetan. Ceutako Administrazio Auzitegiak asteartean jakinarazi zuen abuztuaren 16an kanporatu behar zituzten bederatzi adingaberen deportazioak bertan behera uztea erabaki zuela.

Hain zuzen, Ceutako Administrazio Auzitegiak ikertu du azken egunotan autonomia erkidegoko administrazioak hasitako kanporaketa prozesua. Astearteko ebazpenean adierazi zuen Vivasen Administrazioak legez kanpoko urratsak egin zituela: batetik, ez zuen Atzerritarrei Buruzko Legea bete, eta, bestetik, ez zituen Marokotik bakarrik joandako nerabe bakoitzaren kasuak banan-banan ikertu.

Horrez gain, epaileak adierazi zuen Ceutako Gobernuak ez ziela deportazioen berri eman ez adingabeei, ezta Fiskaltzari ere, eta gogorarazi zuen «funtsezko printzipioetako bat legeak beren osotasunean betetzea» dela, eta administrazio guztiek dutela betebehar hori, «salbuespenik gabe».

Ceutako Gobernuak birritan nabarmendu du 2007ko Marokoren eta Espainiaren arteko akordioan oinarritu zela Marokotik iritsitako adingabeak herrialdetik kanporatzeko; akordio horren gainetik dago, baina, Haurren Eskubideen Nazio Batuen Konbentzioa. Nazioarteko araudiak agintzen du inor kanporatu baino lehen bakarrik migratu duen adingabeko bakoitzaren kasua banan-banan ikertu behar dela.

Legez kanpoko kanporatzeek kritiken erdigunean jarri zuten Barne Ministerioa. Hala ere, gaur goizean Barne ministro Fernando Grande-Marlaskak beste behin berretsi du haren departamentuak ez duela eskumenik «kanporatzeei buruzko erabakirik hartzeko», eta adierazi du gobernuak ebazpen judizialei men egingo diela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.