palestina

Adio "zatiketa beltzari"

Palestinako batasun nazionalerako akordioa sinatu dute Al Fatak eta Hamasek, Egipton. Teknokratez osatutako koalizio gobernu bat egingo dute eta urtebete baino lehen hauteskundeak izango dira.

2011ko maiatzaren 4a
15:53
Entzun 00:00:0000:00:00

Al Fatak eta Hamasek Palestinako batasun nazionalerako akordioa sinatu dute gaur Egipton, Kairon, eta Mahmud Abbas Al Fatako buru eta Palestinako Aginte Nazionalerako presidenteak azpimarratu du itun horrekin "zatiketa beltzaren orria betiko pasatu" dutela. 

Akordioarekin lau urteko zatiketa politiko zein geografikoari bukaera eman diote Al Fatak eta Hamasek. Apirilaren 27an adostu zuten idatzia, eta Ualid al Auad Herriaren Alderdia ezkerreko taldeko arduradunak atzo jakinarazi zuen Palestinako 11 taldetako ordezkariek izenpetu dutela testua, tartean ordezkari independenteak eta Jihad Islamikokoak. 

Hamasen eta Al Fataren arteko zatiketa aspaldikoa da. 2006ko ekainean diputatu andana eskuratu zituen Hamasek, eta gobernua osatu zuen. Gerora, batasun nazionaleko gobernua eratu zuen Al Fatarekin. 2007an, baina, zatiketa etorri zen eta, horrekin batera, gerra zibila. Hamasek Gazaren kontrola eskuratu zuen, eta Al Fatak Zisjordaniarena. Orduz geroztik, gero eta handiagoa izan da bi alderdien arteko arrakala. Tartean, hala ere, gerturatzeko saioak egin dituzte, baina orain artean denak antzuak izan dira. 

Orain teknokratez osatutako koalizio gobernu bat osatzea eta urtebete baino lehen bozak egitea jaso dute dokumentuan. 

Israeli bakerako deia

Benjamin Netanyahu Israelgo Gobernuko lehen ministroari "bakearen eta okupazioen" artean hautatzeko eskatu dio Abbasek. Honen ustez, Israelgo "ihes" egiten dio bakea lortzeko aukerari.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.